Kanpo-Prozesu Geologikoak: Meteorizazioa, Higadura eta Diagenesia

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,64 KB

Kanpo-Prozesu Geologikoak

Kanpo-dinamika geologikoa kanpo-agente geologikoek egiten dituzten funtsezko lau prozesutan oinarritzen da: meteorizazioa, higadura, garraioa eta sedimentazioa. Prozesu horiek gertatzen diren Lurraren gainazaleko guneei ingurune sedimentario esaten zaie.

1. Meteorizazioa

Prozesu honetan, Lurraren gainazalean kanpo-agenteen eraginpean dauden arrokak eraldatu egiten dira dauden tokian bertan, eta material ahulagoak bilakatzen dira. Konposizio-aldaketak eta fragmentazio-mailaren aldaketak eragin ditzake meteorizazioak.

Hiru meteorizazio mota daude:

  • Fisikoa
  • Kimikoa
  • Biologikoa

Meteorizazio Fisikoa

Tenperatura-aldaketek edo beste faktore batzuek arroka zati txikiagoetan puskatzea eragiten dute, baina arrokaren ezaugarriak aldatu gabe. Adibidez:

  • Gelifrakzioa: Arrokatan pilatutako ura izoztearen eta urtzearen ondorioz gertatua.
  • Haloklastismoa: Uretan disolbatutako gatzen kristalizazioak eragina.
  • Termoklastismoa: Bat-bateko tenperatura-aldaketek eragina.

Meteorizazio Kimikoa

Mineralak aldatzen dituzten erreakzio kimikoak gertatzen dira jatorrizko arrokan, eta, horren ondorioz, erresistentzia txikiagoko mineralak sortzen dira. Adibidez, oxidazioa.

Meteorizazio Biologikoa

Izaki bizidunek aldaketak eragiten dituzte arroketan. Adibidez, landareen sustraiek arrokak fragmentatzen dituzte, baita lurpeko zenbait animaliak ere.

Meteorizazioan Eragina duten Faktoreak

  • Ama-arrokaren litologia: Konposizioaren arabera, arrokak gogorragoak edo hauskorragoak izan daitezke.
  • Klima: Klima hezeetan, meteorizazio kimikoa eta biologikoa ohikoagoak dira; klima lehorretan, berriz, meteorizazio fisikoa.
  • Topografia: Eremu lauetan ura errazago iragazten da, eta, horrenbestez, meteorizazioa ere ohikoagoa izango da.
  • Denbora: Kanpo-agenteen eraginpean daramaten denboraren araberakoa da arroken meteorizazio-maila.

2. Higadura

Kanpo-agenteek arrokak gastatzeari deritzo higadura. Prozesu horren ondorioz, sedimentu edo detritu izeneko partikulak lortzen dira.

Higakortasunak arrokak higatzeko duten erraztasuna adierazten du. Arroka-motaren eta meteorizazio-mailaren araberakoa da. Zenbat eta meteorizatuagoa egon arroka, orduan eta errazago higa daiteke.

Higarritasuna, berriz, agente geologikoek materialak higatzeko duten ahalmena da.

3. Garraioa

Sedimentuak alde batetik bestera eramatean datza. Hainbat modutan gerta daiteke, sedimentuaren izaeraren eta garraiobidearen indarraren arabera.

  • Aire bidezko garraioa: Haizeak egiten duena da.
  • Ur bidezko garraioa: Disoluzioan ere garraiatzen dira uretan disolbatutako gatzak.
  • Izotz bidezko garraioa: Sedimentuak izotzari atxikita garraiatzen dira, eta tamaina guztietako sedimentuak izaten dira.

4. Sedimentazioa

Garraiatutako materialen metaketa da. Egoera hauetan gertatzen da:

  • Garraiobideak abiadura galtzen duenean.
  • Disolbatutako sedimentua prezipitatu egiten denean.
  • Izotza urtzen denean.

5. Diagenesia

Kanpo-agenteek metatutako sedimentuak arroka bihurtzeko prozesu-multzoari esaten zaio diagenesia. Prozesu honetan, sedimentuaren trinkotzea, deshidratazioa eta partikulen zementazioa gertatzen dira.

Entradas relacionadas: