Industria Iraultzaren Jatorria eta Faktoreak
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,37 KB
Industria Iraultzaren Jatorriak
Industria Iraultza XIX. mendeko aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialen prozesu luzea da.
Protoindustrializazioa eta Ekoizpen Sistemak
XVIII. mendeko Europan, aberastasunaren zatirik handiena lurretik zetorren. Landa-eremuetan nekazaritza krisi ugari izaten ziren, eta hirietan, eskulangintza oso mugatuta zegoen. Baina ez zen gizarte geldia. Zenbait lekutan aldaketa ekonomikoak nabaritzen hasi ziren; aldaketa horiek iragartzen zuten Industria Iraultza.
Aldaketa horietako bat nekazaritza-munduko etxeko industria zen. Ekoizpen mota horri protoindustrializazio deritzo.
Lan autonomoa egiten zen lehen faseari Domestic System deitzen zaio, eta horren ondorengoa Putting Out System da.
Domestic System lan-sisteman, nekazariek eskulanak egiten zituzten beren tresnekin etxean, eta gertuko merkatuetan saltzen zituzten beren manufakturak.
Putting Out System lan-sistemarekin, salerosleak ekoizpen-prozesua kontrolatzen hasi ziren, benetako enpresari txiki bihurtuta.
Denboraren poderioz eta jarduerak hedatzearen ondorioz, zenbait enpresari Factory System sistemara pasa ziren. Hau da, kapitala, langileak, lehengaiak eta tresnak espazio berean pilatu zituzten. Hirietako lantegi askoren jatorria hori izan zen.
Zergatik Britainia Handian? Faktoreak
Industrializazioaren prozesua Britainia Handian gertatu izana hainbat faktoreren ondorio da:
- XVIII. mendean Britainia Handiak inperio kolonial handia kontrolatzen zuen. Haien mende zeuden itsas bide nagusiak, eta haiek kontrolatzen zuten lehengaiak inportatzeko merkatua. Kanpo-merkataritzan lortutako irabaziek nahikoa kapital eman zieten industrian inbertitzeko eta finantza sektorea sortzeko.
- Kanpo-merkataritza hedatzea ondo errotutako barne-merkataritzaren gorakadarekin lotuta zegoen.
- Monarkia Parlamentarioak testuinguru politiko egonkorra bermatzen zuen. Parlamentuaren legeriak jabetza-eskubideak bermatzen zituen, merkataritza-askatasuna bultzatzen zuen eta harreman kapitalistak hedatzea sustatzen zuen.
- Berrikuntzarako espiritua faktore kulturala bezain zientifikoa zen. Hobekuntzen eraginez, ekoizpen eredua aldatuz joan zen, eta makinek pertsonak ordezkatu zituzten.