Joanes Leizarraga: Euskal Literaturaren Aitzindaria eta Testamentu Berriaren Itzultzailea
Clasificado en Religión
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,9 KB
Joanes Leizarraga: Itzulpenaren Maisua eta Euskal Literaturaren Aitzindaria
Joanes Leizarraga (1506-1601) euskal idazle eta itzultzaile garrantzitsua izan zen, bere lana sorkuntzara baino gehiago itzulpenera mugatu bazen ere. Haren ekarpen nagusia Testamentu Berria euskarara itzultzea izan zen, euskal literaturaren historian mugarri garrantzitsua ezarriz.
Testuinguru Historikoa
Erreforma eta Martin Lutero
XVI. mendean Europa osoan garatu zen gatazka erlijioso handia izan zen Erreforma. Martin Lutero alemaniarra (1483-1546) izan zen iraultza erlijioso honen bultzatzaile nagusia. Haren ekarpen nagusiak honako hauek izan ziren:
- 1517an bere tesi nagusiak azaldu zituen.
- 1521ean Testamentu Berria alemanera itzuli zuen.
- 1534an Testamentu Zaharra alemanera itzuli zuen.
Luterok alemaniar hizkuntza idatziaren zimenduak ezarri zituen, eta bere ideologiaren arabera, protestantismoaren oinarriak finkatu zituen. Haren helburua Biblia norbanako bakoitzari helaraztea zen, eta horretarako elizaren antolamendu hierarkikoa ez zela beharrezkoa aldarrikatu zuen. Jendea zuzenean Jainkoarekin elkarrizketak izatera bultzatu nahi zuen. Horretarako, ezinbestekoa zen Biblia hizkuntza anitzetara itzultzea, jende arruntak Jainkoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan zezan (latina jakin ezean, garai hartan goi-mailako jendeak bakarrik baitzekien).
Beraz, erlijio zuzena babesten zuen Luterok, elizaren eta kristautasunaren arteko gatazka sortuz. Inprentaren asmakuntzak protestantismoa lagundu zuen, Bibliaren zabalkundea aurrera eramateko ezinbestekoa izan baitzen. Gainera, alfabetizazioari eta irakurketari garrantzi handia eman zitzaien. Izan ere, Biblia ahalik eta gehien zabaldu nahi bazuten, herritarrei irakurtzen irakatsi beharko litzaieke.
Gizabanakoaren kontzientziaren askapena bilatzen zuten. Luteroren iritziz, guztiok bekatariak gara jaiotzen garenetik, eta salbazioa nahi izanez gero, Jainkoarekin harremanetan jarri behar gara. Protestantismoaren aurretik, salbazio kolektiboa zen bide bakarra, hau da, apaiza eta herritarren artekoa.
Kalbinismoa eta Joana Albretekoa
Kalbinismoa Luterok abiatutako bidea jarraitu zuen mugimendu erlijiosoa izan zen, Joan Kalbinok (Calvin) bultzatua. 1534an, Parisetik ihesi zihoala, Nafarroako gortean ezkutatu zen, eta Margarita Angulemakoak (Joana Albretekoaren ama) babesa eman zion.
1559an, Joana Albretekoa Nafarroa eta Biarnoko erregina bihurtu zenean, bere erresuma kalbinista/protestante bihurtu zuen. Egitasmo bati ekin zion hori gauzatzeko, eta egitasmo horren barruan Leizarragari Testamentu Berria euskaratzeko eskatu zion.
Zertzelada Biografikoak
Joanes Leizarraga 1506an Beskoitzen jaio zen (bere obran bertan sortua zela adierazten du), eta 1601ean hil zen Nafarroa Behereko Bastidan. 1567an, Joana Albretekoak Eliza Berriko ministro izendatu zuen.
Obra Nagusia
Itzulpen Agindua eta Lan Nagusiak
1563ko martxoaren 4an, Paueko sinodoak (protestantismoaren batzarrak) erlijio erreformatuaren testu fundatzaileak euskarara itzultzeko agindua eman zuen. Leizarragak ez zuen Testamentu Berria soilik itzuli, guztira hiru lan argitaratu zituen:
- Kalandrea
- ABC: Kristinoen Instrukzioa
- Jesukrist Gure Jaunaren Testamentu Berria
- Katixima
- Konfesionea
- Otoitza Eklesiastikoen Forma
Bestalde, Katixima eta Konfesionea, nahiz eta izaera autonomoa izan, Testamentu Berriaren itzulpenaren barruan argitaratu ziren.
Lan Prozesua eta Zailtasunak
Itzulpen lan handia izan zen. Lana aurrera eramateko laguntzaile talde bat izan zuen: Joanes Etxeberri (L), Pierres Landetxeberri (Z), Sanz Tartas (Z) eta Tardets (Z). Hala ere, aditu batzuen ustetan ez ziren laguntzaileak izan, zuzentzaile baizik.
Zortzi urteko lana izan zen. Salaberriren arabera (2014), lehenengo 14 hilabeteetan itzuli zuen, eta gainerako urteak zuzentzen eta inprimaketa lanak prestatzen eman zituen.
Leizarragaren lanak, ordea, ez zuen zorte handirik izan, Joana Albretekoa 1572an hil zelako, eta bera baitzen protestantismoaren babesle nagusia. Hura hiltzearekin batera, protestantismoa beherantz joan zen. Joanaren seme Henrike III.a Nafarroakoa (gero Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zena) katolizismoa ezarri zuen.
Joana Albretekoaren Babesa
Liburuaren edizioan argi nabari da Joana Albreteko erreginaren babesa izan zuela Leizarragak:
- Armarria Testamentu Berria lanean bakarrik agertzen da, beste bi lanek ez. Pentsa daiteke beste bi lan horiek Leizarragak berak nahi zuelako egin zituela.
- Oso edizio landua zen.
Testamentu Berria
Itzulpen lan bat den aldetik, Euskal Literaturaren barruan sartu behar dugu?
Jatorrizko Testuak
Leizarragak hainbat jatorrizko testu erabili zituen bere itzulpena egiteko:
- Latinezko Biblia.
- Bibliaren frantsesera egindako itzulpena: Olivetan. Honetaz baliatu zela frogatuta dago, egitura bera delako.
- Grezierako Biblia (baina Salaberrik aukera hau baztertu zuen).
Lanaren Egitura eta Ekarpena
Leizarragaren lanaren egiturari dagokionez, zati batzuk itzulpen soilak dira. Guri besteak interesatzen zaizkigu, berak sortuak direnak:
- Eskaintza Nafarroako erreginari: frantsesez eta euskaraz, 'Heuscalduney' izenburupean.
- Itzulpen batzuk.
- Zuberoako herrian usantzetan ez diren hitz batzuk hango antzera itzuliak: Zuberoako hiztunei Testamentu Berria ulertzeko eginiko hiztegi bat.
Bere itzulpen lan horiek argitaratu ziren lehen euskarazko prosazko lanak izan ziren. Gainera, frogatuta dago Leizarragak ez zuela Lazarragaren lana ezagutu.