Karl Marx: Alienazioa eta Erlijioa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,08 KB
Karl Marx eta Alienazioa
Marxen arabera, gizaki bat alienatzea norbera izateari uztea eta beste zerbait bilakatzea da. Gizaki bat alienatuta egongo da egiten duen horretan edo sinesten duen horretan bere burua islatuta ikusten ez duenean.
Hori gertatzen denean, gizakiak norbera izateari uzten dio, arrotz bilakatzen da. Alienazioaren ezaugarrietako bat da gizaki alienatua ez dela alienatuta dagoenaren jakitun, egoera naturaltzat hartzen baitu.
Alienazio motak Marxen arabera
1. Alienazio ekonomikoa edo lanarena
Marxen arabera, gizakiaren ezaugarri bereizgarria lana da, bere indar propioekin bizibideak sortzeko ahalmena. Gizakiak berezko ezaugarria du lan egitea. Zergatik da lana alienatzailea? Lan-baldintzak direlako alienatzaileak. Sistema kapitalistan, langilearen lanaren helburua gainbalioa sortzea da. Alabaina, gainbalio horrek sortzen duen etekina ez da langilearentzat izaten, kapitalistarentzat baizik, eta langileak bere gizatasuna galtzen du.
2. Alienazio ideologikoa
Ideologiak alienaziorako tresna dira Marxen ustez. Ideologiak klase nagusiek klase zapalduak menperatuta edukitzeko erabiltzen dituzten tresnak dira. Beren helburua da zapalduei pentsaraztea bizi duten egoera ez dela giza jardunaren ondorio, naturak edo Jainkoak inposatutako zerbait baizik. Horrela, zapalduak gauza naturaltzat hartzen du zapalkuntza. Zapalduei pentsarazten zaie ezin alda daitekeen ordena bat dagoela, eta zapalduak ez dira ohartzen ideologia horiek klase nagusiek sortu dituztela beren boterea iraunarazteko.
Erlijioa: Herriaren Opioa
Erlijioa klase zapaltzaileek klase zapaldua menpean edukitzeko erabiltzen duten tresna da; Marxen hitzetan, "herriaren opioa" da. Erlijioek mundu materialaz gaindiko beste mundu bat dagoelako ustea zabaltzen dute, eta hori sinetsita, gizakiek justizia mundu honetan bilatzeari uko egiten diote, mundu honetan falta dena beste munduan aurkituko dutenaren esperantzarekin. Horrela, alegiazko errealitate batean jartzen du gizakiak bizi hobe baterako itxaropena, mundu errealean injustizia nagusi den bitartean.