Julio Zesarren Biografia: Jatorria eta Lehen Urteak
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,13 KB
Julio Zesarren Jatorria eta Familia
Julio Zesar Erromako familia ospetsu batean jaio zen, Julia izenekoan, hain zuzen ere. Legendaren arabera, familia hori Venus jainkosaren ondorengoa zen. Izan ere, Venus Eneas printze troiarraren ama zen. Eneas, Romulo eta Remoren aitona izateaz gain, Julio familia sortu zuen, eta baita izena bera eman ere.
Familiaren Egoera
Familiaren noblezia zalantzarik gabekoa bazen ere, Julio Zesartarrak ez ziren bereziki dirudunak, Erromako aristokraziaren irizpideetarako behintzat. Hori dela eta, azken garaian haren familiako inork ez zuen lehen mailako posturik lortu. Zesarren aitaren belaunaldian, berriz, familiaren aberastasuna suspertu zen, eta K.a. 85ean pretor kargua lortu zuen.
Zesarren Familia Hurbila
Aita-semeek izen bera zeukaten, Gaio Julio Zesar. Zesarren amak Aurelia Kota zuen izena. Haren arreba zaharrena, Julia Zesaris, Oktavio Augustoren amona izan zen. Haren izeba, Julia Zesaris izenekoa ere, Gaio Mario jeneral handiarekin ezkondu zen. Mario garaiko gizon boteretsuenetako bat bilakatu ahala, haren familia indarra eta ospea berreskuratzen hasi zen.
Marioren Eragina eta Gerra Zibila
Marioren azken urteetan, Erromako politika bueltarik gabeko punturaino iritsi zen. Bi taldetan banatzen ziren politikariak: alde batetik, Marioren Populares izenekoan, eta bigarrenetik, Optimates delakoan, zeinek Sila zeukan nagusitzat. Zesar lehenengoarekin zegoen lotua. Marioren iloba ez ezik, Luzio Kornelio Zinaren alabaren senarra ere bazen. Zina Marioren laguntzailea eta Silaren etsai porrokatua zen.
Bi talderen arteko ika-mikek Gerra Zibila eragin zuten. Optimates-en garaipenak diktaturaren ateak zabaldu zizkion Silari, zeinek beste taldearen kontrako politika hasi zuen. Nolanahi ere, Zesarri bizitza barkatu zion.
Zesarren Ihesa eta Itzulera
Zesarrek, hala ere, Erromatik ekialderantz egin zuen alde. Hor kanpaina militar askotan hartu zuen parte, eta Miletoko setioan erakutsitako ausardiari esker, corona civica (harizko koroa) jaso zuen. Oso ohore handia izan zen hori, gutxitan agintean ez zegoenari ematen baitzitzaion.
K. a. 78an, Sila hilik, Erromara bueltatu zen. Hor, ospe handiko abokatu bilakatu zen, gobernari ohien kontrako jazarpen gogorragatik. Erretorika sakonki ikasteko nahian, Apolonio Moloren eskolara bidaiatu zuen K. a. 75ean.
Piraten Bahiketa
Hara zihoazela, piratek bahitu zuten. Plutarkoren arabera, erreskatea 20 talentokoa zela entzunda, barrezka hasi zen Zesar. Gutxienez 50 talento balio zuela erantzun zien. Erreskatea ordainduta, itsasontzi batzuk bildu zituen eta piraten kontra jo zuen Zesarrek.