Lan Merkatua eta Ekonomia Sistemak: Kontzeptu Nagusiak
Clasificado en Economía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,2 KB
Lan Merkatua eta Biztanleria Aktiboa
Biztanleria ekonomikoki aktiboa ondasunak eta zerbitzuak sortzeko eskulana ematen duen 16 urte edo gehiagoko pertsona da. Biztanleria aktiboa enplegua duena edo langabezian egon arren lana bilatzen eta lan egiteko prest dagoena da. Biztanleria ez-aktiboa, berriz, landuntzat edo langabetzat hartzen ez diren 16 urtetik gorako pertsonek osatzen dute. INEak (Estatistikako Institutu Nazionalak) Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI) egiten du hiru hilean behin, Espainiako lan-merkatua aztertzeko.
Lan Merkatuaren Antolaketa
Lana ordaindua edo ordaindu gabea izan daiteke, adibidez, etxeko lanak egiten dituzten familiako kideen lana. Hiru motatako ordaindutako langileak daude:
- Gehienek besteren kontura egiten dute lan; soldatapekoak dira.
- Beste langile batzuk kooperatibetan biltzen dira.
- Norberaren kontura lan egiten dutenak: langile autonomoak.
Enplegu-emaileek eta langileek lan-baldintzak negoziatzen dituzte, eta baldintza horiek lan-kontratuetan gauzatzen dira. Hainbat kontratu-modalitate daude: finkoa, heziketa-kontratua, behin-behineko kontratua, besteak beste.
Lan Negoziazioa: Ugazaben Elkarteak eta Sindikatuak
Enpresaburuen eta soldatapeko langileen interesak ez datoz beti bat. Negoziazio kolektiboa lan-baldintzak arautzeko ohiko modua da. Lan-baldintzak onartzen direnean, lan-hitzarmenetan jasota geratzen dira:
- Enpresa-federazioek ordezkatzen dituzte enpresariak. Kolektibo horiei ugazaben elkarteak esaten zaie.
- Sindikatuek ordezkatzen dituzte langileak.
Ekonomia Sistemak
Garai eta leku bakoitzean, modu desberdinean antolatzen da ekonomia-jarduera.
Ekonomia Sistema Tradizionala
Ekonomia-sistema tradizionalean, familiek berek ekoizten dute oinarrizko beharrak asetzeko behar dutena. Ekoizten duten horretatik soberan dutena soilik saltzen edo trukatzen dute azoketan. Ekonomia-sistema hori oso gutxi garatutako gizarteetan izaten da.
Plangintza Zentraleko Sistema
Plangintza zentraleko sistemak ez du ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatua onartzen. Estatuak kontrolatzen ditu ekonomiaren alderdi guztiak: estatua da enpresen jabea. Sistema hori oso hedatua egon zen duela zenbait hamarkada. Gaur egun, oso herrialde gutxitan dago indarrean: Kuban, Txinan eta Ipar Korean. Txina sektore pribatura eta atzerriko inbertsioetara zabaltzen ari da.
Kapitalismoa edo Merkatu Askeko Ekonomia Sistema
Kapitalismoa munduko ekonomia-sistema nagusia da: merkatu askeko ekonomia-sistema ere esaten zaio. Sistema horrek lau ezaugarri nagusi ditu:
- Ekoizpen-bitartekoak jabetza pribatukoak dira: lurrak, makinak, enpresak, besteak beste.
- Etekina lortzea da ekonomia-jardueraren eragile nagusia.
- Enpresek egindako produktuen kantitatea eta prezioa eskaintzaren eta eskariaren legearen arabera arautzen dira.
- Lehia askea dago. Horrek esan nahi du edozein pertsonak edo enpresak nahi duen ekonomia-jarduera egin dezakeela, indarrean dagoen legedia betetzen badu.