Kant: Ezagutza, Etika eta Ilustrazioa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 13,87 KB
Arrazionalismoa eta Enpirismoa: Oinarriak
XVII. mendeko bi korronte nagusi izan ziren: arrazionalismoa eta enpirismoa. Arrazionalismoa Descartesen eskutik garatu zen, eta enpirismoa, berriz, Lockeren eskutik. Bi korronteek epistemologia erdigunean jarri zuten eta errealismo sinplea gainditu zuten, baina ikuspegi ezberdinak dituzte.
Arrazionalismoaren ezaugarriak:
- Arrazoimenean konfiantza: Egia eta ezagutza fidagarria arrazoimenaren bidez soilik lor daitezkeelako; zentzumenak ez dira fidagarriak.
- Jatorrizko ideien existentzia: Ideia horiek a priori existitzen direlako eta ezagutza dedukzio bidez garatzen delako.
- Metodo matematikoa: Matematikaren metodo axiomatiko-deduktiboa arrazionalismoaren oinarria baita.
- Gizakiaren ikuspegi dualista: Gorputza (res extensa) eta arima (res cogitans) bananduz. Dualismo honek eztabaidak sortu zituen, adibidez, Mary Astell eta Isabel Bohemiakoaren kritikekin.
- Mekanizismoa: Unibertsoa tresna mekaniko baten moduan ulertzen den, matematikoki aztergarria eta helbururik gabea.
Arrazionalismoak Platonen tradiziotik edaten du eta errealitatea ulertzeko adimenaren lehentasuna nabarmentzen du.
Enpirismoa XVII. mendean sortutako pentsamendu-korronte bat da, John Locke (1632-1704) modernoaren sortzailetzat hartzen dena. Hume (1711-1766) izan zen enpirismoaren azken ondorioetara iritsi zen pentsalaria. Enpirismoak arrazionalismoari kontrajartzen zaio eta ezagutza esperientziatik abiatu behar dela defendatzen du. Humek adierazi zuen ezagutza a posteriori dela, eta adimenean dauden ideiak pertzepzioetatik datozela. Arrazoiaren erabilera mugatua da, esperientziatik abiatuta eta bertan amaitzen delarik. Filosofia murriztu egin zen, eta metafisika zientifikotzat jo ezin zen. Zientzia eredu gisa hartu arren, kausalitatearen printzipioa zalantzan jartzen zuten. Eszeptizismoa ere presente dago, munduaren ziurtasuna ez delako bermatzen, baina arrazoimenaren bidez jokatu behar dela esaten da. Enpiristak, arrazoiaren gidaritzapean, proiektu moral eta politikoak landu zituzten, eta John Locke izan zen pentsalari nagusia, liberalismo politikoaren sortzailea. Lockek naturan egoera bat irudikatu zuen, gizaki guztiak berdinak eta askeak ziren, baina gobernurik eta legerik gabe. Gizarte kontratuaren bidez, gizakiak gizarte zibilera pasatzen dira eta horrela sortzen da estatua. Estatuaren jatorria ez da Jainkoa, gizakia baizik. Liberalismo politikoaren oinarriak hauek izan ziren: gehiengoaren iritzia errespetatzea, aginte zibilean herriak parte hartzea, agintearen erantzukizuna eta askatasun erlijiosoaren defentsa. Lockeren ideiek eragin handia izan zuten AEBetako Independentzia Adierazpenean eta gaur egungo giza eskubideetan.
Kanten Pentsamendua: Arrazionalismoa eta Enpirismoa
XVII. eta XVIII. mendeetan, epistemologia arloan bi korronte nagusitu ziren: arrazionalismoa eta enpirismoa. Kanten pentsamendua bi garaitan sailkatzen da:
- Aro prekritikoa: Christian Wolff arrazionalistaren jarraitzailea zen eta Newtonen fisikaren eraginpean egon zen.
- Aro kritikoa (kritizismoa): 1770etik hil zen arte luzatzen da. Garai honetan, Kantek David Humeren ideia enpiristak ezagutu zituen, eta, Kanten esanetan, "Humek amets dogmatikotik esnatu zuen". Hume irakurtzeak arrazoiaren mugez ohartarazi zuen eta arrazionalismoaren eta enpirismoaren arteko sintesia garatuko du 1781eko Arrazoi Hutsaren Kritikan.
Descartes bezalako arrazionalistentzat, ezagutza guztiak adimenetik a priori erator daitezke. Kanten ustez, arrazionalismoa dogmatikoa da: arrazoimenaren gaitasunetan fede itsua eta irrazionala du.
Hume bezalako enpiristen ustez, aldiz, ezagutza osoa esperientziatik, a posteriori (enpiria), eratortzen da, datu sentigarriei esker: adimena tabula rasa da. Enpirismoak eszeptizismoan amaitzen du. Metafisika eta zientzia zalantzan jartzean, ez du ahalbidetzen inolako ezagutzarik.
Kant saiatuko da bien alde onak sintetizatzen, Heraklitok eta Parmenidesek hasitako eztabaida gaindituz. Sintesi hau "kantiar aterabidea" bezala ezagutzen da, eta Arrazoimen Hutsaren Kritikaren printzipio gidarian adierazten da: "Ezagutza guztia esperientziarekin hasten da, baina ezagutza guztia ez dator horretatik". Beraz, ezagutzak bi baldintza batu behar ditu: materia eta forma.
- Ezagutzaren materia: A posteriorizko sentsazio sentikorrak. "Materiarik gabe, ezagutza hutsik dago".
- Ezagutzaren forma: Subjektuaren adimenaren a priorizko ezagutza-ahalmenak (sentsibilitatearen intuizioak: denbora eta espazioa; adimenaren 12 kategoriak). "Formarik gabe, ezagutza kaotikoa da".
Planteamendu honi Idealismo Transzendentala deritzo eta gizakiaren eta errealitatearen arteko erlazioa erabat eraldatuko duenez, "biraketa kopernikarra" bezala ere ezagutzen da. Ondorioz:
- Ezagutza modu aktiboan eraikitzen da (Errealismoaren aurka): subjektuak, bere ahalmenen bidez, antolatu, ordenatu eta egituratzen ditu zentzumenetatik eratorritako datuak.
- Noumenoa ezagutezina da; fenomenoak, berriz, ezagutu ditzakegun gauzak dira.
- Metafisika ezin da zientzia izan: bere aztergaiei (arima, Jainkoa, mundua osotasun gisa) osagai enpirikoa falta zaielako. Hau da, ezin dira haiei buruzko a priorizko judizio sintetikoak egin.
Ilustrazioa eta Arrazoimenaren Erabilera
Aztergai dugun testuan azaltzen duenez, Ilustrazioko ordua heldu da; adingabetasunean dauden gizakiek ausartu egin behar dute beren kabuz pentsatzen (Sapere Aude), arrazoia tutoreetatik askatuz eta bere gaitasuna askatasun osoz erabiliz. Baina zein askatasun motak bermatuko du gizartearen ordena? Gizarte ordena, askatasuna, obedientzia eta arrazoimena bateragarriak direla frogatzen saiatuko da Kant, Rousseauren ideietan oinarrituta.
Gizartearen funtzionamendua ez desorekatzeko, arrazoia erabiltzeko orduan askatasunak mugatuta egon behar du:
- Arrazoimenaren erabilera pribatua: Herritar bakoitzari dagokion gizarte-rol edo eginkizunaren araudia (legeak eta betebeharrak) betetzean datza (obedientzia). Funtzionario postu edo kargu jakin batean dagoenari dagokiona betetzeak Estatuak ordena batekin funtzionatzea ahalbidetzen du.
- Arrazoimenaren erabilera publikoa: Nork bere kabuz pentsatzea, tutore edo gidaritzatik aske. Aditu den norbaitek publikoaren aurrean egiten duen jarduera kritiko librea da, edozein arlotako sineskerak eta legeak aldatu eta hobetzeko asmoz. Hauxe da aurrerapenerako bide baketsu bakarra.
Kanten arabera, askatasunak murrizteak ez dio inolako oztoporik jartzen Ilustrazioaren garapenari, erabilera publikoa zaintzen bada. Halaber, askatasunak kaosa eta desoreka soziala ekarriko ez duela ziurtatu behar du gobernariak, Frederiko II.a Handiak, despota ilustratuak, egiten duenez: "Nahi adina eta nahi duzuenari buruz arrazoitu, baina obeditu".
Adibideak:
- Armadako ofiziala: Gainetik datorkion agindua bete egin behar du beti, baina, aditu den aldetik, iruzkinak egin ditzake soldadutzaren akatsei buruz.
- Herritarra: Zergak ordaindu behar ditu, baina zerga horien desegokitasunari buruzko gogoetak argitaratu ditzake.
- Apaiza: Elizak agindutakoa bete egin behar du eta bere sinesmenak irakasteari ekin behar dio, baina aditu gisa arduraz ikertutako eta asmo oneko bere ideiak publikoki ezagutarazi ditzake.
Arauak edo legeak bete nahi ezean, hau da, arrazoimenaren erabilera pribatuak gatazka etiko konponezina sortzen duenean, kargua uztea da aukera bakarra.
Kanten ustez, politikaren helburua da gizakiaren arrazoimen praktikoak ezarritako lege morala eta gizartearen lege zibilak parekideak izatea (absolutismoaren aurka). Horrela, gizakia, lege zibilak obeditzean, askatasunez arituko da (autonomia). Hau gauzatzeko, funtsezkoak dira arrazoimenaren erabilera publikoaren bidezko lege zibilak hobetzeko kritikak eta proposamenak, lege zibil horiek arrazionalak eta etikoagoak izateko. Kanten ustez: "Benetako politikak ezin du urrats bakar bat eman moralaren aurrean makurtu gabe".
Rousseauren 1762ko Gizarte Hitzarmenaren eragina agerikoa da. Rousseauk herri-subiranotasunaren printzipioan oinarritutako tradizio demokratiko berri bat sortu zuen: herriaren borondate orokorrak (kontratu soziala) izan behar du lege guztien oinarria. Horrela, hiritarrek askatasunez jokatuko dute kontratu sozialaren lege zibilak obeditzean. Pentsamendu libre hau sustatzeko, gobernuek gerran gastatzen duten dirua hezkuntzan erabiltzearen alde agertuko dira Rousseauk eta Kantek.
Kanten Etika eta Politika
Ilustrazioak helburu duen autonomiaren kontzeptuak lotura zuzena du Kanten etikarekin, Arrazoi Praktikoaren Kritikan (1788) sakontasunean garatu zuena. Kanten etika deontologikoa, formala, a priorizkoa eta autonomoa da, eta bera baino lehen garatu ziren etika teleologiko, material, a posteriorizko eta heteronomoei kontrajartzen zaie. Kanten ustez, gizakia soilik da autonomoa bere arrazoimen praktikoaren lege moralarekin bat egiten duenean, eta sekula ez heteronomoak edo subjektiboak diren beste eragile batzuen arabera jokatzean: interesak, sentimenduak, desirak, kanpoko inposizioak... Beste modu batean esanda, autonomia lortzen da betebeharrez jokatzean, objektiboa eta arrazionala den inperatibo kategorikoa betetzean:
- "Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi bazenu bezala". Autonomia sortzen da giza ekintzak baliozkoak diren jokaera-eredu unibertsaltzat har daitezkeenean.
- "Joka ezazu halako eran non gizateria, zure kasuan nahiz beste edozeinenean, beti helburu gisa erabiliko duzun eta inoiz ez bitarteko huts gisa". Duintasuna da gizakia gainerako animalia eta gauzetatik bereizten duen oinarria. Funtsezko giza kualitate horrek moralgabe bihurtzen ditu gerra, esklabotza eta esplotazioa. Kanten ustez, "gizakiak duintasuna dauka, ez preziorik".
Esparru politikoan ere gizakiak legegilea eta autonomoa izan behar du. Rousseauk bezala, estatu errepublikarra herriaren borondatean oinarritzen den subiranotasuna defendatzen du. "Caesar non est supra grammaticos" (Zesarrak ez du gramatikarien gaineko aginpiderik) esapidearen bidez kritika egin nahi dio absolutismoari.
Errepublikan:
- Gobernariak herriaren borondatearen ordezkari hutsak dira.
- Botere legitimoa komunitate politikoaren borondate orokorra islatzen duten legeetan oinarritu behar da (hiritarrak = legegilekideak).
- Gobernariek ezin diote sinesmen erlijiosorik inposatu herriari.
Kantek Prusiako Frederiko "Handia" goraipatzen du, Ilustrazioaren espiritua irudikatzen duen lehen agintaria delako, bere herriak bere kabuz pentsa dezan ahalbidetuz, arrazoimenaren erabilera publikoa erabil dezaten, batez ere erlijio-kontuetan, berak erabaki beharrean. Kanten ustez, arrazoimenaren erabilera pribatuan egiten den askatasunaren murrizketa zilegia da planteamendu honetan eta ez du Ilustrazioa oztopatzen. Erlijioa dela eta, "Posiblea litzateke apaizen arteko elkarte batek sinesmen eta doktrina batzuk inposatzea, herri osoaren eta betirako tutoretza ezartzeko helburuarekin?". Gidaritza erlijiosoa, gidaritza motarik "kaltegarriena eta desohoretsuena" da. Gizakiaren duintasuna bere autonomian oinarritzen denez gero, agintariek tolerantzia sustatu behar dute. Horrenbestez, erlijioaren kasuan:
- Epe laburrean: Hirikideei, eta bereziki apaizei, kredo horren kritika publikoa egiten utzi beharko zaie, erlijio erakundearen aldaketa posibleaz bozkatuz.
- Epe luzera: Ilustrazioa guztiz ezartzean, elizgizonen eta laikoen arteko bereizketa desagertuko da. Azken batean, denok ilustratuak izatean ez dira tenplurik, apaizik, erritorik, mitorik, Eskriturarik beharko. Erlijioaren azken patua moralera soilik mugatzea da (inperatibo kategorikoa).
Ondorioak eta Laburpenak
1. Beraz, testuak Kanten ikuspegia laburbiltzen du: gizakiak bere kabuz pentsatzea eta arrazoimendua modu autonomoan erabiltzea beharrezkoa dela bere erruzko adingabetasunetik askatzeko eta Ilustrazioa lortzeko.
2. Hortaz, egileak argi eta garbi adierazi nahi du gure adingabetasuna gure nagikeria eta koldarkeriaren ondorio dela, eta horregatik, oso erraza dela tutore baten menpe egotea. Baina, saiakera eta ahalegin txiki baten bidez, gure kabuz pentsatzea lortzen dugula konturatuko gara, eta horrek gure benetako erabateko askatasuna eta independentzia lortzen lagunduko digu.
3. Testuaren gai nagusia: Gizabanakoa arrazoimen mekanikoan oinarrituta egotea eta, horren ondorioz, bere adingabetasunetik ateratzea zaila dela. Egilearen ikuspuntua: Egileak askatasun intelektuala eta adimen autonomoa defendatzen ditu, eta gizabanakoak arrazoimen mekanikoan oinarrituta egon direla salatzen du, horregatik askatasun hori lortzea zaila dela adieraziz.
4. Testu honetan, adierazten da Ilustrazioa benetako pentsamendu berrikuntzarako oinarria dela, baina modu arduratsuan eta gardenean egin behar dela, bestela aurreiritzi zaharrak eta mendekatze mekanikoak sortuko direla.
5. Testuaren gai nagusia: Ilustrazioa, hau da, benetako pentsamendu berritzailea eta adierazpen argia, lortzeko beharrezko den askatasuna eta, bereziki, norberaren arrazoimenaren erabilera publiko askea aztertzen da.
6. Ondorio Orokorra: Ez da egokia, baizik eta kaltegarria, herri batek edo apaizarte batek ezarritako aldaezina den sinesbide, tutorego amaigabe edo unibertsalki inposatutako hitzarmenek gizateriaren Ilustrazioa —bere pentsamendu berritzailea, adimenaren askatasuna eta ezagutza garapena— atzeratzea.