Landa Eremuko Jarduerak: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Basogintza

Clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,92 KB

Landa Eremuko Jarduerak

Ustiategiak minifundistak dira (10 ha baino gutxiago). Nekazariek lursail txikiak dituzte, heskaien bidez bananduta eta bata bestetik urrunduta. Hori dela eta, errentagarritasuna gutxitu eta mekanizazioa zaildu egiten da. Hori zuzentzeko, lursailak bateratzea proposatu da, baina emaitza gutxi lortu dira. Kasu batzuetan, denbora partzialean landutako minifundio tradizionalak dira eta etekin txikiak eragiten dituzte; beste kasu batzuetan, ustiategi modernoak dira, plastikoen azpiko barazki-ekoizpenera bideratuak eta askoz ere errentagarriagoak.

Lurraren edukitza-erregimena aldatu da. Iraganean, lurraren jabetza eta beronen ustiaketa bereizita zeuden, zeren eta gehienetan jabeak lurraren ustiapena beste pertsona bati lagatzen zion (zeharkako edukitza) uztaren ehuneko bat ordaintzearen truke –partzuergoa– edo errenta bat ordaintzearen truke –errentamendua–. Gaur egun, jabetzako minifundioa (edukitza zuzena non jabea eta nekazaritza-ustiatzailea pertsona bera den) gero eta garrantzitsuagoa da garai bateko zeharkako edukitza baztertuago geratu delarik.

Lurzoruaren erabilera nagusiak abeltzaintzara bideratzen dira.

Nekazaritza

Nekazaritzak azalera txikia hartzen du. Kostan, landak haranen beheko aldeetan kokatzen dira; barrualdean, haranak estuagoak direnez, nekazaritza-aprobetxamendua oso txikia da. Lehorreko nekazaritza da, prezipitazioak oso erregularrak direlako.

  • Iraganean polilaborantza egiten zen, nekazariak oso isolatuta bizi zirelako eta beren burua hornitzeko beharra zutelako. Barazkiak eta frutak lantzen ziren baratze txikietan, etxeen ondoan, familiak kontsumitzeko, eta artoa, patata, fruta-arbolak eta mahatsondoa, azken hori batez ere Galizian. Kalitate txarragoa zuten lurretan garagarra edo oloa lantzen zen, eta familiaren ekonomia osatzeko abereak hazten ziren. Produktu horien zati txiki bat bakarrik saltzen zen merkatuan. Alde urrutienetan baso-lurrak egoten ziren.
  • Gaur egun, polilaborantza galduz doa eta nekazaritza baratzeko laborantzetan eta bazka-laborantzetan espezializatu da (larreak, alpapa, hirusta, bazka-artoa), abeltzaintzaren garapenarekin bat etorriz. Horrekin batera, behiak ukuiluratu egin dira.

Abeltzaintza

Abeltzaintza nekazaritza-jarduerarik garrantzitsuena da. Klimak, haragiaren eta esnearen hiriko eskariak eta landako biztanleria urriak mesede egiten dio, eskulan gutxiago behar duelako.

Galizian familia-ustiategi txikia eta ertaina dira nagusi. Bizkaiko itsasoaren fatxadan, ustiategiak tamainari eta ekipamenduei dagokienez modernizatu dira, baina ustiategi txikietan denbora partzialeko abeltzaintza ere oso hedatuta dago.

Behi-aziendak dira nagusi. Haragirako behiak, erregimen estentsiboan edo erdi estentsiboan, txahalak ekoiztera bideratzen dira; eta esnerako behiak, erregimen intentsiboan, esnea eta eratorriak ekoiztera. Gehienetan ustiategi mistoak dira, hau da, industrian edo beste jardueretan lanean ari diren abeltzain txikiak dira. Aldi berean, ustiategi kapitalista handiak eta ertain-handiak gutxi dira. Ustiategiko batezbesteko abelburu-kopurua –12koa zen duela hamar urte– ez da errentagarria izateko behar adinakoa eta hauxe da nekazaritza-ustiategi lehiakor batean arazorik larriena.

Baso-ustiapena

Baso-ustiapena beste jarduera garrantzitsu bat da. Altzariaren industriara edo paper-orea lortzera bideratzen da; izan ere, XX. mendearen bigarren erditik aurrera ekoizpenera bideratutako baso-berritzeak ugaritu dira, bai kanpotiko koniferekin (pinus insignis) baita bertako espeziekin ere (pinus pinaster), edo eukaliptoekin. Baso-berritze hauen eragina handia da Euskal Herriko isurialde atlantikoan, Kantabriako itsasertzeko eta altuera ertaineko lurretan, eta bereziki Galizian.

Entradas relacionadas: