Kanten Ilustrazioa: Arrazoimen Publiko eta Pribatuaren Garrantzia
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,69 KB
Askatasuna adin nagusitasuna lortzeko gauzatu beharreko kritikaren motorra da. Askatasuna, era berean, arrazoimenaren erabilerarako ezinbesteko baldintza da. Immanuel Kantek arrazoimenaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da bere "Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna" idazlanean. Kanten arabera, arrazoimenaren erabilera publikoak askea izan behar du beti; erabilera pribatua, aldiz, mugatu egin behar da.
Arrazoimenaren Erabilera Publikoa
Arrazoimenaren erabilera publikoa, Kanten iritzian, aditu den norbaitek iritzi publikoaren aurrean egiten duena da. Honek ideien berrikuntza dakar, gizartean eztabaida pizteko aukera eman dezake, eta adostasun berriak lortzeko bidea izan daiteke. Gizartearen eraldaketarako bidea da, eta Ilustrazioaren urratsa gauzatzeko bidea. Beraz, arrazoimenaren erabilera publikoa bultzatu egin behar da (gaur egungo adierazpen askatasunarekin bat datorrena litzateke).
Arrazoimenaren Erabilera Pribatua
Arrazoimenaren erabilera pribatua, aldiz, gizakiari dagokion funtzionari-postu edo kargu jakin batean zilegi zaiona da. Honek ez dio gizarteari argirik ematen, ez du jakintzaz hornitzen; bestalde, gizartearen batasunerako mehatxu izan daiteke. Beraz, mugatu egin behar da hau, Ilustrazioaren pausoari inongo kalterik egin gabe.
Kanten Hiru Adibideak
Kantek hiru adibide aipatzen ditu arrazoimenaren erabilera publiko eta pribatuaren arteko desberdintasuna argitzeko:
- Armadako ofiziala: Bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (erabilera pribatua). Hala ere, aditu den aldetik, ozen argudia dezake agindu horren helburu edo onuraz, iruzkinak egin ditzake soldadutzaren akatsei buruz, bere publikoaren aurrean, azken horrek epai dezan (arrazoimenaren erabilera publikoa).
- Herrikidea: Ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Nolanahi ere, herrikide horrek berak ez dio betebeharrari huts egingo, aditu bezala, zerga horien bidegabekeria edo desegokitasunari buruzko bere gogoetak argitaratzen baditu (arrazoimenaren erabilera publikoa).
- Apaiza: Bete egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa, eta irakasteari ekin behar dio sinesbidearen arabera, ikasle nahiz elizkideen artean, baldintza horren pean onartu dutelako (erabilera pribatua). Dena dela, aditu gisa, askatasun osoa du, baita eginkizuna ere, arduraz ikertutako eta asmo oneko bere ideiak sinesbide haren akatsez publikoari ezagutarazteko, edo erlijioa eta eliza hobetzeko bere proposamenak aurkezteko (arrazoimenaren erabilera publikoa).