Kant, Ilustrazioa eta Arrazoiaren Erabilera
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,39 KB
Kant eta Ilustrazioa: Arrazoiaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Ilustrazioaren garaia heldu da; gizakiek beren kabuz pentsatu behar dute (Sapere Aude), arrazoia tutoreengandik askatuz. Kant saiatuko da frogatzen gizarte-ordena, askatasuna, obedientzia eta arrazoimena bateragarriak direla, Rousseauren ideietan oinarrituta.
Arrazoiaren erabilera: mugak eta askatasuna
Gizartearen funtzionamendua ez desorekatzeko, arrazoia erabiltzeko askatasunak mugak izan behar ditu:
- Arrazoimenaren erabilera pribatua: Herritar bakoitzak bere eginkizuneko arauak bete behar ditu (obedientzia), estatuko ordena mantentzeko.
- Arrazoimenaren erabilera publikoa: Nork bere kabuz pentsatzea, tutoreengandik aske. Pentsamendu kritikoaren bidez, sineskerak eta legeak hobetu daitezke.
Kanten arabera, askatasunak mugatzeak ez du Ilustrazioa oztopatzen, baldin eta erabilera publikoa bermatzen bada. Gobernariak ziurtatu behar du askatasunak kaosik ez sortzea.
Adibideak: Erabilera Publikoa eta Pribatua
Hori argitzeko, Kantek hiru adibide aipatzen ditu:
- Armadako ofizialak: Aginduak bete behar ditu, baina soldadutzaren akatsei buruzko iruzkinak egin ditzake.
- Herrikideak: Zergak ordaindu behar ditu, baina horien desegokitasunari buruzko gogoetak argitara ditzake.
- Apaizak: Elizak agindutakoa bete behar du, baina bere ikerketetatik eratorritako ideiak publikoki azal ditzake.
Arauak edo legeak bete nahi ez direnean, arrazoimenaren erabilera pribatuak gatazka etiko konponezina sortzen du, eta kargua uztea da aukera bakarra.
Politikaren helburua eta Rousseau-ren eragina
Kanten ustez, politikaren helburua da gizakiaren arrazoimen praktikoak ezarritako lege morala eta lege zibilak parekide izatea. Horrela, gizakiak lege zibilak betetzean autonomiaz jokatuko du. Funtsezkoa da arrazoimenaren erabilera publikoaren bidez legeak hobetzea, horiek arrazionalagoak eta etikoagoak izan daitezen.
Rousseauren Gizarte Hitzarmenaren eragina agerikoa da: herriaren borondate orokorra izan behar da lege guztien oinarria. Horrela, hiritarrek askatasunez jokatuko dute kontratu sozialaren legeak betetzean.
Pentsamendu librea sustatzeko, Rousseauk eta Kantek defendatzen dute gobernuek gerran gastatzen duten dirua hezkuntzan erabiltzea.