Ilustrazioa eta Kanten filosofia: ezagutza, etika eta askatasuna

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 19,43 KB

ILUSTRAZIOAREN EZAUGARRI NAGUSIAK

Ilustrazioan, gizakiak tutoretza tradizional, sozial, politiko eta erlijiosoetatik aldentzea lortzen du: gizakiak jaun eta jabe agertzen da naturan; zientziaren bidez bizitzako arazoak menperatu ahal ditu.

I. Baikortasuna arrazoiaren eredu berrian

Ilustraziora arte, arrazoia maila goren baten menpean zegoen, gizakiak mugaturik ikusten zuen bere burua. Orain gizakiaren arrazoiari autonomia ematen zaio, arrazoi autonomoa, arrazoia da gizakiaren gidari bakarra, kanpoko eta gorengo autoritatetik aske dagoena. Arrazoiak, beraz, gizasemeak behaketa zuzenetik zein hausnarketa pertsonaletatik analizatzeko, eztabaidatzeko eta ondorioak ateratzeko daukan ahalmena suposatzen du, izan ere, arrazoia kritikoa da. Enpirismoaren kritikaren ondoren eta zientziaren garapenari esker, ezagutza zientifikoa esperientziatik abiatzen da, arrazoi enpirikoan eta analitikoan datza.

II. Natura funtsezko iturri bezala eta gizakiaren jarduera nagusi bezala

Natura abiapuntu eta erreferentzia puntu garrantzitsua da ilustratuentzat. Zuzenbide naturala, erlijio naturala, moral naturala. Arrazoi ilustratuak bilatzen ditu arlo guztietan, naturaz gaindikoari kontrajartzeko eta arrazoiaren gaineko inposaketak gainditzeko.

Natura, kulturaren sekularizazio faktore bezala, kultura erlijiosoaren aurrean gauzak naturalagoak, humanoagoak dira, naturan dagoen harmoniaz konbentziturik daude, elizek eta apaizek autoritatea eta eragina galtzen dute.

Natura, erlijiosoa den ororen faktore deuseztatzaile bezala: natura fenomenoen portaera arautzen duten legeak dira. Ikerkuntza zientifikoek aurkituriko legeak direnez gero, munduaren eta gizakiaren garapena eta ordenamendua aurresan dezakegu. Ez da beharrezkoa Jainkoarengan pentsatzea etengabe fenomeno naturalak azaltzeko.

III. Aurrerakuntzaren ideia

XVIII. mendeaz geroztik, europar zibilizazioaren ezaugarri nagusietariko bat izan da. Aurrerapen zientifiko-teknikoek munduari buruzko ikuskera baikorra ematen diete ilustratuei. Aurrerakuntza, arrazionalizazio prozesu etengabeko bat bezala agertzen da. Beraz, aurrerakuntza giza-bizitzaren arlo guztietara hedatu izan behar dena da, kultura erlijiosotik askatzeko. Antzinako ikuskerak alde batera utziz, historia da gizakien etengabeko perfekziorantz, aurrerapenerantz, daraman bidea: hobekuntza prozesu batean daude murgildurik: gizadiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor daitezkeela uste dute.

IV. Tolerantzia erlijiosoa

Orain arte erlijioaren defentsa armen bidez egin bazen, garai honetan eredu berri bat agertzen da: tolerantzia. Erlijioaren analisi arrazionala egiten da, eduki dogmatikoak berraztertzen dira, erlijioaren elementu esentzialetara iritsi nahi da, eta horrela erlijio berri bat sortu, arrazoiarekin ados dagoena: erlijio naturala. Bi interpretazio ditu:

  • Deista: unibertsoaren sortzailea den Jainko batengan sinesten dute, zeinaz besterik ez baita ezagutzen. Jainko honek mundua bere lege amaigabe eta aldaezinetara abandonatu zuen.
  • Teista: Jainkoa sortzailea eta aurrikuslea da, hots, mundua kontrolatu eta gidatzen du, baita bertan bizi diren gizasemeak ere.

V. Askatasuna

Kantek sutsu aldezten du ilustrazioaren printzipio garrantzitsuenetako den askatasuna. Pentsamendu askea eta adierazpen askatasuna ezinbesteko baldintzak dira arrazoiaren erabilera publikoa ahalbidetzeko. Askatasunaren bidez, gizakiek burujabetasuna lortzen dute, baita adin nagusitasuna ere, eta mesedegarri da hori gizakiaren aurrerapenerako.

RAZIONALISMOAREN EZAUGARRI OROKORRAK

Zientzia matematikoen aurrerapenaren eraginez (zehaztasuna eta egia), arrazionalismoak esfortzua egiten du bere esparruan ere horrelako metodoa aplikatzeko. Arrazionalismoak subjektua eta objektua bereizten ditu.

Gainera, Descartesen hausnarketan arrazionalismoaren funtsa dago. Hona hemen ezaugarri nagusiak:

  • Giza arrazoimenean erabateko konfiantza: ezagutza-iturri garrantzitsuena da, esperientzia sentikorra engainagarria da, baliozko ezagutzak sor ditzakeen bakarra. Arrazoian, kontzeptu orokorrak daude esperientziatik sortuak ez direnak, Erdi Aroan, sentipenek sortzen dituzten ilusioei eta iruzurrei kontrajarri zitzaien.
  • Jatorrizko ideien existentzia, sortzetiko ideiak: Ezagutza a priorikoa da: adimenean jatorrizko izaera duten ideia horietatik abiatuta eta metodo deduktiboa erabiliz, zalantzarik gabeko egietara iritsiko da arrazoimena. Beraz, adimena ez da biltegi hutsa edo tabula rasa, jatorrizko ideien ezaugarri nagusia sinpletasuna baita eta hauek argiak eta bereiziak dira.
  • Izaera matematikoa duen metodoa: Matematika erabiltzen duen metodo axiomatiko deduktiboa bi helburu ditu arrazionalistentzat: akatsak saihestea eta zientzia guztiak eredu eta hizkuntza sinboliko bakarrean eramatea.
  • Gizakiaren ikuspegi dualista: Descartesek bereizitako hiru substantzien izaerak desberdinak izanik, gizakia bi alderdi autonomoz osatuta dago: Arima, nigandik bereizezina eta nire pentsatze kontzientea dena, gizakiaren benetako nia, eta gorputza, gizakiaren parte dena bizirik dirauen denboran eta bigarren mailako papera betetzen duena. Bi substantzia horien artean dagoen harremana oso txikia da.
  • Mekanizismoa: Errealitate fisiko guztia inolako helbururik ez duen tresna mekaniko baten moduan ulertzen da, unibertsoa kuantitatiboki azter eta deskriba daitekeen mekanismo erraldoi baten antzekoa.

ENPIRISMOAREN EZAUGARRI OROKORRAK

XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian bereziki garatu zen filosofia-korrontea izan zen. Enpirismoaren aitzindariak Oxfordeko eskolan aritu ziren eta Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak. Enpirismoaren ezaugarri garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Esperientzia, ezagutza iturria: adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den "arbel huts" bat da ("tabula rasa"). Beraz, jatorrizko ideiak (razionalistek onartzen zituztenak) ukatzen dituzte. Gure buruaren barruan dauden ideiak esperientziatik datoz guzti guztiak.
  • Esperientzia bera da adimenaren muga: giza ezagutza mugatua da, esperientzia da muga, hortik haratago joanez gero, probablea edo zalantzakorra denaren esparruan sartzen gara.
  • Metodo esperimentala: zientzia enpirikoak erabiltzen duen metodoa induktiboa da, esperientzian oinarritzen den metodoa.
  • Esperientzia ezagutza iturri bakarra: ezagutzaren iturria esperientzia da, gauzen pertzepzioa. Mundua ezagutzeko abiapuntua subjektu ezagutzailearen esperientzia da.
  • Arrazoia arrazoi kritikoa da: bere mugak eta posibilitateak aztertzen ditu eta eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira.

DATU BIOGRAFIKOAK ETA TESTUINGURU HISTORIKOA

Immanuel Kant Prusiako hiriburuan jaio zen 1724an, erdi-mailako burgesiako familia batean. Hiri horretan bizi izan zen eta bertan hil, 81 urterekin 1804an. Logikako eta Metafisikako ikasketak egin eta irakasle izan zen 40 urtez. Ilustrazio-garaiko ideia liberalak aldeztu zituen, eta balio moral eta erlijioso zorrotzak bereganatu pietismoaren eraginez. Helduaroan idatzi zituen bere obra nagusiak galdera bakar batean laburbil daitezkeenak: zer da gizakia?

  • Arrazoi hutsaren kritika. Zer ezagut dezaket?
  • Arrazoi praktikoaren kritika. Zer egin behar dut?
  • Judizioaren kritika. Zer itxaron dezaket?

XVIII. mendeko aldakuntza ekonomiko, soziopolitiko eta ideologikoek gaur egungo gizartearen oinarriak ezarri zituzten eta Antzinako Erregimen estamentalaren gainbehera eta burgesiaren gizarte-ordena klasista berria dira ezaugarri nagusiak mende honetan. Industria-gizarte modernora igarotzeko lehen urratsak eman ziren.

Nekazaritza izan zen gizartearen ondasun-iturri nagusia, baina ekoizpen-jarduera batzuk sortu edo indartu ziren nekazaritzari aurrea hartuz. Merkataritza ekonomia-jarduera nagusi bihurtu zen eta garraiobideak garatu ziren. Tamalez, etengabeko gatazka eta gerrek herrialdeak txirotu eta biztanleria bikoiztu egin zen. Horrela, 1789 urtean gizarte-klase txiroenak matxinatu ziren Frantziako Iraultzan.

Despotismo Ilustratua

Erregeek dei egin zieten filosofoei beren inguruan biltzeko, Ilustrazioaren zenbait ideia bereganatuz. Hala ere, botere zentralizatu eta sendoari eutsi eta molde berriko monarkia absolutuak sortu ziren. "Dena herriarentzat, baina herria gabe" leloarekin Despotismoak botere absolutua legitimatu zuen. Erregeek beren boterea justifikatzen zuten. Ilustratuak eta burgesak Estatuaz baliatzen ziren interesen aldeko erreformak egiteko.

KANT ETA ILUSTRAZIOA: SAPERE AUDE!

Kantek "Zer da Ilustrazioa?" galderari erantzuna artikuluan ilustrazioaren lematzat "Sapere Aude" jotzen du: hau da, ausart zaitez zure kabuz pentsatzera. Gizakiak adin-nagusitasuna lortuko du arrazoimenaz baliatuz, gidaritza arrotzekiko kateak apurtzeko kuraia biltzen duenean. Eta Ilustrazioa du bere eginkizun nagusia, arrazoimenaren autonomiak bideratuko duen gizaldiaren aurrerakuntza.

Horrek historian zehar gizakiari buruz asmatutako irudikeriekin amaitzea eskatzen du. Aurreiritzi, tradizio eta dogmak gure adimena galkotzen dute eta horien bidez adingabetasunaren esklabo eta morroi bihurtzen gara. Kantek errebelazioan oinarriturik dauden erlijioen eta beste edozein tutoreen aurre eginez, gizakiaren duintasuna aldarrikatu zuen: gizakia beti helburu dela dio Kantek, bitarteko bezala hartu ezin den izaki bakarra. Aurrerakuntzak sineskeria erlijioso eta gobernu irrazionaletatik askatzea eskatzen du. "Egia", erlijio eta arau sozial inposatuak kontzientzia askatasuna mugatzen dute. Arazoa ez da zenbait tradizioen ordezkapena, baizik eta gizakiarengan agintzen duten tutore arrotzak arrazoimenaren autonomiarekin ordezkatzea:

  • Erlijioaren aurka, deismoa edo ateismoa zabaltzen dira, moraltasuna gidatzeko egokiagoak ikusten direlako. Deismoak (erlijio arrazionalak) ez ditu erlijio errebelazioa, dogmak eta mirakuluak onartzen, ez eta jainko pertsonalik ere; erlijio guztietan komuna den munduaren sortzaile eta ordenatzailea edo printzipio arrazionala baizik.
  • Absolutismoaren aurka hitzarmenean oinarritzen den estatua, Errepublika, alegia, askatasun eta berdintasunaren ezaugarriak dituzten hiritarren nahimen orokorra adierazten duena eta ordezkaritza sistema eta botere banaketaren arabera antolaturik dagoena.

KANTEN PROIEKTU FILOSOFIKOA (Planteamendu orokorra)

Ilustrazioak proposaturiko arrazoiaren gaineko kritika osoki betetzen du Kanten filosofiak. Kanten hiru obra nagusietan, Arrazoi Hutsaren Kritika, Arrazoi Praktikoaren Kritika eta Judizioaren Kritika, helburua arrazoia bera epaitzea da, arrazoiak berak bere ahalmena eta mugak ezagut ditzan. Kanten hitzetan, arrazoiaren epaiketa kritikoan, arrazoia bera da epailea eta epaitua, zeren ez baitago eginkizun hori bete dezakeen beste gaitasunik, ezta beste aginpiderik ere. Arrazoiaren autonomia aldarrikatzen da, gizakiak ausartu egin behar du bere kabuz pentsatzera, arrazoiak tutore arrotzetatik aske egon behar du. Arrazoiaren autonomia hori lortzeko, gure burua ezagutu behar dugu, hau da, zertan datzan gizaki izatea. Gizakia zer den jakiteko hiru galdera erantzun behar dira:

  • Zer ezagutu dezakegu? Ezagutzaren gaia. Arrazoi Hutsaren Kritika izeneko lanean tratatzen du.
  • Zer egin behar dut? Etikaren gaia. Arrazoi Praktikoaren Kritika izeneko lanean lantzen du.
  • Zer espero dezaket? Estetikaren edo artearen gaia. Judizioaren Kritika izeneko lanean tratatua.

Kanten ustez, ordurarteko ezagutzari buruzko Enpirismo eta Arrazionalismo korronteen arteko antagonismoak agertzen du arrazoiaren kritika egiteko premia. Arazoaren konponbidea Arrazoia eta esperientzian elkarlotzetik etorriko da, Kanten ustez.

1. Zer ezagut dezaket?

"Arrazoi Hutsaren Kritika" obran, Kantek, gure ezagutzeko ahalmenaren epaiketa kritikoa egin nahi du. Hemen zientzia posible egiten duten baldintzez aritzen da.

Zientziak aurrera egiten du A priorizko judizio sintetikoak egiten dituelako: informazio berria eskaintzen dute eta unibertsalak eta ezinbestekoak dira. Edozein objektu ezagutzeko, objektu horrek zentzumenetara bidaltzen dizkigun sentsazioak jaso behar ditugu, beti ere sentsazio horiek esperientziarekin zerikusirik ez dutelarik. Beraz, guk ez ditugu gauzak diren bezala ezagutzen, noumenoa, baizik eta garen bezala, fenomenoa; subjektuak objektua eraikitzen du (Idealismo), a priorizko forma (transzendentala) eta kategoriak ezarriz. Hain zuzen ere, Idealismo transzendentala esaten diogu Kant-en filosofiari.

2. Zer egin behar dut?

"Arrazoi praktikoaren kritika" idatzi zuen. Kanten ustez, gizaki guztiok dugu arrazoimena, eta hor bilatu behar da guztientzako balio duen moral unibertsala.

Kanten aurreko etikak materialak ziren, eduki jakin bat daukatenak. Kanten etika formala da, ez du edukirik, ez digu zer egin behar dugun esaten -a priorikoa da-; ez du helbururik edo baldintzarik -kategorikoa, autonomoa da-. Kantentzat, subjektuak berak bideratu behar du bere ekintza, bere arrazoia kanpoko ezeren mende ezarri gabe. Lege morala arrazoiaren autonomiatik sortu behar du: "Joka ezazu ekintzara bultzatzen zaituen printzipioa, lege orokor bihur dadin nahi bazenu bezala".

3. Zer espero behar dut?

Galdera honi erlijioaren bidez erantzuten dio, erlijioa agnostikotik edo erlijio naturaletik interpretatuz. Askatasuna, arimaren hilezkortasuna edota Jainkoa ezin dira ezagutu, horiek ez baitira gure esperientziaren objektuak. Hauek lege moralak baldintzatzen dituzte. Ondo jokatu duenak saria merezi duen bezala, gaizki jokatu duenak zigorra; hortaz, jainko baten beharrean gaude, baina ez dugu jainko errebelatu batengan sinesten, ez baita ikusgarria, hortaz erlijio naturalaren alde jartzen gara.

Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua

Kant arrazoiaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da bere idazlan batzuetan, eta «Zer da Ilustrazioa?» galderari erantzuna eta Filosofiaren Historia dira horren adibideak. Filosofia kantiarraren arabera, arrazoiaren erabilera publikoak askea izan behar du beti; erabilera pribatua, aldiz, mugatu egin behar da sarritan.

Arrazoimenaren erabilera publikoa, Kanten iritzian, aditu den norbaitek irakurleriaren publikoaren aurrean egiten duena da; erabilera pribatua, aldiz, hari dagokion funtzionario-postu edo kargu jakin batean zilegi zaiona.

Hau guztia argitzeko, hiru adibide aipatzen ditu: armadako ofiziala, herrikidea eta apaiza. Labur azalduko ditugu.

  • Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (erabilera pribatua). Hala ere, aditu den aldetik, ozen argudia dezake agindu horren helburu edo onuraz. Iruzkinak egin ditzake soldaduskaren akatsez buruz, bere publikoaren aurrean, azken horrek epai dezan (arrazoimenaren erabilera publikoa).
  • Herrikideak ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Nolanahi ere, herrikide horrek berak ez dio bere betebeharrari huts egingo, aditu bezala, zerga horien bidegabekeria edo desegokitasunari buruzko bere gogoetak argitaratzen baditu (arrazoimenaren erabilera publikoa).
  • Apaizak bete egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa, eta irakasteari ekin behar dio sinesbidearen arabera, ikasle nahiz elizkideen artean, baldintza horren pean onartu duelako (erabilera pribatua). Dena dela, aditu bezala, askatasun osoa du, baita eginkizuna ere, arduraz ikertutako eta asmo oneko bere ideiak sinesbide haren akatsez publikoari ezagutarazteko, edo erlijioa eta eliza hobetzeko bere proposamenak aurkezteko (erabilera publikoa).

Arauak edo legeak bete ezean, armada, gizartea edo apaizgoa uztea da duten aukera bakarra. Arrazoiaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik, Kanten ustez.

Hala eta guztiz ere, Kanten iritzian, arrazoiaren erabilera pribatuaren askatasunik ezak ez du Ilustrazioa galarazten, informazioa emateko, pentsatzeko eta publikoaren aurrean ideiak adierazteko askatasuna baldin badago betiere.

ARRAZIONALISMOA ETA ENPIRISMOA KANTENGAN

Kanten filosofiaren alkantzua iraultza Kopernikarrarekin konparatu izan da maiz. Izan ere, ordura arte ohiko zen arrazionalismo eta enpirismoaren planteamenduarekin alderatuz, oso iraultzailea izan zen idealismo traszendentala deritzon planteamendua, aurkakoak ziruditen bi joera horien sintesia baita. Arrazionalismoaren arabera, ezagutza a priori eratzen da eta esperientziak ezagutza partikularra eskaintzen duenez, ezinezkoa da ezagutza zientifikoa bertatik eskuratzea, subjektuak edukiak edo sortzetiko ideiak bere baitan dituelako. Enpirismoak, ostera, ezagutzaren oinarria esperientzian dagoela baleztatzen du, eta hortaz, a posteriori eratzen da, ez baitu sortzetiko ideiarik onartzen.

Kantek ezagutza guztien abiapuntua esperientzian ezartzen zuen, enpirismoa onartuz, ez dira a priorizkoak, esperientziarekin hasten baitira, baina ez dira esperientziatik eratortzen direnak. Arrazionalismoarekin bat zetorren adimenean eduki unibertsalak daudela onartzean, esperientziaren aurrekoak, baina esperientzian aplikatzean dira baliozko bakarrik. Horrela izanik, 'noumenoa', bere baitango objektua, eta 'fenomenoa', ezagutzarena edo subjektuaren eta objektuaren sintesia, ezberdindu zituen Kantek. Sintesi horretan oinarrituz, guk fenomenoa bakarrik ezagutu dezakegu.

Esan beharra dago metafisikaren gaineko ezagutzarik lortzea ezinezkoa dela filosofia kantiarra jarraituz, ez baitu esperientziaren objeturik eta horregatik, metafisikarenak, errealitate noumenikoak dira.

KANT ETA ILUSTRAZIOA 'Caesar non est supra gramaticos'

Kantek bere etika "Arrazoi praktikoaren kritika"-n azaltzen du, ezagutza teorikoa eta praktikoa desberdinduz. Teorikoaren bidez, izana ezagutzen dugu eta mugatua da ('noumenoa' ezin dezakegu ezagutu) eta praktikoak nola jardun behar dugun azaltzen digu. Filosofoak zioenez, ukaezina da kontzientzia moralaren existentzia, gizakiak bere ekintzak esperientziaren gidari diren eredu idealen arabera neurtzen baititu, kontzientzia honen ardatza eginbeharra izanik.

Arrazoi hutsaren legeak hertsitzaileak diren bitartean, arrazoi praktikoarenak eginbeharra adierazten dute. Kantek inperatibo hitzarekin izendatu zituen a priorizko agindu kategoriko eta autonomoen bitartez adierazia.

Hala izanik, subjektuak berak bideratu behar du ekintza, kanpoko ezeren menpe egon gabe, aginpide moralik ezin baita inposatu agindu moralak ezartzeko.

'Caesar non est supra gramaticos' esaldiarekin, Kantek Erromako enperadorearen eskumenak zehazten ditu, erabaki politiko eta ekonomikoetara mugatuz, horrela, gizabanakoak bere buruari ezarri behar diola agindu morala azalduz, inolako inposiziorik gabe. Hortaz, Kanten ustez, etikaren oinarria askatasunean dago, arrazoimenak bere buruari legeak ezartzeko duen gaitasunean, moraltasuna eta legetasuna bereiztuz. Inperatibo kategorikoen formulazioak bi oinarri sendo ditu: bakoitzaren ekintzak jokabide eredu unibertsaltzat hartuak izateko moduan jokatu behar dugu, eta gizakia helburu gisa hartu behar da, inolako instrumentalizaziorik egin gabe. Azkenik, arrazoi hutsaren ideiak, hots, Jainkoa, arima eta askatasuna, arrazoi praktikoaren postulatu bihurtzen dira, inperatibo kategorikoaren postulatuak, ez baitago hori buruzko ezagutza posiblerik, baina bai fede arrazionala.

Entradas relacionadas: