Lehengaiak, Energia eta Industria: Oinarrizko Kontzeptuak
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,49 KB
Lehengaiak
Naturatik datozen baliabideak dira.
Mineral Jatorriko Lehengaiak
Meatzaritzako jardueren bidez lurpetik ateratzen diren lehengaiak dira. Hainbat mota daude:
- Metalikoak: burdina (siderurgia edo altzairugintza), kromoa (barne-errekuntzako motorrak), kobaltoa (aeronautika).
- Ez-metalikoak: fosfatoak eta nitratoak (ongarriak egiteko), potasak (industria kimikoa eta botikagintza), granitoa, arbela eta marmola (eraikuntzarako materialak).
- Energetikoak: Garrantzitsuenak petrolioa, ikatza, uranioa eta gas naturala dira.
Energia-iturriak
Energia-iturriak ere baliabideak dira, horiei esker ekoitz baitaiteke industriak, garraioak, etxeek eta beste hainbat jarduera eta arlok behar duten energia.
Berriztaezinak
Energia-iturri tradizionalak dira; ez dira berritzen, eta birsortzeko zikloak mende asko iraun dezake. Erabilienak erregai fosilak dira (petrolioa, ikatza, gas naturala eta uranioa).
Berriztagarriak
Ziklo naturalen bidez birsortzen dira, eta asko erabil arren, ez dira agortzen. Hauek dira garrantzitsuenak:
- Biomasa: (egurra, nekazaritzako hondakinak, simaurra...). Egurra erre edo materia organikoa hartzitzen denean, energia sortzen da. Merkea denez, oso erabilia da herrialde azpigaratuetan.
- Ura: (energia hidroelektrikoa). Energia-iturri erabilienetako bat izan da beti.
- Eguzkia: Eguzkiaren beroa (eguzki-energia) eta haizearen indarra (energia eolikoa). Azken urteotan garapen handia izan dute herrialde industrializatu batzuetan, gobernuen laguntzari esker.
- Lurraren barneko beroa (energia geotermikoa) eta marearen indarra (marea-energia). Oraingoz zailak dira ekoizten, eta lurreko oso leku gutxitan dago.
Industria
Industria Astuna
Beste industria batzuetarako lehengaiak ekoizten dira. Produktu baten kantitate oso handiak erabiltzen dira, eta horregatik, beharrezkoak dira instalazio handiak, energia asko eta inbertsio oparoak. Oso kutsatzailea da. Lehengaietatik gertu kokatu ohi da, edo oso ondo komunikatutako lekuetan, adibidez, portuetan.
- Oinarrizko industriak: beste industria batzuetarako produktu erdilanduak egiten dituzte, lehengaiak eraldatuz. Metalurgikoa, industria kimiko oinarrizkoa eta erauzketa-industria dira.
- Ekipamendu-ondasunen industriak: Beste industrietarako produktu amaituak egiten dituzte. Batzuk lehengai gisa erabiltzekoak dira, eta besteak ekoizpenerako makineria. Eraikuntza-industria eta eraldaketa-industria dira.
Industria Arina
Zuzenean kontsumitzen diren produktuak egiten ditu, lehengaiak edo produktu erdilanduak eraldatuz. Industria astunak baino instalazio txikiagoak behar izaten dira, eta inbertsio eta langile gutxiago ere bai. Astunak baino gutxiago kutsatzen du. Salmenta-merkatuetan sarbide erraza duten kontsumo-guneetatik gertu egon ohi dira. Elikagai-industria, ehungintza, altzarigintza, elektromekanikoa eta kimiko arina dira nagusiak.
Industriaren Gaur Egungo Joerak
Gaur egun, puntako industriak (informatika, telekomunikazioak, mikroelektronika, bioteknologia) dira herrialde garatuen bereizgarriak.
Industrien Kontzentrazioa
Kontzentrazio Horizontala
Sektore bereko enpresak dira, eta zuzendaritza bakarra dute. Adibidez, siderurgiako industria batzuek jokatzen dute horrela.