Karl Marx: Kapitalismoaren Kritika, Iraultza eta Komunismoa
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,03 KB
Iraultza: Kapitalismoaren Kritika
Marxek gizakion duintasuna berreskuratzeko idatzi zuen obrak Kapitala du izena. Bertan azaltzen digu nola, gizarte kapitalista batean, langileak benetako sufrimendu eta esplotaziora kondenatuak dauden, produkzio-kate batean murgilduta, duintasunik gabe.
Sufrimenduaren Arrazoiak
Sufrimendu honen arrazoi nagusiak honakoak dira:
- Makinen agerpena: Honek gizakien lanaren balioa gutxitzea ekarri zuen.
- Lehiakortasunaren galera: Industria handiek merkatari txikiak irentsi zituzten.
- Jabetza kontzentrazioa: Jabeak enpresari handiak ziren, ez langileak.
Marxek zioenez, arazoaren muina lege zapaltzaileetan zegoen. Kapitalistek soldatak gutxitu eta lan-orduak gehitu zituzten.
Iraultzaren Beharra
Honen guztiaren aurka ekiteko, Marxek iraultza proposatzen du bide bakartzat. Haren esanetan, gizarte kapitalista etengabeko krisi ekonomikoan murgilduta dago. Egoera honetaz jabetuta, proletalgoak eta komunistek alienazio zapaltzailearekin amaitzeko iraultza proletarioa proposatzen dute.
Azken helburua kapitalisten boterearekin eta inposatutako klase sozialekin amaitzea da, klaserik gabeko gizarte bat sortuz, non langileak boterean egongo diren, munduko herrialde guztiak batuz.
Gizarte Komunista: Proletalgoaren Diktadura
Jabetza burgesarekin amaitzeko, Marxek iraultza bat proposatzen du langileek boterea har dezaten. Aginte berri honi proletarioen diktadura deitzen dio. Behin diktadura hau finkatuta, herri demokrazia aldarrikatuko litzateke.
Indarra erabiliz, kapitalismoaren azken hondakinak ezabatuko lirateke.
Kapitalismoaren eta Komunismoaren Kontrastea
Marxen arabera, kapitalismoak etekinik handienak lortzea bilatzen du etengabe, eta horretarako, langileak esplotatzen ditu (adibidez, lan-ordu luze eta gogorrak inposatuz). Hala ere, onartzen du sistema honek produkzio-etekin handiak ekartzen dizkiola ekonomiari.
Gizarte komunistan, aldiz, langileen erakundeak nagusi izango lirateke, eta langileei merezi duten bizitza egokia eskainiko litzaieke.
Komunismoaren Helburuak
- Klase sozialen desagerpena: Historiak beste norabide bat hartuko luke.
- Alienazio mota guztien amaiera: Gizakia (langilea) bere buruaren jabe litzateke.
- Klase borrokaren amaiera: Sistema finkatzean borrokak desagertuko lirateke.
Bukatzeko, Marxek ezinbestekotzat jotzen zuen internazionalismoa proiektu hau aurrera eramateko, hau da, mundu osoan harmoniaz eta elkar laguntzaz aritzea.
Marxen Eragina Historian
Karl Marx izan da, zalantzarik gabe, XX. mendeko pentsalarien artean eragin handiena izan duenetako bat, bai bere teoria politikoengatik, bai sozialengatik. Batez ere bere ideal iraultzaileek identifikatzen dute.
Teoriatik Praktikara
Bere teoria "dinamita" hutsa zela esan daiteke, baina hurrengo hamarkadetako gudu eta politika arloan porrotak nagusitu ziren haren aplikazioetan. Hala ere, Marx historiako iraultzailerik handienetakotzat har daiteke.
Bere helburua mundua aldatzea zen, eta bereziki, garaiko kapitalismo zapaltzailearekin amaitzea. Teoria komunista deituz, teorian ez ezik, praktikara ere eraman nahi izan zuen, proletalgoaren diktadura gauzatu nahian, klase horrek pairatzen zuen zapalkuntza zela eta.
Eraginaren Adibideak eta Paradoxa
Esan bezala, bere eragina nabarmena izan zen, eta horren lekuko dira Sobietar Batasuneko diktadura stalinista, edota Kubako, Txinako edo Ipar Koreako erregimen komunistak. Nahiz eta haietako askok porrota jasan edota jatorrizko ideietatik urrundu, sortu ziren partidu politiko eta sindikatu guztiek Marxen idealen zati handi bat zeramaten barnean.
Hala ere, hainbeste izan ziren Marxek eragindako eta bere izenpean sortutako ideologiak, ezen Marxek berak esan baitzuen ez zela marxista.