Kanten Filosofia: Arrazoimena, Morala eta Erlijioa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,74 KB
Kanten Filosofia Kritikoa
Kantek giza adimenaren ahalmenak norainokoak diren aztertu zituen, arrazoimenaren kritika eginez. Kritika horren bidez, zientziaren ikerketa eta azalpen arrazionala noraino irits zitekeen aurkitu nahi zuen. Azterketa hori Arrazoimen Hutsaren Kritika lanean jaso zuen, "Zer ezagut dezaket?" galderari erantzun nahian.
Honako ondorio honetara iritsi zen: zientzia formalaz gain (logika eta matematika), oinarri enpirikoa duenaz bakarrik lor daiteke ezagutza unibertsal eta ziurra. Oinarri enpirikorik ez duena ezin da ezagutza zientifikoaren aztergai izan. Lan horretan ere, gizakiaren jokabide morala oinarri duen zientzia praktikoaren eta unibertsalaren beharra aldarrikatu zuen.
Arrazoimen Praktikoa eta Erlijioa
"Zer egin behar dut?" galderari erantzuna eman zion: gizakiak zer egin behar duen eta nola bideratu behar duen bere jarrera aztertu zuen. "Zer itxaron dezaket?" galderari erlijio bidez erantzun zion: Kant erlijio naturalaren aldekoa zen eta ez zuen erlijio errebelatua onartzen.
Kristautasunaren interpretazio arrazionalista egin zuen: gizakiak ongia egiteko joera du, baina gaizkirako joera ere sarritan. Kristautasunaren zeregina gizakia bere burua maitatzetik lege morala betetzera igaro dadin lortzea da. Kristorengan fedea izateak lege morala betetzera bultzatzen du gizakia. Erlijioa arrazoiaren erabilera praktikoari esker sortu zen: Jainkoaren aginduak direnez, betebehar guztiak onartu behar dira, egun baten zoriontasuna lortzeko. Deismoa, dogmarik, kulturarik eta eliza-antolamendurik gabeko erlijioa aldarrikatu zuen.
Kanten Moralaren Filosofia
Inperatibo Kategorikoa eta Morala
Kanten ustez, moralak gizakiak egin beharko lukeenaz hitz egiten du; gauzak ondo edo gaizki dauden esaten digun printzipio multzo bat da. Begibistakoa da denok ez daukagula moral bera, baina morala guztiok daukagun zerbait izanik, Kantek moral unibertsal bat definitu nahi zuen, guztientzat baliagarria izango zena. Arrazoian oinarritua egon behar den inperatibo kategorikoa da morala.
Morala urte askotan erlijioan oinarritua egon ohi da; hark ematen dituen aginduak heteronomoak dira, hau da, kristautasunari erreparatuta, kristau guztientzat baliagarriak dira. Kantek azaldu zuen arrazoimena mundua ezagutzeko tresna bat zela, baina mugatua zela zioen. Hala ere, nola jokatu erabaki behar dugunean arrazoian oinarritutako printzipioak erabili behar dira, eta horrela pertsona bakoitzak bere kontzientzia morala eraikiko du.
Arrazoimenaren Autonomia eta Heteronomia
Horretaz gain, arrazoia autonomoa da, inork inposatu ezin duen gauza bakarretakoa delako. Hori horrela izanda, moralaren aurka joatea ez zela inoiz zilegi izango zioen, bakoitzak berak pentsatzen duenaren aurka eginez gero, Ilustrazioaren prozesuan atzera egingo baitzinateke, beste norbaitek agindu edo pentsatu duena egiten arituko baitzinateke.
Filosofo guztiek ez zuten Kantek zioena pentsatzen. Honen adibide garbienak filosofo kristauak dira. Adibidez, Tomas Akinokoak fedea arrazoiaren gainetik zegoela zioen, hau da, lehenengo arrazoiari begiratu behar zaiola eta gero fedeak lagunduko zizula bide egokia aukeratzen. Fededunek ezin izango dute beren moral propioa eraiki, beste baten menpe daude bitartean; beren morala ez delako ez propioa ezta autonomoa ere izango. Beren morala izaki absolutu batean oinarritzen dute, horrela arauak absolutu bihurtuz, inolako erlatibismorik edo aukera ezberdinik uzten ez dutelarik.
Argi dago bakoitzak bere moral propioa eraiki beharko lukeela, inoren gidaritzarik gabe, bestela besteen agindupean biziko gara, adingabetasunean eta tutoreen menpekotasunean murgilduta. Norberaren morala eraikitzeko ezinbestekoa da arrazoimena erabiltzea, eta horretarako ezinbestekoa da askea izatea.