Ikerketa Zientifikoaren Faseak: Behaketatik Kontrastaziora
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,07 KB
1. Fasea: Behaketa
Ikerketa zientifikoaren abiapuntua da. Lehenengo fase honen helburua azaldu nahi den fenomenoaren behaketa da. Helburu horrekin, gertakari problematikoari buruzko datuak jasotzea izango da lehenengo betebeharra. Gertakari problematikoak dira egungo teoriek azal ezin dituztenak edo egungo teorien kontra agertzen diren gertakariak.
Behaketa zientifikoa izateko baldintza batzuk bete behar dira:
- Behaketa ordenatu eta sistematikoa izan behar da.
- Datuak jaso eta analizatu beharko dira.
- Datuen arteko erlazioak ezarri beharko dira.
- Datuak kuantifikatu egin beharko dira.
Bestalde, bi motatako behaketa dago: laborategiko behaketa (biologoek egiten duten modukoa) eta behaketa naturala (antropologoek antzinako komunitate batean egiten dutena). Psikologoek biak erabiltzen dituzte: oroimena azter dezakete laborategian edo talde batean gizaki batek duen jokabidea.
Informazioa jaso ondoren, azaldu nahi den arazoa zehatz-mehatz planteatu behar da.
2. Fasea: Hipotesia
Behaketa egin ondoren, gertakariak azal ditzakeen hipotesia eraiki behar da. Hipotesia fenomenoa azaltzeko aurreratzen den proposizioa da, hau da, gertakari bat aurreikusteko baliozkoa da: A ematen bada B emango da.
Hipotesia suposizio bat besterik ez da edo behin-behineko azalpena. Ez da behagarria eta ez da datuetatik ateratzen den zerbait ere (hasierako enpirismoan pentsatu zuten bezalaxe). Datuak abiapuntutzat hartzen dira, baina datuak baino harantzago joan beharra dago hipotesia sortzeko. Bestalde, hipotesia printzipio arrazionala da (ekintza arrazional baten ondorioa) fenomenoa azaltzeko sortua izan dena.
Hipotesiek baldintza batzuk bete behar dituzte zientifikoak izateko:
- Fenomenoa azaltzeko baliozkoa izan behar da.
- Ondo eraikita egon behar da, hau da, kontraesan edo anbiguetaterik gabekoa. Hau da, koherentea izan behar da.
- Kontrastagarria izan behar da; zientzialariak egiaztatzeko edo faltsatzeko aukera izan behar du.
3. Fasea: Dedukzioa
Hurrengo urratsa hipotesitik nahitaez ateratzen diren ondorioak inferitzea izango da. Honekin zera esan nahi dugu: hipotesia fenomenoa azaltzeko baliozkoa izanez gero, aurreikuspen enpirikoak sortzeko aukera emango dio ikertzaileari. Hau da, hipotesiak bere inplikazioak izango ditu, inferitu ahal diren ondorioak eta gero kontrastatuak izan daitezkeenak.
Hirugarren fase honetan, beraz, hipotesia garatzen da, suposatzen dituen inplikazio guztiak ondorioztatuz.
4. Fasea: Kontrastazioa
Metodo esperimentalaren azken fasea da. Kontrastazioak hipotesiaren baliozkotasuna frogatzeko aukera ematen du. Aurreko fasean ateratako ondorio guztiak esperientzian kontrastatu behar dira.
Kontrastatzea hipotesitik ondorioztatutako aurreikuspenak errealitatean ematen diren ala ez analizatzea da. Bi gauza gerta daitezke:
- Hipotesian, maila teorikoan, esandakoa errealitatean gertatzen denaz konparatzean adostasuna egotea. Kasu honetan, hipotesia egiaztatu egiten da eta hipotesia lege zientifikotzat joko dugu.
- Hipotesian esandakoa errealitatean gertatutakoaz konparatzean adostasunik ez egotea. Kasu honetan, hipotesia baztertua izan beharko da eta berriro hasi beharra dago.
Hipotesia kontrastatzeko bi modu egon daitezke:
- Egiaztapena: Egiaztapen absoluturik egiteko aukerarik ez dago, izan ere, beti egon daiteke kasuren bat, zeinetan hipotesitik ateratako ondorioak betetzen ez diren. Hala ere, Carnapek behin-behineko egiaztapenaz nahikoa dela esaten du.
- Faltsazioa: Popperrek proposatutakoa. Autore honek Carnapek esandakoa ez du onartzen eta kritika bat egiten dio. Egiaztapena beharrean, faltsazioa onartzen du. Zientzialariak, hipotesia faltsua izanez gero, faltsua dela frogatzeko aukera izan behar du. Hipotesian esandakoa errealitatean gertatutakoaz bat ez datorrela egiaztatzeko aukera izan behar da eta horren ondorioz, faltsua dela esango da. Faltsatzen ez den neurrian baliozkoa izango da eta onartzekoa.