Litosfera eta Plaken Tektonika: Lurraren Dinamika

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,96 KB

Litosfera: Lurrazalaren eta Mantuaren Arteko Lotura

Litosfera Lurraren geruza zurrunena da, lurrazalaz eta goi-mantuaren kanpoaldeko zati sendoaz osatua. Bi motatako litosfera bereizten dira:

  • Litosfera kontinentala: Azal kontinentalak eta goi-mantuaren zati batek osatzen dute. 300 km inguruko lodiera du mendikateen azpian, eta 100 km ingurukoa, berriz, kontinenteetako eremu lauetan.
  • Litosfera ozeanikoa: Azal ozeanikoak eta goi-mantuaren zati batek osatzen dute. 100 km baino lodiera txikiagoa du ozeanoetako eremu zaharrenetan, eta 20 km baino gutxiagokoa, berriz, ozeanoen eremu gazteenetan.

Litosferaren azpiko mantuaren higidurek litosfera bera mugiarazten dute, eta horren ondorioz, bloke handitan zatitzen da: plaka litosferikoetan.

Wegener eta Mobilismoaren Hastapenak

1912an, Alfred Wegener meteorologo alemaniarrak teoria iraultzailea proposatu zuen: kontinenteen jitoa. Kontinenteen eta Ozeanoen Jatorria liburuan azaldu zuenez, kontinenteak higitu egiten dira, eta duela 300 milioi urte elkartuta egon ziren, kontinente-masa bakarra osatuz: Pangea. Wegenerren ustez, kontinenteak ozeanoen hondoen gainean labainduz higitzen ziren, baina ezin izan zuen azaldu zerk bultzatzen zituen. Lurraren errotazioaren eragina aipatu zuen aukera gisa. Nahiz eta frogak aurkeztu, kontinenteen jitoaren teoriak sinesgaitza izaten jarraitu zuen garai hartako zientzialarientzat.

Wegenerren Teoriaren Aldeko Frogak

  1. Kontinenteen ahokadura: Beste egile batzuek ere ikusi zuten kontinenteen profilak, bereziki Hego Amerikak eta Afrikak, ondo ahokatzen zirela.
  2. Izotzaren noranzkoa: Duela 300 milioi urteko izotzaren higiduraren aztarnek kaotikoak ziruditen kontinenteen gaur egungo kokapena kontuan hartuta. Baina zentzua hartzen zuten kontinenteak elkartuta eta izotz-kasko batez estalita zeudela pentsatuz gero.
  3. Fosil berdinen presentzia: Hainbat kontinentetan, elkarrengandik urrun, fosil berdinak aurkitu ziren. Hori azaltzeko, ezinbestekoa zen onartzea kontinenteak elkartuta egon zirela iraganean, tartean ozeanorik gabe.

Mobilismoaren Garapena eta Plaken Tektonikaren Teoria

1945etik 1960ra bitartean, ozeanoen hondoei buruzko informazio ugari bildu zen. Informazio horri esker, teoria fixistek (kontinenteak finko zeudela ziotenek) sinesgarritasuna galdu zuten, eta kontinenteen higikortasuna onartzen hasi zen. Konbekzio-korronteak, mantuan ematen diren korronte zirkularrak, lur barneko beroaren eraginez sortzen dira. Fluxu beroek gorantz egiten dute, eta fluxu hotzek, berriz, beherantz. Uste da korronte horiek direla plaka tektonikoen higiduraren eragile nagusia.

Entradas relacionadas: