Klimograma azterketa: Mediterraneo estepako klima eta ezaugarriak
Clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,4 KB
Klimogramaren analisia eta kokapenaren zantzuak
Aurrean dugun irudia klimograma bat da. Bertan, prezipitazio eta tenperaturen datuak agertzen dira, hilabetez hilabete, baita urteko batez bestekoa tenperaturaren kasuan, eta guztizkoa prezipitazioen kasuan ere. Altitudea itsas mailatik 4 metrokoa da. Hortaz, badakigu artxipelagoetako bat dela, edo Iberiar Penintsulako kostaldeko tokiren bat.
Prezipitazioak eta tenperaturak: Klima mota
Urteko prezipitazioak 177 mm-koak dira, eta tenperaturen batez bestekoa 19 ºC-koa. Prezipitazio hauek oso urriak dira; beraz, klima mediterraneo subdesertiko edo estepakoa genuke. Kanariar uharteak, Murtzia, Almería edo Ebro haranaren erdialdea izan zitezkeen.
Prezipitazioen banaketa eta euri forma
Urteko prezipitazioen banaketari dagokionez, 7 hilabete lehor baino gehiago daudenez, oso irregularra dela esango genuke. Tenperaturak baxuak ez direnez, egiten duen prezipitazio hori, gainera, euri forman izango da beti.
Tenperatura-bitartea eta kostaldeko ezaugarriak
Adierazitako tenperaturen urteko batez bestekoak klima beroa dela adierazten digu. Kanariar uharteetako eremu garaienak alde batera uzten ditugu. Tenperatura-bitarteak, berriz, kostaldea dela adierazten digu, 10 ºC ingurukoa delako (bitarte txikia). Argi daukagu jada Kanariar uharteetako kostaldea edo Almeria-Murtziako kostaldea izan daitekeela. Udako tenperatura beroa da, eta negukoa, leuna.
Idortasun indizeak: Gauss eta de Martonne
Azkenik, idortasuna behatu behar dugu. Gaussen indizea eta de Martonnerena ditugu horretarako. Lehenengoari erreparatuz, hilabete guztietan idortasuna ematen dela ikusten dugu, eta de Martonneren indizeak (177/29 = 6.1) estepako klima dela adierazten digu.
Klima mediterraneo estepakoa: Kokapena eta ezaugarriak
Argi daukagu, Kanariar uharteak alde batera utzita, Murtzia-Almeriako kostaldeari buruz ari garela. Gainera, 4 metroko altitudeak kostarekiko gertutasuna adierazten digu, eta horrek itsasoaren eragin handia adierazten digu. Mediterranear klima da, zehazki, estepakoa. Baina basamortuko klimarekiko muga-mugan dago. Hala ere, latitude hauetan antizikloia urtearen zati handienean gainean izateak egonkortasuna ekartzen du eguraldian. Egon daitezkeen prezipitazio urri horiek hegoaldetik eta iparraldetik datozen aire masen arteko talkek ekartzen dituzte, hau da, fronteek. Batez ere, udazkenean izan ohi dira. Kokapena Iberiar Penintsulako hego-ekialdea da, Mendikate Betikoen magalean, hain zuzen ere. Mendikate garai hauek barnealdea isolaturik uzten dute, baina altitude baxu hauetan itsasoak klima leundu egiten du.
Landaredia eta giza eragina: Nekazaritza intentsiboa
Azkenik, landaredia eta giza eraginei buruzko aipamen batzuk: basamortuko klimarekiko gertu aurkitzen denez, ia hutsala dela esan genezake. Baina aurki dezakegun landaredia estepakoa genuke: sastrakadiak, palmondoak, zainzuriak… Idortasunak landaredia xerofiloa aurkezten digu. Kostatik oso gertu balego, halofiloa ere, eta noski, heliofiloa, eguzkiaren behar handia duten espezieak aurkitzen baditugu. Baina eremu honetan soro eta ortu mordoa aurkitzen dira, eta hori gizakiari esker gertatzen da. Klimari aurre eginez, negutegiak ezarri dituzte, batez ere Almerian. Espezie ugari ereiten dira (polilaborantza), eta nekazaritza intentsiboa bilakatzen da.