Karl Marx: Alienazioa, Materialismo Historikoa eta Komunismoa

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,31 KB

Karl Marx: Alienazioa eta Gizartearen Egitura

Marxentzat gizakiaren esentzia lanean gauzatzen da, hau da, gizakiak bere ahalmen sortzaileak lanaren bidez adierazten ditu. Hala ere, sistema kapitalistan lanak ez du gizakiaren autoerrealizazioa ekartzen, kontrakoa baizik: alienazioa. Alienazioak gizakia bere buruarengandik eta bere lanaren emaitzengandik urruntzea esan nahi du.

Alienazio Ekonomikoa: Lau Modu Nagusiak

Alienazio ekonomikoa lau modutan gertatzen da:

  1. Produktuarekiko Alienazioa

    Langileak ekoiztutako produktua ez da berea, sistema kapitalistan produktua enpresariaren jabetza bihurtzen baita. Ondorioz, langileak ez du sortu duen horretan bere esentzia edo ahalegina ikusten.

  2. Lanarekiko Alienazioa

    Lana ez da sormen-jarduera bat, baizik eta sufrimendua eragiten duen jarduera gogor eta errepikakorra. Langileak ez du askatasunez lan egiten, baizik eta behartuta, soldata bat irabazteko.

  3. Naturarekiko Alienazioa

    Gizakiak natura eraldatzen du ekoizpenaren bidez, baina kapitalismoan prozesu hori modu mekanikoan eta itsuan egiten da, ez sormen-ahalmenak garatzeko bide bezala.

  4. Beste Gizakiekiko Alienazioa

    Langileen arteko elkartasuna apurtzen da, sistemak lehiakortasuna eta banaketa sustatzen baitu. Gainera, langileak enpresariaren menpe daude, zapalkuntza-harreman batean.

Alienazioaren ondorioz, langilea merkantzia bat bihurtzen da, kapitalaren esku dagoen objektu bat. Bere bizitzako zati nagusia, lana, ez da bere esentzia garatzeko bidea, baizik eta deshumanizazio-prozesua. Egoera horretan, gizakiak bere alderik gizatiarrena galtzen du eta animalia-bizitza bilatzen du (jatea, lo egitea, plazer fisikoak).

Marxentzat alienazio ekonomikoaren kausa nagusia ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua da. Horregatik, alienazioa gainditzeko, ekoizpen-baliabide horien jabetza kolektibizatzea proposatzen du. Horretarako, klase borroka funtsezkoa da, langileek ekoizpen-bideen kontrola eskuratuz, beren burua askatu eta autoerrealizazioa lortzeko.

Alienazio ekonomikoa beste alienazio mota guztien oinarria da (soziala, politikoa eta kulturala), eta Marxen pentsamenduan funtsezko kontzeptua da kapitalismoaren kritika egiteko.

Alienazio Ideologikoa eta Erlijiosoa

Marxentzat, ideologia gizarte edo talde jakin baten ideien multzoa da, baina beti errealitatearen adierazpen deformatua. Ideologiek errealitatearen alde batzuk azpimarratzen dituzte, beste batzuk ezkutatuz, eta fikziozko errealitatea sortzen dute. Gizarteak gezurrezko errealitate hori benetakotzat hartzen du, eta horrek alienazioa areagotzen du.

Alienazio ideologikoaren helburua da klase zapalduei pentsaraztea bizi duten egoera ez dela giza jardueraren ondorio, baizik eta naturak edo Jainkoak ezarritako zerbait. Horrela, gizarte desberdintasunak naturaltzat hartzen dira, eta zapalduek ez dute haien egoera zalantzan jartzen.

Erlijio-alienazioa ideologia mota garrantzitsuena da Marxen ustez. Erlijioak beste mundu bat dagoela irakasten du, eta mundu honetan jasaten diren injustiziak bertan konpentsatuko direla. Hori sinetsita, gizakiak ez du justizia mundu honetan bilatzen, eta zapalkuntza onartzen du. Marxek adierazi zuen bezala, “erlijioa herriaren opioa da”, sufrimendua arintzen duen baina iraultza geldiarazten duen tresna.

Marxen arabera, alienazio erlijiosoa ez da heziketaren bidez gaindituko, baizik eta gizartearen harreman sozialen eraldaketa iraultzailearen bidez. Erlijioa klase menperatzaileen tresna da, eta alienazioa gainditzeko sistema kapitalista desegin behar da.

Beraz, alienazio ideologikoa tresna politiko eta soziala da klase nagusien nagusitasuna iraunarazteko, eta erlijioa da alienazioaren adibiderik eraginkorrena.

Materialismo Historikoa eta Iraultza

Materialismo Historikoa Marxek historiaren garapena azaltzeko proposatutako teoria da. Historiaren bilakaera baldintza materialek eragiten dute, batez ere produkzio-sistemak eta jabetza-harremanak.

Marxek Hegelen dialektika onartzen du, baina ikuspegi idealista baztertzen du, eta historia ekonomia-harremanen arabera azaltzen du. Gizartearen oinarria oinarri ekonomikoa da, eta horren arabera aldatzen dira politika, kultura eta ideologia.

Historiaren motorra klase borroka da, eta gizarteak fase ezberdinetatik igarotzen dira (esklabotza, feudalismoa, kapitalismoa) komunismora iritsi arte.

Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura

Marxek gizartea bi mailatan banatzen du: egitura ekonomikoa (azpiegitura) eta gainegitura.

  • Egitura Ekonomikoa (Azpiegitura): Gizartearen oinarria da, eta produkzio-baliabideak (lurrak, tresnak, lantegiak) eta produkzio-harremanak (lana eta jabetza antolatzeko modua) biltzen ditu. Azpiegiturak gizartearen funtzionamendua eta garapena baldintzatzen du.
  • Gainegitura: Sinesmen, ideologia, lege, erakunde politiko eta kulturaren multzoa da, eta egitura ekonomikoaren menpe dago. Horrela, ekonomia da gizartearen antolakuntza soziala eta ideologikoa eratzen duen faktorea.

Marxen arabera, gizartearen bilakaera klase-borrokaren ondorio da, eta azpiegituraren kontraesanek sistema ekonomikoen aldaketak eragiten dituzte (esklabotzatik feudalismora, feudalismotik kapitalismora).

Aro Garaikidean, kapitalismoa da nagusi, eta bere ezaugarria da ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua. Hala ere, Marxen ustez, kapitalismoak bere baitan darama bere gainbehera, eta klase-borrokaren bidez, komunismoa ezarriko da, non jabetza kolektiboa nagusituko den.

Iraultza Proletarioa eta Klase Borroka

Marxek kapitalismoaren gainbehera saihestezina zela uste zuen, haren barneko kontraesanen ondorioz. Kapitalismoak krisi ekonomikoak sortuko zituen superprodukzioaren, merkatu berrien gabeziaren eta baliabideen banaketa desorekatuaren ondorioz. Krisi horiek langabezia, pobrezia, ezinegona eta gatazkak sortuko zituzten, gizartearen desoreka areagotuz.

Hala ere, Marxen arabera, kapitalismoaren amaiera ez zen automatikoki etorriko, langile-klasearen indar iraultzailea ezinbestekoa baita. Proletarioak dira kapitalismoak inposatzen duen esplotazioa zuzenean pairatzen dutenak, eta horregatik, haiek bakarrik ulertu dezakete beren egoera. Burgesek, aldiz, beren interes materialek itsututa, kapitalismoaren injustiziak naturaltzat hartzen dituzte.

Langileek klase-kontzientzia bereganatu behar dute, hau da, beren egoera zapaldua eta kapitalismoaren funtzionamendua ulertzea. Kontzientzia hori herrialde industrializatuenetan garatuko da lehenbizi, bertan proletariotza garatuagoa eta antolatuagoa baitago.

Proletarioek burgesen ideologian (erlijioa, lege-sistema, politika...) sinesteari utzi behar diote, eta gizartea eraldatzeko antolatu eta borrokatu egin behar dute. Hala ere, Marxek uste zuen burgesiak ez zituela bere pribilegioak bakean utziko, eta, horregatik, kapitalismoa bortizkeriaren bidez baino ezin zela garaitu. Iraultzaren bidez, proletarioek estatua kontrolatu eta proletariotzaren diktadura ezarri beharko lukete, burgesia garaitu eta kapitalismoaren amaiera bermatzeko.

Trantsizio garaia aldi labur eta nahasia izango da, baina haren ondoren, komunismoa ezarriko da. Komunismoan, ekoizpen-baliabideen kolektibizazioa emango da, jabetza pribatua desagertuko da eta gizadi osoaren askatasuna eta berdintasuna lortuko dira. Marxentzat, proletarioen borroka ez da soilik haien interes partikularren aldekoa, baizik eta gizadi osoaren askapenaren aldeko borroka unibertsala.

Komunismoa: Gizarte Justuaren Azken Etapa

Kapitalismoa sistema ezegonkorra da, eta bere barne-kontraesanek eta langileriaren iraultzak eroraraziko dute. Sistema kapitalistaren ordez komunismoa ezarriko da, non produkzio-baliabideak (lurrak, lantegiak eta makinak) gizarte guztiaren jabetzakoak izango diren. Horrek bidegabekeriak eta esplotazioa desagerraraziko ditu, eta klase sozialen bereizketa amaituko da.

Komunismoan, guztiak berdinak izango dira eta alienazioa desagertuko da. Klase-borroka amaitzean, historiaren dialektika ere geldituko da, eta komunismoa gizarte justu eta aske baten azken etapa bihurtuko da. Egoera honetan, estatua ere desagertu egingo da, klase-gatazkarik gabeko gizarte batean ez baita beharrezkoa.

Hala ere, komunismoak ez du berdintasun absolutua bilatzen. Aberastasuna guztien artean banatuko da, baina pertsona bakoitzaren beharrak eta ahalmenak kontuan hartuta. Marxek ideia hori esaldi ezagun batekin adierazi zuen:

"Bakoitzarengandik haren ahalmenen arabera; bakoitzari bere beharren arabera".

Nietzsche: Kristautasunari Kritika (Ahulen Morala)

Nietzschek uste zuen erlijioa beldurretik sortzen dela, eta mundu ideal baten ideia asmatuz, benetako mundua mespretxatzen duela. Bereziki, kristautasuna kritikatu zuen, herri xehearen iraultza moduan ulertuz, indartsuen aurka egindakoa. Nietzschek defendatzen zuen erlijio guztiak ahulen erlijioak direla eta haien balioak beheko klaseen balioekin lotuta daudela; horregatik, zibilizazioaren garapenerako oztopo dira. Erlijioek ahultasuna eta koldarkeria sustatzen dituzte, biziaren indarra eta hobekuntza zapalduz. Kristautasunak, bereziki, gorputza eta balio estetikoak gutxiesten ditu.

Nietzschek bi moral mota bereizten zituen:

  • Jaunen Morala: Indarra eta boterea erabiltzea defendatzen du. Harrotasuna eta handitasuna ditu oinarri, eta desberdintasuna eta hierarkia babesten ditu. Nietzschek zioen jaunen moralak bizia indartu egiten duela, biziaren berezko bertuteak garatzeko aukera emanez.
  • Esklabuen Morala (Artaldearen Morala): Berdintasuna du helburu; elkartasuna, maitasuna, leialtasuna, umiltasuna eta etsipena goraipatzen ditu. Nietzschek, ordea, uste zuen balio horiek bizitzaren indarra eta aberastasuna kaltetzen dituztela.

Artaldearen moralak indarkeria erabiltzeko sena debekatzen du, eta horretarako bekatuaren ideia erabiltzen du beldurra sortzeko. Horrek gizartea sumiso eta obeditzaile bihurtzen du, biziaren idealak zapalduz. Nietzschek zioen moral erlijiosoak bizitza eder, osasuntsu eta ausarta pozoitzen duela, eta, horregatik, bizitzaren aurkako moral dela.

Entradas relacionadas: