Lehen Karlistada: Gertaerak eta Gakoak (1833-1839)
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,34 KB
Lehen Karlistada (1833-1839)
Lehen etapa
Oinordekotza arazoarekin hasi zen gerra, eta hasieran nahasmen handia zegoen. Euskal Herriko gizartea bitan banatuta zegoen: hirikoak liberalen alde eta nekazariak zein nobleziaren gehiengoa foruen alde. Nahasmenaren ondoren, pixkanaka alderdiak antolatzen hasi ziren, 1834an Karlos Maria Isidro Euskal Herrira etorri baitzen, Tomas Zumalakarregi buru zuen lurraldera. Horiek estatu karlista martxan jarri zuten, Euskal Herria karlismoaren zentro baitzen, eta erakundeak, ministerioak zein aholkularitzak ezarri zituzten. Halere, estatua ez zen nazioartean onartua izan, eta ekonomia defizita gailendu zen azpiegiturak mantendu ahal izateko. Dena den, Karlos Bizkaiko foruei zin egin zien, “Jainkoa, Aberria, Erregea eta Foruak” karlismoaren lematzat hartuz.
Bitartean, Zumalakarregi Euskal Herriko sinbolo militar bilakatu zen, lurralde ia osoa kontrolpean baitzuen (hiriak izan ezik). Horrela, 1835ean Gasteiz hartzeko asmoa zuen Madrilera joan aurretik, baina Karlos Bilbo nahiago zuen eta setiatu egin zuten. Erasoaldi horretan, Zumalakarregi zauritu eta hil egin zen.
Bigarren etapa
Karlosen buruzagitza aldakorrak eragin handia izan zuen; izan ere, kontraesanak nagusitu ziren. Gainera, bere gortearen tentsioek eta azpijokoek ere eragin handia izan zuten kausaren ahultzean. Horrela, gerrak jarraitu egiten zuen, eta tropa karlistek espedizioak antolatu zituzten Espainiako lur gehiago hartzeko. Bilbok setiatuta jarraitu zuen, Esparterok 1836an Lutxanako gudua irabazi eta askatu arte.
Hirugarren etapa
Pertsona erradikalak jarri ziren buruzagitzat, eta karlistak izutzeaz gain, zatiketa bat gertatzen hasi zen: batzuk gerrarekin jarraitzea nahi zuten, irabazteko aukerak zituztela sinetsiz, eta besteek amaiera emateko ideia zuten. 1837an Errege Espedizioa martxan jarri zuten Madrilera bidean, baina huts egin zuen. Karlismoa behea jota zegoen, eta barne-tentsioak handitzen ari ziren. Horrela, Maroto jenerala buru jarri zen, eta isilpeko negoziazioak eraman zituen aurrera, batez ere Esparterorekin. Bergaran bildu ziren, horrela tokatu zelako, eta 1839an Bergarako Besarkada eman zen Maroto eta Esparteroren artean, Lehen Karlistaldiaren amaiera irudikatzen zuena.