Kontabilitatea eta Kontabilitate Plan Orokorraren Gida

Clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,75 KB

Zer da kontabilitatea?

Kontabilitatea enpresan derrigorrez ezartzen den informazio-sistema da. Bi funtzio nagusi lortu nahi dira enpresan:

  • Sarrerak eta gastuak: Urtebetean enpresak izandako sarrerak eta gastuak aztertzea, eta ondorioz, emaitzak zehaztea (galdu-irabazien kontua).
  • Ondarea: Urte amaieran enpresak duen ondarea ezagutzea (egoera-balantzea).

Kontabilitate Plan Orokorra (KPO)

Kontabilitatearen bidez lorturiko informazioa fidagarria eta konparagarria izan dadin, enpresek Kontabilitate Plan Orokorrean jasotako irizpideak jarraitu behar dituzte. KPO enpresek kontabilitatea nola eraman behar duten arautu eta azaltzen duen araudia da. Ekonomia-gertaera guztiak eta egiten diren eragiketa guztiak nola jaso behar diren adierazten du, ematen den informazioa homogeneoa, alderagarria eta fidagarria izan dadin.

Kontabilitate Plan Orokorraren egitura

  1. 1. atala: Kontabilitatearen kontzeptu-esparrua. Plan osoaren oinarrizko ideiak, printzipioak eta kontzeptuak azaltzen dira. Lehentasuna ematen zaio informazio finantzarioaren irudi fidela lortzeari.
  2. 2. atala: Erregistratzeko eta balorazio-arauak. Ondare-elementuei eta transakzio edo gertaera ekonomikoei aplikatu beharreko erregistratze eta balorazio-arauak zehazten dira.
  3. 3. atala: Urteko kontuak. Enpresaren egoera jakiteko informazio-iturri garrantzitsuak dira.
  4. 4. atala: Kontuen taula. Enpresaren ondare-elementu guztien zerrenda zehatza eta kodetua da.
  5. 5. atala: Definizioak eta kontabilitate-erlazioak. Kontabilitateko talde, azpitalde eta kontu guztien definizioa ematen da, eta kontu bakoitzaren mugimenduak azaltzen dira.

Irudi fidela eta urteko kontuak

Irudi fidela: Enpresaren errealitatea adierazi behar du, eta kontabilitate-printzipioak eta arauak zuzen aplikatuta lortzen da.

Urteko kontuak: Oso informazio-iturri garrantzitsuak dira enpresaren egoera jakiteko, baina ez soilik jabeentzat edo kudeatzaileentzat. Oro har, edonork kontsulta ditzake sozietate baten urteko kontuak, Merkataritza Erregistroan adierazi behar baitira, jendeak kontsultatu ahal izan ditzan.

Urteko kontuek ematen duten informazioa:

  • Egoera-balantzea: Enpresaren ondarea ekitaldi ekonomiko jakin baten amaieran.
  • Galdu-irabazien kontua: Enpresa batek ekitaldi batean bere jardueraren ondorioz izandako emaitza eta hauen jatorria.
  • Ondare garbiaren aldaketen egoera-orria: Enpresaren ondare garbiaren osaerak ekitaldi batetik bestera izandako aldaketak.
  • Diru-fluxuen egoera-orria: Ekitaldi batean moneta-posizioan izandako aldaketak.
  • Memoria: Erabakiak hartzeko informazio kuantitatibo eta kualitatibo garrantzitsua, aurreko egoera-orrietan ageri ez dena.

Kontabilitatearen helburuak

Kontabilitatearen helburu nagusia informazio ekonomikoa eskaintzea da, bai enpresako erabiltzaile mota ezberdinei, eta bai enpresaren ingurune ekonomikoari:

  • Zuzendariei: Erabakiak hartu eta etorkizuneko ekintzak planifikatzeko behar adina informazio izan dezaten.
  • Jabe eta akziodunei: Beren interesak ondo babestuta daudela froga dezaten.
  • Langileei: Enpresaren emaitzen mende baitago beren lanpostuetan jarraitzea.
  • Enpresako hartzekodunei: Enpresak beren kredituak kobratzeko behar adina kaudimen eta berme duen jakin dezaten.
  • Estatuari: Enpresak zerga egokiak ordaintzen dituela egiaztatzeko.

Entradas relacionadas: