Islapena eta Errefrakzioa: Oinarriak eta Legeak

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,68 KB

Islapena eta Errefrakzioa

Islapena eta errefrakzioa uhina ingurune berri batera iristen denean gertatzen dira. Fenomeno hauek uhin batek bi ingurune bereizten dituen gainazalari erasotzen dionean sortzen dira. Adibidez, airetik doan argi izpi bat uretara iristean gertatzen dira.

Islapena

Uhin batek bi ingurune ezberdin bereizten dituen gainazal batekin talka egiten duenean eta jatorrizko ingurunean zehar aurrera eginez itzultzen denean gertatzen da islapena.

Islapenaren Legeak

  • Izpi erasotzailea, islatua eta normala plano berean daude.
  • Izpi erasotzaileak eta normalak osatzen duten angelua, eraso-angelua, eta izpi islatuak eta normalak osatzen dutena, islapen-angelua, berdinak dira.

Errefrakzioa

Errefrakzioa gertatzen da uhinak bigarren ingurunean zehar aurrera jotzen duenean, energiaren parte bat eramanez eta hedapen-norabidea aldatuz.

Uhinaren Propietateen Aldaketa

Ingurunez aldatzean, uhinaren propietate batzuk aldatu egiten dira. Uhinaren maiztasuna ez da ingurunearen arabera aldatzen, bai ordea uhin-luzera. Horrekin ondorioztatzen dugu uhinaren abiadura ingurunearen arabera aldatzen dela. Hau formula honekin adierazten da: v = λ · f

Errefrakzioaren Legeak (Snell-en Legea)

  • Izpi erasotzailea, errefraktatua eta normala plano berean daude.
  • Eraso-angeluaren (e) sinuaren eta errefrakzio-angeluaren (r) sinuaren arteko erlazioa, bi inguruneetan uhinak duen hedapen-abiaduren arteko erlazioaren berdina da.

Hau guztia Snell-en legean laburbildu daiteke:

sin e / sin r = v₁ / v₂

Islapena eta Errefrakzioa Batera

Oro har, bi ingurune bereizteko gainazalean, uhinetako batzuk islatu egiten dira eta beste batzuk errefraktatu egiten dira.

Errefrakzio-indizea (n)

Errefrakzio-indizea (n) ingurune bakoitzaren (airea, ura, beira...) ezaugarri garrantzitsua da.

Ingurune baten errefrakzio-indizea argiak hutsean duen abiaduraren (c) eta ingurune horretan duen hedapen-abiaduraren (v) arteko erlazioa da:

n = c / v

Islapen Osoa

Izpi batek errefrakzio-indize txikiagoa duen ingurune batekin talka egiten duenean, errefraktatutako izpia normaletik urruntzen dela egiaztatu daiteke.

  • Eraso-angelua handiagotuz, errefrakzio-angelua ere handiagotu egiten da, eta une batean ez dago errefraktatutako izpirik. Hau da, islapen osoa gertatzen da (errefrakzio-angelua 90º da).
  • Fenomeno hau gertatzen den angeluari muga-angelua (L) deritzo. Muga-angelua baino eraso-angelu handiagoetarako gertatzen da islapen osoa.

Entradas relacionadas: