Joan Mari Lekuona eta Bitoriano Gandiaga: Bi poetak

Clasificado en Religión

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,53 KB

Hegoaldeko beste bi

Joan Mari Lekuona, gipuzkoarra, eta Bitoriano Gandiaga, bizkaitarra, ditugu kasu honetan. Ezaugarri batzuk komunean dituzte: adin bertsukoak dira, gerra mutikotan bizi izan dira, gerra amaitu bezain laster seminariora joan ziren, gerraosteko latzean poesia erdi-ezkutuan landu zuten, eta urte askoan elizgizon, irakasle eta euskaltzale gisa aritu ziren.

Joan Mari Lekuona (1927–2005)

Joan Mari Lekuona Oiartzunen jaio zen 1927an, eta han hil zen 2005ean. Manuel Lekuona, idazle eta ikertzailearen iloba, zen, eta berarengandik jaso zuen poesiarako grina.

1973an, Muga beroak izeneko poema-bilduma argitaratu zuen. Bildumak hiru zati ondo bereizitako ditu:

  • Zazpi poema — gaztaroko poemen hautaketa.
  • Mindura gaur — 1966 aldera sortua; gizartearen bidegabekerien erantzuna.
  • Hondarrean idatzia — 1972an bere poesiari norabide berria ematen diona, gizonaren eta oinarrizko materiaren lokarriaren bila.

Bigarren liburua zazpi urte geroago plazaratu zuen: Ilargiaren eskolan (1979). Hemen ere bi zati daude:

  • Oihu ilunak espiralean — materia bereganatzeko beste saiakera bat, oraingoan gorputz-atalen misterioak argitu nahian.
  • Liburuen karroxa — liburu batzuei buruzko kritika bitxia, bertsotan.

Azkeneko obran, Mimodramak eta ikonoak (1990), gure jatorrizko oinarri eta sustraiak ezagutu nahian ari da.

Bitoriano Gandiaga (1928–2001)

Bitoriano Gandiaga, jaiotzez Mendatakoa (Bizkaia), izan arren, ia bizitza osoa Arantzazun eta inguruetan pasatu zuen ikasle, apaiz eta irakasle lanetan. Bazter haietako zoko guztiak gutxik bezain sakon arakatu zituen.

Lurrarekin zeukan loturak sorrarazi zion lehen poema-liburua: Elorri (1962). Bigarren lana 1974an argitaratu zuen: Hiru gizon bakarka, Euskal Herriaren egoera korapilatsua adierazten duena.

Handik gutxira, trantsizio garaian, Uda batez Madrilen (1977) kaleratu zuen. Arantzazuko bakardadetik hiri handira joateak sorrarazten dizkion sentimenduak azaltzen ditu.

Azken liburuak Denbora galdu alde (1985) eta Gabon dut anuntzio (1986) dira. Lehenengoan estalki guztia erantzi eta bere oinaze eta sufrikarioak erakusten dizkigu; bigarrenean, aldiz, eguberrien bestelako ikuspegia ematen du, gabon-kanta modernoen bidez.

Gandiaga hil ondoren ere kaleratu dira hainbat testu; esaterako, Adio (2004).

Entradas relacionadas: