Justiziaren Ikuskerak: Tradizio Sozialista eta Ekitatea

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 3 KB

Justiziaren kontzeptua historian zehar nola garatu den aztertuko dugu, bi ikuspegi nagusitan zentratuz: tradizio sozialistan eta ekitatearen printzipioan, John Rawlsen teorian oinarrituta.

Justizia Tradizio Sozialistan

Tradizio sozialistak justizia sozialaren inguruko ikuspegi kritikoak eta eraldatzaileak proposatu ditu, gizarte bidezkoago bat lortzeko helburuarekin.

Sozialismo Utopikoa

XX. mendearen lehen erdian, justizia sozialari buruzko lehen ikuskerak sortu ziren, langile-mugimenduak orduko lan-baldintza kaskarren kontra egindako borrokekin lotuta. Besteak beste, sozialismo utopiko deritzonaren pentsalariak sistema politikoa eta ekonomikoa erabat eraldatzeko proposamenak lantzeari lotu zitzaizkien, gizarte bidezkoago bat lortu nahian. Haien ikuskeren artean zeuden:

  • Lan-baldintza duineko enplegua
  • Hezkuntza jasotzeko aukera
  • Mediku-laguntza jasotzeko aukera

Utopikoa deitzen zieten, modu gutxiesgarrian, haien ametsak lortu ezinak zirelakoan.

Marxismoa

Karl Marxek eta Friedrich Engelsek proposatutako justiziaren ikuskera hau zen: langile-klaseak denbora batez instituzio burgesak bereganatu zitzala, eta hura baliatu zezala estatua beharrezkoa izango ez zen gizarte berri baterantz aurrera egiteko. Pentsamolde honen bi kontzeptu nagusi hauek dira:

Ideologia

Beti izan da gizarte-klase bat nagusi, eta unean unekoak beti lortu izan du klase menderatua esplotatzea, gezurrezko ideiak hedatuz jendea engainatuz. Horrela, klase menderatuan etsipena eta konformismoa eraginez, injustiziaren aurka matxinatzeko aukera oro desaktibatzen zen. Ideia horiek erlijioan izan dute jatorria, baina baita kulturan ere.

Alienazioa

Langilea alienatuta dago, errealitatetik urruntuta. Bere nagusiak berak egiten duen lanaren parte bat kentzen diolako. Horregatik, langilearentzat lana berekin zerikusirik ez duen zerbait bihurtzen da, zama astun eta gorrotagarri bat.

Justizia Ekitate Gisa: John Rawlsen Teoria

John Rawlsen justiziaren teoria, gizartean zer leku izango duten jakin gabe pertsona arrazional eta askeek elkar hartuta zer printzipio hitzartuko lituzketen aztertzean oinarritzen da. Gizartean norberak zer leku izango duen ez jakite horri ezjakintasun-estalkia deitu zion. Egoera horretan, ziur asko bi printzipio hauek adostuko lirateke (lehenengoak lehentasuna du):

  1. Pertsona guztiek eskubide bera dute oinarrizko askatasunek ahalik eta hedadura handiena hartzen duten sistema baten kide izateko.
  2. Desberdintasun ekonomiko eta sozialak bi baldintza hauen arabera antolatu behar dira:
    • Aukera-berdintasuna bermatu behar da.
    • Abantaila gutxien dituztenen onurarik handienerako izan behar dute.

Esperimentu horretan, jendeak ahalik eta oinarrizko eskubide eta askatasun gehien ziurtatzen ditu, eta loteria natural eta sozialaren emaitzak zuzentzen ditu. Horregatik, arrazoizkoa deritzo estatuak denok sortutako aberastasunaren parte bat birbanatzeaz arduratzea.

Entradas relacionadas: