Lehen Mundu Gerra: Faseak, Itunak eta Ondorioak
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,37 KB
Lehen Mundu Gerraren Faseak
Mugimendu Gerra (1914)
Alemaniaren planaren helburua (Schlieffen plana) mendebaldeko frontean garaipena ahalik eta azkarren lortzea zen. Alemaniarrak Frantzian sartu ziren hasieran, baina aliatuek alemaniarrak gelditzea lortu zuten. Frantziak garaipen mugatua lortu zuenez, pikutara bidali zuen alemaniarren plana. Beraz, mendebaldeko frontea egonkortu egin zen eta gerra luzatu. Ekialdeko frontean alemaniarrek garaipen garrantzitsu bat lortu zuten Tannenbergen, errusiarrei aurre eginez.Posizioen edo Lubakien Gerra (1914-15)
Mugimendu Gerraren ondoren fronteak egonkortu egin ziren. Armadek posizioak hartu zituzten; alanbre-hesiak eraiki zituzten eta lurrean egindako zuloetan babestu ziren (lubakiak).
1916an ahitzeko gerra nagusitu zen, Verdungo guduak markatua. Taktika hau erabili zuten: etsaia ahalik eta gehien ahultzea, bakea sinatzera behartzeko. Baina hala ere, Verdungo Guduan Alemaniako armadak porrot egin zuen. Gero, indar aliatuek antzeko eraso bat egin zuten Sommen (gudu honetan hildako asko egon ziren eta inork ez zuen lortu garaipena). Ekialdeko frontean, Errusiako armada eta tsarren erregimena gero eta azkarrago ari ziren desegiten.
Ahitzeko Gerratik Amaierako Erasoaldira (1917-18)
Alemaniaren itsaspeko gerrak kalteak eragin zizkien estatubatuarrei. Beraz, Wilsonek (AEBetako presidentea) gerran parte hartzea erabaki zuen. Abantaila asko ekarri zizkion aliatuei, hain zuzen ere, Errusiako armada desegiten hasi zen unean.
Errusian, boltxebikeak bakea nork bere aldetik lortzearen aldekoak ziren. 1917ko abenduan Alemaniarekin Brest-Litovskeko Bake Ituna sinatu zuten. Itun horren bidez, ekialdeko frontean gerra amaitutzat eman zuten.
Bestalde, Alemaniako armadak gainbehera egin zuen, fronteetan izandako porrotengatik, egoera ekonomikoagatik eta herrialdeko gizarte-arazoengatik. Alemaniako gobernu berriak armistizioa sinatu zuen 1918ko azaroaren 11n. Orduantxe amaitu zen Lehen Mundu Gerra.
Bake-itunak
Pariseko Bake Konferentzia
AEBetako Wilson presidenteak 'hamalau auziak' aurkeztu zituen Kongresuan. Haren ustez, auzi hauekin boterea ezarriko zen. Helburuak demokrazia, autodeterminazioa, nazioarteko legedia, etab. ziren. Baina errealitatean, printzipio horiek ez ziren errespetatu eta gerrako galtzaileei zigorrak inposatu zizkieten Pariseko Bake Itunean. Frantziak, gatazkaren ondoren, Alemaniari gerra-ordainak ordaintzea eskatu zion.
Garaileek Inposatutako Bakea
Pariseko itunen artean, Versaillesko Ituna izan zen garrantzitsuena eta Alemaniarekin bakea arautzeko egin zen. Oso zorrotza zenez, Alemaniak 'diktat' gisa hartu zuen.
- Alemaniak lurralde asko galdu zituen: Alsazia eta Lorrena Frantziaren esku utzi zituen.
- Ekialdeko Prusia eta Dantzigeko pasilloa Poloniari eman behar izan zizkion.
- Gainera, Alemaniak gerra-ordain handiak ordaindu behar izan zituen.
- Merkataritza-ontzidia eta tren-makinak garaileei eman behar izan zizkien.
- Sarreko ikatz-meatzeen ustiapena Frantziaren esku utzi behar izan zuen 15 urtez.
- Azkenik, alemaniar armada asko murriztu zen, 100.000 soldadu izatera arte.
- Aliatuek Rhin ibaiaren ezkerreko ertza okupatu zuten.
- Gainera, Alemania eta Austria elkartzea debekatu zitzaien.
Itunen Ondorio Politikoak
Gerra amaitzean inperio handiak desagertu egin ziren. Antzinako Alemaniar Inperioan eta Austrohungariar Inperioan, errepublikak ezarri ziren. Turkiar Inperioa ere desagertu egin zen. Estatu berriak ere eratu ziren: Polonia, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania, Txekoslovakia, Jugoslavia eta Hungaria.
Ondorioak
Ondorio Demografikoak
Kalkuluen arabera, 25 milioi (10 milioi militar + 15 milioi zibil) hildako eta 30 milioi zauritu, elbarri eta itsu egon ziren. Gerrak gosea ekarri zuenez, jaiotza-tasak behera egin zuen.
Ondorio Ekonomikoak
Gatazka-eremuak txikituta eta nekazaritza- eta industria-guneak landu gabe geratu ziren. Ekonomia okerrera joan zen Europan. Gainera, Erresuma Batuak eta Frantziak gerra-zorrak zituzten AEBekin. Beraz, Frantziak eta Erresuma Batuak Alemaniari gerra-ordainak ordaintzeko eskatu zieten, AEBen gerra-zorrak ordaindu ahal izateko.
Ondorio Politikoak
Pariseko Bake Itunetan muga-aldaketak egon ziren.
Gatazka Sozialak
Gatazka sozialek egonezina eragin zuten. Gerrak iraun zuen bitartean, emakumeek ordura arte gizonezkoenak ziren lanpostuak bete zituzten. Gerraosteko urteetan, emakumeek lorpenik garrantzitsuena bozkatzeko eskubidearen aitorpena izan zen.
Nazioen Elkartea
Nazioen Elkartea nazioarteko erakunde bat izan zen, Lehen Mundu Gerran Wilson presidentearen ekimenez sortu zena. Haren helburuak ziren bakeari eustea, segurtasun kolektiboa bermatzea eta munduko estatuen desarmatzea eta lankidetza ekonomiko eta kulturala sustatzea.
Baina erakunde hau ahula zen, ez zuelako armadarik eta ez zituelako erabakiak betearazteko ahalmenik. Gainera, herrialde galtzaileei (Alemania eta Sobietar Batasunari) ez zitzaien utzi elkarteko kide izaten eta koloniek ez zuten ordezkaritzarik. Azkenik, AEBek ez zuten elkartean parte hartu nahi eta politika isolazionista bat ezarri zuten.
Hogeiko Hamarkada
Iraultza-saiakerak eta gatazkak egon ziren Alemania, Hungaria eta Italian. Alemaniak ezin izan zituen gerra-ordainak ordaindu eta HIPERINFLAZIOA gertatu zen (salneurrien etengabeko igoera).
1925etik aurrera bake-giro bat ezarri zen Alemanian; ordainketa-plan bat adostu zen Locarnoko Itunean. Beraz, ekonomia aldetik ondo zeuden eta ia gatazkarik ez zegoen. Urte horiei 'Hogeiko Hamarkada Zoriontsua' deitu zitzaien. Baina, 1929an krisi ekonomiko bat gertatu zen: 'Kraka'.
Ondorioak Kolonietan
Kontzientzia nazional bat piztu zen kolonietan. Ekialde Hurbilean arazoak egon ziren. Batetik, britainiarrek eta frantziarrek arabiarrei arabiar erresuma handi bat eratuko zutela agindu zieten, turkiarren aurka borrokatzeagatik. Bestetik, 1917an, juduei 'juduen etxe nazionala' sortuko zutela agindu zieten. Ameriketako Estatu Batuen laguntza finantzarioa lortu nahi zuten bide horretatik.
Britainiarrek eta frantziarrek Ekialde Hurbileko turkiar lurrak elkarren artean banatzea eta bertan mandatuak ezartzea erabaki zuten, eta horrek atsekabea eragin zuen arabiarrengan.