Landare Ehunak: Sailkapena eta Funtzioak
Clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,45 KB
Ehun meristematikoak
Meristemoek fotosintesia egiten ez duten zelula bizi txikiak dituzte osagai, eta zelula horiek zatitu eta desberdindu egiten dira, ehun helduak osatuko dituzten zelula motak sortzeko.
Ehun helduak
Ehun helduak hainbat formatako zelulez osatuta daude. Zelula horiek ez dira zatitzen eta ehun meristematikoetatik eratorriak dira. Desberdinduta eta funtzio jakin bat egiteko espezializatuta daude.
Sailkapena:
- Oinarrizkoak
- Eskeletikoak
- Eroaleak (Baskularrak)
- Jariatzaileak
Ehun babesleak
Zelulek, elkarren ondo-ondoan daudenez, kanpo estalki babesle bat osatzen dute. Horrez gain, estalkiak landareak kanpoaldearekin elikagaiak trukatzea ahalbidetzen du, eta trukea erregulatzen da.
Ehun epidermikoa
Kloroplastorik gabeko zelula biziek eta handiek osatzen dute, eta urtebete baino gutxiago duten hostoak, zurtoinak eta sustraiak estaltzen ditu. Landarearen aireko zatiak babesten ditu, ez lehortzeko. Sustraiaren bidez ura eta gatz mineralak xurgatzen uzten dio landareari, eta estomei esker, transpirazioa eta gasen trukea gertatzen da.
Ehun suberosoa
Zelula hilez osatuta dago. Ehun epidermikoaren ordez ageri da urtebete baino gehiagoko landare-zatietan.
Ehun oinarrizkoak
Landarearen masaren zatirik handiena osatzen dute. Zelula bizi handiak dituzte. Zelula horiek bakuolo ugari izaten dituzte eta, batzuetan, kloroplasto ugari ere. Bertan gertatzen da landarearen nutrizioa.
Ehun eskeletikoak
Pareta lodiko zelulek osatzen dituzte, eta egiturazko euskarria eta sendotasuna ematen dizkiote landareari. Bi mota daude:
Esklerenkima
Zelula pareta oso lodiak eta zura metakinak dituzten zelula hilek osatzen dute. Erresistentzia mekanikoa ematen die landarearen zati helduei.
Kolenkima
Sendotasuna eta malgutasuna ematen die landarearen zati gazteei.
Ehun baskularrak
Egitura konplexuak dira, hainbat motatako zelulak elkartuz osatuak. Hostoetan, nerbiazioetan eta sustrai nahiz zurtoinen erdiko zilindroan daude. Izerdi landugabea (ura eta gatz mineralak) sustraietatik hostoetara garraiatzen dute, eta landua (ura eta substantzia organikoak) hostoetatik landarearen gainerako zatietara.
Xilema
Izerdi landugabea sustraietatik hostoetara garraiatzen du.
Floema
Izerdi landua zati fotosintetikoetatik landarearen gainerako zatietara garraiatzen du.