Lau Aldiko eta Bi Aldiko Eztanda Motorrak
Clasificado en Tecnología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,9 KB
Lau Aldiko Eztanda Motorra
Lau aldiko eztanda motorra eragindako pizketa (EPM) eta lau aldiko prozesua duen barne errekuntzako motorra da.
4.1 Funtzionamendua
Sarrera
Pistoia goiko itopuntuan (GIP) dagoenean, erregaia eta aire nahastea irekita dagoen sarrerako balbulatik sartzen da. Pistoia zilindroaren beheko itopuntura (BIP) iristen denean, birabarkia 180º biratu da. Sarrerako balbula itxi egiten da.
Konpresioa
Pistoia BIPtik GIPra igotzen da. Bi balbulak itxita daude eta nahastea konprimatu egiten da. Pistoia GIPra iristen denean, birabarkia beste 180º biratu da. Erregaiak eta aire nahasteak konpresio maximoa dute.
Espantsioa
Bujiak txinparta sorrarazten duenean, nahasteak su hartzen du. Bi balbulak itxita daude eta errekuntzako gasen presioak bortizki bultzatzen du pistoia BIPra, lan erabilgarria eginez. Pistoia BIPra iristen denean, birabarkia beste 180º biratu da. Iheseko balbula ireki egiten da.
Ihesa
Pistoia BIPtik GIPra higitzen da. Iheseko balbula zabalik dago eta erretako gasak kanpora irteten dira. Pistoia GIPra iristen denean, birabarkia beste 180º biratu da. Iheseko balbula itxi eta sarrerakoa ireki egiten da; horrenbestez, prest dago beste ziklo bati ekiteko.
4.2 Motorraren Ziklo Teorikoa: Carnot-en Diagrama
- Sarrerako ibiltartean, nahasteak kanpoko P1 presiopean zilindroaren bolumena V1-etik V2-ra handitzen du.
- Konpresioko ibiltartean (B-C), V2-tik V1-era murrizten da bolumena, presioa P1-etik P2-ra handitzen da eta tenperatura T1-etik T2-ra igotzen da.
- C puntuan, pizketa gertatzen da. Sistema C puntutik D puntura igarotzen da. Errekuntzaren ondorioz, presioa bortizki handitzen da P2-tik P3-ra eta tenperatura T2-tik T3-ra igotzen da: erregaiak Q1 kilokaloria uzten dizkio motorrari.
- Espantsioko ibiltartean (D-E), errekuntzako gasak V2 bolumena okupatzen dute: P3-tik P4-ra eta tenperatura T3-tik T4-ra jaisten dira.
- E puntuan, iheseko balbula ireki eta sistema E puntutik B puntura igarotzen da. Presioa eta tenperatura hasierako balioetaraino jaisten dira, hau da, P1 eta T1 balioetaraino. Motorrak Q2 kilokaloria kanporatzen ditu.
- Iheseko ibiltartean (B-A), zikloa itxi egiten da. Errekuntzako hondakinen bolumena V2-tik V1-era txikitzen da. Abiapuntuan aurkitzen gara, beraz, beste ziklo bati ekiteko prest.
Ziklo itxia da. Erregaiak Q1 kilokaloriako beroa ematen dio motorrari eta motorrak Q2 kilokaloria uzten dizkio kanpoaldeari. Emandako energiaren eta utzitakoaren arteko diferentzia energia mekaniko bihurtzen da. Hau espantsioko ibiltartean agertzen da.
Bi Aldiko Eztanda Motorra
Eragindako pizketa (EPM) eta bi aldi edo ibiltarteko prozesua duen barne errekuntzako motore termikoa da. Sarrera eta iheseko balbulen ordez, karterrerako sarrerako lunbrera (SL) eta iheseko lunbrera (IL) izeneko hodiak ditu; baita ere transferentzia lunbrera (TL), karterra eta zilindroa komunikatzen dituena. Pistoiak, zilindroaren barnean higitzerakoan, lunbrera hauek ireki edo itxi egiten ditu. Erregai eta aire nahastea ez da zilindroan zuzenean sartzen, karterrean baizik, honek nahastea (SL)-n zehar xurgatu eta (TL)-n bitartez zilindrora eramaten duen ponpa gisa funtzionatzen baitu.
5.3 Abantailak eta Eragozpenak
Lau aldiko eztanda motorrarekin konparatuta:
Abantailak
- Fabrikatzeko errazagoa.
- Ez du higadura handia izan ohi duten balbularik erabiltzen.
- Potentzia handiagoa, birabarkiaren buelta bakoitzean lan erabilgarria egiten baitu.
- Transmisio atalak hobeto funtzionatzen dute.
Eragozpenak
- Errendimendu mekaniko txikiagoa.
- Funtzionamendu tenperatura handiagoa.
- Zarata handiagoa.
- Motorraren atalen higadura handiagoa.
- Poluzio handiagoa.
6.4 Ariketa 15
Zerrendatu lau aldiko eztanda motorraren eta diesel motorraren artean dauden egitura eta funtzionamendu desberdintasunak.
Egitura Desberdintasunak
- Lau aldiko motorrak bujiak ditu erregaia pizteko; dieselak ez du bujiarik eta injektoreak erabiltzen ditu.
- Eztanda motorraren errekuntza ganbera, GIP eta zilindroaren goikaldean dagoen espazioa izaten da; diesel motorrean, aldiz, pistoiaren goialdean dagoen hutsunea izaten da, baina landua egoten da.
- Diesel motor baten konpresio erlazioa lau aldiko motorrarena baino handiagoa izaten da.
- Diesel motor batzuk goritasun bujiak izaten dituzte, erregaiaren aurre-berokuntzarako; eztanda motorrek ez dute horrelakorik.
- Diesel motorretan, errekuntza aurre-ganbera bat egoten da eta bertan erregai zati bat erretzen da; eztanda motorrek ez dute horrelakorik.