Kapitalismoa, Depresio Handia eta Inperialismoa XIX. Mendean
Clasificado en Inglés
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,26 KB
Industria-potentzia handien produkzioa mundu osora heltzen zen. Sistema kapitalista berriaren krisiak gehiegizko industria-produkzioaren ondoriozkoak ziren. Merkatuan kontsumitzeko modukoak baino merkantzia gehiago egotean, prezioek behera egin zuten, irabaziak murriztu ziren eta langabeziak gora egin zuen.
Kapitalismoko lehen Depresio Handia (1873-1896)
1873an krisi ekonomiko handia sortu zen, Depresio Handia izena jarri zitzaion. Lehen biktimak nekazariak izan ziren. Europako milioika emigrante itsasoz bestaldeko lurretara joan ziren. Europako merkatuetara nekazaritza produktuen inbasioa heldu zen, eta Europako nekazariei prezioak eta irabaziak %30eraino murriztu zitzaizkien. Gero eta nekazari gehiagok landa-inguruak utzi behar izan zituzten Europan.
Industria eta finantza sektorean langabeziak gora egin zuen eta soldatek behera. Krisi luze horren eraginez, prezioak %45ean murriztu ziren Estatu Batuetan. Enpresen arteko lehia gogortu egin zen, produkzio-kostuak urritzeko. Potentzia nagusien arteko lehia nabarmendu zen, merkatuak eta baliabide ekonomikoak kontrolatzeko. Industria-herririk handienek neurri ekonomiko protekzionistak hartu zituzten.
Kolonialismotik Inperialismora
Inperialismoa 1890 inguruan sartu zen politikan. Hainbat arrazoi zeuden horretarako:
Arrazoi ekonomikoak:
- Gehiegizko produkzioak kontsumo-merkatu berriak bilatzea eragin zuen, produktuak bertan sartzeko.
- Lehengaien hornitzaileak lortzea.
- Soberakin kapitalak inbertitzeko lekuak aurkitzea.
Arrazoi politikoak:
- Nazionalismoak agintearekin eta ospearekin loturiko politika sortu zuen.
- Lehiakideen atzean gelditu nahi ez izateak eragin zuen.
Europako biztanle kopurua hazteak, itsasoz bestalderako eta kolonietarako emigrazio handiak presio demografikoa arindu zuen. Espiritu misiolaria eta zientifikoa ere suspertu ziren.
1876tik 1914ra, planetako azalera osoaren laurdena kolonia gisa banatu zen estatu gutxi batzuen artean, eta 40 milioi europarrek bizimodu berria hasi zuten beste kontinenteetan.
Kolonietako baliabideek interes handia piztu zuten: Ekialde Hurbileko petrolioa, Malasiako eztainua, Hegoafrikako urrea eta diamanteak (produktore nagusia zen), Indiatik eta Zeilanetik tea, eta kolonia tropikaletatik kafea, kakaoa, tabakoa eta azukrea.
Kolonizaturiko aldeek garrantzi handiagoa hartu zuten munduko ekonomia berrirako, bai produkzioan bai kontsumoan.
Britainia Handiaren Hegemonia Koloniala
Erresuma Batua XIX. mendearen amaierako potentzia ekonomiko eta politiko nagusia zen. Gune estrategikoen sare zabala zuen:
- Gibraltar eta Malta Mediterraneoan.
- Lurmutur Hiria, Aden eta Zeilan Indiarako bidean.
- Singapur edo Hong Kong Txinako merkaturako bidean.
Kolonia batzuei populatze-kolonia deitzen zitzaien; Erresuma Batuko eta Europako iparraldeko soberakin demografikoak xurgatzen zituzten, hala nola Australia, Zelanda Berria, Hegoafrika eta Kanada.
Indiak eginkizun garrantzitsua zuen, kotoiz fabrikaturiko britainiar oihalak kontsumitzen baitzituen. India Koroaren bitxia zen. 1890 inguruan, Britainia Handiko 6.000 funtzionariok 300 milioi indiar gobernatzen zituzten, 70.000 soldaduk lagunduta. Garai hartan, Birmaniara hedatu zen.