Karlos IV.a eta Antzinako Erregimenaren Krisia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,45 KB

Karlos III.aren heriotzaren ondorioz, Karlos IV.ak bereganatu zuen koroa. Karlos IV.aren erregealdiaren lehen urteetan, hau da, XVIII. mende amaieran, Antzinako Erregimenak krisi larria izan zuen, esparru guztietara zabalduz: ekonomikoa, politikoa eta soziala. Krisi honek Estatu Batuetako eta Frantziako iraultza liberaletan du jatorria. Ideia liberalek erregimen absolutisten gainbehera ekarri baitzuten.

Antzinako Erregimenaren Krisiaren Oinarriak

Antzinako Erregimenaren krisia eragin zuten mugimenduak ideia liberal erradikaletan oinarritzen ziren. Esanguratsuenak hurrengo hauek izan ziren:

  • Nazioaren subiranotasuna
  • Botere-banaketa
  • Estatu laikoa sortzea
  • Gizakiaren eta herritarraren eskubideak errespetatzea

Ideia berri hauen ondorioz, liberalismo ekonomikoan oinarritutako sistema ekonomikoa ezarri zen; horrenbestez, absolutismoa, jauntxoen erregimena eta gizarte estamentala deuseztatu ziren.

Frantziako Iraultzaren Eragina

Frantziako Iraultzaren eragina Euskal Herriko iparraldera ere iritsi zen. Berehala ezarri zituzten neurri iraultzaile liberal guztiak, eta foruak eta eskualde haietako gobernu-erakundeak deuseztatu zituzten. Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako diputatuek Frantziako Asanblea Nazionalean euskal departamendua sortzeko proposamena egin zuten, baina ez zieten proposamena onartu. Frantziako antolaketa administratibo berrian, Behe Pirinioetako Departamentua sortu eta bertan sartu zituzten Ipar Euskal Herriko lurraldeak.

Mugimendu iraultzailearen oihartzuna berehala heldu zen Espainiara. Intelektual eta burges ilustratuek atseginez hartu zituzten ideia iraultzaileak. Talde pribilegiatuek, ordea, beldurrez hartu zituzten ideia hauek.

Karlos IV.aren Erreakzioa

Ideia liberal iraultzaileak zabaltzearen beldurrez, Karlos IV.ak ideia iraultzaileei mugak ixteko agindu zuen: kutsu iraultzaileko liburuak eta argitalpenak sartzea debekatu zuen, Inkisizioari intelektual susmagarriei jazartzeko baimena eman zion, eta, horrela, ikasleak atzerriko unibertsitateetara ikastera joatea galarazi zuen.

Gerra eta Aliantzak

1792an Frantziako Iraultza erradikalizatzen hasi zen, Frantzian errepublika ezarri zen eta Luis XVI.a gilotinan hil zuten. Erradikalizazio honek bultzatuta, Karlos IV.ak Manuel Godoy lehen ministro izendatu zuen.

Luis XVI.a gilotinan hiltzean, Karlos IV.ak gerra deklaratu zion Frantziari. Horretarako, Britainia Handiarekin eta Portugalekin batu zen. Azkenik, Frantziak eta Espainiak Basileako Bakea sinatu zuten. Frantziak Katalunian eta Hego Euskal Herrian okupatuta zituen lurraldeei uko egin behar izan zien. Trukean, Santo Domingo uhartea eman zion Espainiari. Gerra honi Konbentzio Gerra deritzo.

Konbentzio Gerra amaitu zenean, Espainia eta Frantzia berriro aliatu ziren, Britainia Handiaren aurka. Bi herrialdeek San Ildefonsoko Ituna sinatu zuten. Napoleon agintera iritsi zen, eta Karlos IV.ak Napoleonen zabaltze-politikari amore eman zion. Frantzia-Espainia aliantzaren itsas armadak porrota izan zuen 1805ean Trafalgarreko guduan; aliatuen armada ezerezean utzi zuten, eta kolonia hispaniarrekiko merkataritza-krisia areagotu zen. Napoleonek blokeo kontinentala ezarri zion Britainia Handiari; horrela, haren inperioaren mende zeuden lurraldeetan ezin zen merkataritza-trukerik egin. Napoleonek Portugal konkistatzeko laguntza eskatu zion Godoyri; hori Fontainebleauko Itunaren bidez gauzatu zen.

Barne Krisia eta Oposizioa

Karlos IV.aren erregealdian, kolonietako gerrek eta merkataritza-blokeoek Espainiaren ekonomia kaskarra suntsitu eta errege-ogasunaren zorra izugarri handitu zuten. Arazo handiak izan ziren oinarrizko horniduran; horrek gosete handiak eta gizarte-gatazkak ekarri zituen. Manuel Godoy lehen ministroak, despotismo ilustratuaren bideari jarraituz, politika erreformista jarri zuen abian, herrialdea sendotzeko asmoz. Baina erreforma haiek ez zituzten konpondu herrialdearen egiturazko arazo larriak: nekazaritzako eta industriako antolaketa arkaikoa, ondasunak berdintasunik gabe banatuta, laborariek eta nekazariek erosteko ahalmen txikia…

Manuel Godoyren eta Karlos IV.aren beraren kontrako jarrera nagusitzen ari zen, erreformen ondorioz, bai herritarren artean frantsesen aurkako sentimendua zabaltzen ari zelako. Ilustrazioaren inguruko intelektual talde batzuen jarrera erradikalizatzen ari zen; hauek, Antzinako Erregimenaren arrasto ziren absolutismoa eta gizarte estamentala desagerraraztea eskatzen zuten.

Entradas relacionadas: