Lupa, Argazki-Kamera, Giza Begia, Efektu Fotoelektrikoa eta Euskal Idazleak: Aresti eta Txillardegi
Clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 15,9 KB
Luparik gabe
Puntu hurbila 25 cm-tara kokaturik dago. Luparik gabeko ikus angelua φ0 da. Marrazkitik:
tan φ0=y/0,25
Luparekin
Objektua fokuan kokaturik dago eta, kasu honetan, ikus angelua φ da. Marrazkitik:
tan φ=y/f
Angeluak txikiak direnean, zera betetzen da: φ~tgφ eta erlazio hori erabiliko dugu goiko marrazkietatik zenbakizko balioak lortzeko:
Handitze-ahalmena: AA = 0 = yfy0,25 = 0,25f = 0,25 P
- P (potentzia)=1/f.
- 0,25 puntu hurbilera dagoen distantzia (25 cm).
- f= luparen foku distantzia
Zer da lupa?
Lupa (mikroskopio sinplea ere deitua) tresna optikoen artean sinpleena da. Lente konbergente bat da eta objektuak berez duena baino tamaina handiagoaz ikustea ahalbidetzen du.
Tamaina txikiko objektu bat zehaztasunez ikusi nahi badugu, normalean begirantz hurbiltzen dugu erretinan sortuko den irudia handiagoa izan dadin. Leiarrik gabe, ordea, ezin dira begiaren puntu hurbila (25 cm, nahiz eta adinarekin aldatu) baino gertuagoko irudirik garbi ikusi. Beraz, puntu hurbilak mugatu egiten du noraino hurbildu dezakegun objektu bat zehaztasunez ikusteko. Lupa baten laguntzaz, objektua puntu hurbila baino gertuago kokatu dezakegu.
Luparen ezaugarriak
- Lente konbergentea denez, erdian lodiagoa da ertzetan baino. Lente konbergenteek izpiak puntu batean kontzentratzen dituzte: fokuan. Fokuan jartzen dugun edozein objektu (papera, hosto lehorrak...), eguzki izpiak kontzentratu eta sua piztu dezakegu.
- Objektua, lente eta fokuaren artean kokatu behar da. Horrela sortzen den irudia: birtuala (izpien luzapenen ondorioz sortzen da), zuzena eta jatorrizkoa baino handiagoa da.
Luparen handipena
Luparen handipen angeluarra (AA) edo handitze-ahalmena ondorengo bi angeluen arteko zatidura da.
Argazki-kameraren funtzionamendua
Argazki-kamera irudiak atzemateko tresna optiko bat da. Sistema optiko batek eta hartzaile fotosentikor batek osatzen dute. Sistema optikoa (OBJEKTIBOA), objektuaren irudi erreal eta alderantzikatua hartzailearen gainean proiektatzeaz arduratzen da.
Argazki-kamerek leiar konbergente batez baliatzen dira irudia lortzeko.
- Leiarra: konbergentea.
- Irudiaren ezaugarriak: txikiagoa, alderantzikatua eta erreala.
- Objektuaren eta irudiaren posizioak: objektua (argazkia atera nahi diogun elementua) lentearen 2F posizioa baino urrutiago kokatzen da (2F puntua fokuaren distantzia bikoitzera dagoen puntua da).
Argazki-kameraren elementuak
- Gorputza: funtsean kamera iluna da. Atzealdean, objektuaren irudi erreal eta alderantzizkoa eratzen den lekuan, xafla edo film fotografiko sentikorra ipintzen da.
- Objektiboa: objektuek islatutako argia biltzen duen sistema konbergentea da. Kasurik sinpleenean lente konbergente bakarra da. Objektibo on batek akatsik gabeko irudia sortu behar du, eta fokatze-sakonera handia izan behar du. Fokatze-sakonera objektuak aldi berean fokatu ditzakeen punturik hurbilenaren eta urrunenaren arteko distantzia da.
- Bisorea: honekin irudia enkoadratu egin daiteke, nahi den zatia filmean inpresionatuta gera dadin.
- Obturadorea: dispositibo horren bidez esposizio-denbora kontrola daiteke, hau da, argia pelikulara iristen dagoen denbora tartea.
- Diafragma: elkarren gainean ezarritako xaflatxo metalikoen eraztun bat da, eta objektiboaren diametro eraginkorra erregulatzeko balio du, eta, ondorioz, filmera iristen den argi kantitatea.
- Kliskagailua: kliskatzean, argazkia ateratzen dugu. Denbora konkretu batez ireki egiten du obturadorea, horrela, kanpotik argiak filma inpresiona dezan.
Funtzionamendua
Pelikulan osatzen den irudia erreala eta alderantzikatua da beti, ondoko eskemak adierazten duen moduan. Bertan, objektiboaren papera egiten du lente konbergenteak.
Giza begiaren deskribapena
Giza begia dioptrio esferiko batez eta lente batez (kornea eta kristalinoa, hurrenez hurren) eratutako sistema optikoa da. Sistema optiko honek objektuen irudi errealak eta alderantzikatuak sortzen ditu erretinan.
Begiaren itxura 2,5 cm inguruko diametroa duen esferarena da gutxi gorabehera, esklerotika deritzon mintzaz inguratua; hau gardena da aurrealdean eta kornea deitzen zaio.
Argiaren sarrera begian iris deritzon diafragma batek erregulatzen du eta honek irekidura zirkular bat du, begi-ninia (pupila) deritzona. Irisaren atzean eta berau ukitzen duela lente konbergente biganbil bat dago, kristalinoa, eta konbergentzia aldakorra dauka muskulu ziliarrei esker. Hauek kristalinoaren aurpegien kurbadura handiagotzea edo txikiagotzea eragiten dute.
Kornearen eta kristalinoaren artean likido bat dago, humore urtsua deritzona. Kristalinoaren atzean, begi-globoa betez, beste likido bat dago, humore beirakara. Bi humore hauen errefrakzio-indizeak ia berdinak dira (n=1,34), kristalinoarena zerbait handiagoa izanik (n=1,437).
Argi-izpiek, kornea, humore urtsua, kristalinoa eta humore beirakara zeharkatu eta erretinan erasotzen dute. Erretina begiaren barruko estalkia da eta bertan konoak eta bastoiak deritzen zelula hartzaileak daude, hauek argiarekiko sentikorrak direlarik. Zelula hauek nerbio optikoari konektaturik daude eta honek garunera bidaltzen ditu nerbio-seinaleak.
Begiaren egokitzapena eta puntu hurbila
Distantzia ezberdinetan dauden objektuak enfokatzeko kristalinoan ematen den distantzia fokalaren aldaketari deitzen zaio egokitzapena.
Objektua begitik urrun dagoenean muskulu ziliarrak lasaitu egiten dira eta lentea (kristalinoa) mehetu egiten da. Kristalinoaren fokua erretinan kokatzen da eta irudia bertan sortzen da. Gure begia, normalean, infinituan fokaturik dago.
Objektua begira gerturatzen badugu eta kristalinoak ez badu bere distantzia fokala aldatzen, irudia nahasia ikusten da, ez baita erretinaren gainean enfokatzen, atzerago baizik.
Objektu hurbil batean fokatzeko, gihar ziliarrak uzkurtu egiten dira, era horretan kristalinoaren forma aldaraziz, esferikoagoa bihurtuz, eta kurbadura-erradioa eta distantzia fokala txikiagotuz. Horrela, irudia erretinaren gainean enfokaturik geratzen da.
Baina egokitzapenak muga bat du: objektua begira gerturatzen badugu, distantzia batetik aurrera ez dugu bere irudia garbi nabarituko. Begiak argi enfokatzen duen punturik hurbilenari puntu hurbila esaten zaio. Distantzia hau pertsona batetik bestera eta adin ezberdinen arabera aldakorra izaten da. Gazte baten kasuan, 25 cm-koa izaten da gutxi gorabehera.
Bestalde, urruneko puntua, pertsona batek objektuak argi bereizten dituen distantzia maximoari deritzo. Begi normalaren kasuan, infinituan dago puntu hori.
Kono eta bastoien banaketa ez da uniformea erretina osoan zehar. Badago 0,25 mm-ko eskualde txiki bat, fobea deritzona, non bertan konoak bakarrik agertzen diren; hau da erretinaren zatirik sentikorrena. Objektu bati begiratzen diogunean, begiak objektuaren irudia eremu horretan eratzeko moduan enfokatuko du.
Irudien eraketa
Begiak lente konbergente bat bezala jokatzen du eta objektuen irudi errealak eta alderantzikatuak sortzen ditu erretinan.
Objektuei dagokienez, ikusten dugun tamaina, erretinan eraturiko irudiaren tamainaren araberakoa da: objektua zenbat eta hurbilago egon, orduan eta handiago izango da irudia; eta zenbat eta urrunago egon, irudia txikiagoa izango da.
Efektu fotoelektrikoa
XIX. mendearen bukaeran, Hertzek aurkitu zuenaren arabera, zenbait gainazal metaliko argiaren eraginpean jartzean (argi ikusgaia edo ultramorea), gainazal horiek elektroiak igortzen zituzten (fotoelektroi izenekoak). Fenomeno horri efektu fotoelektrikoa deritzo.
Fisika klasikoak azaltzen ez dituen fenomenoak
Esperimentu honetan, teoria elektromagnetiko klasikoaren bidez azal ezin daitezkeen hainbat gertaera agertu ziren:
- Emisioa edo igorpena f maiztasuna maiztasun minimo bat baino handiagoa denean gertatzen da soilik: maiztasun minimo hori metal bakoitzaren ezaugarri propioa da, eta atari-maiztasuna deritzo, f0.
Teoria klasikoaren arabera, efektu fotoelektrikoa argiaren edozein maiztasunetan gertatu beharko litzateke, argiaren intentsitatea behar bezain handia izanez gero.
- Elektroien igorpena dagoenean, igorritako elektroien kopurua argiaren intentsitatearekiko proportzionala da.
- Igorritako edo ateratako elektroien energia zinetikoa orduan eta handiagoa da zenbat eta handiago izan erradiazio erasotzailearen maiztasuna. Elektroien energia zinetiko maximoa ez dago, ordea, argiaren intentsitatearen menpe. Azken gertaera hori ezin da teoria klasikoaren bitartez azaldu.
- Ezin izan da inoiz neurtu atzerapen-denborarik metalaren argiztapenaren eta fotoelektroien igorpenaren artean. Hala ere, teoria klasikoaren arabera, argiaren intentsitatea oso ahula bada, atzerapena gertatuko litzateke argia erasotzen dueneko aldiunearen eta fotoelektroien igorpen-aldiunearen artean.
Einsteinen azalpena teoria kuantikoaren bidez
1905ean, Albert Einsteinek efektu fotoelektrikoaren azalpena eskaini zuen. Planck-en teoria kuantikoa erabiliz, Einsteinek erradiazio elektromagnetiko batek igortzen duen energia kuantizaturik dagoela proposatu zuen, fotoi deritzen paketetan hain zuzen.
- Fotoi bakoitzaren energia erradiazioaren maiztasunaren zuzenki proportzionala da.
Fotoi kontzeptua erabiliz oso ondo azaltzen dira efektu fotoelektrikoan gertatzen diren fenomenoak:
- f maiztasuna duen argiaren energia hf energia duten fotoien bidez dator; argiaren intentsitatea aldatzen badugu, fotoi kopurua aldatzen dugu baina fotoi bakoitzaren energia berdina izango da, argiaren maiztasuna ez baitugu aldatu.
- Metaletan elektroiak daude, batzuk aske gainera, baina nahiz eta aske egon metaletik ateratzeko energia eman beharko diegu, gehiago ala gutxiago metalaren arabera. Energia honi erauzketa-lana deitzen diogu, W0, eta metal bakoitzaren ezaugarria da. Hau da, metalak jaso behar duen energia minimoa bere barneko elektroiak (batzuk) libre gera daitezen, beraz, ateratzeko prest. Energia gehiago jasoz gero, irten egingo dira.
- Metala argiztatzen dugunean f maiztasuna duen argi batekin, elektroi batek fotoi bat xurgatuko du eta bere energia (h.f) bereganatu. Fotoiaren energia nahikoa bada, elektroia atera egingo da eta, gainera, energia zinetiko batez:
Ezinetikoa = h.f – W0
Gabriel Aresti (1933-1975)
- Non eta noiz jaio eta hil zen Gabriel Aresti? Gabriel Aresti Bilbon jaio zen 1933ko urriaren 14an. Hiri horretan bertan hil zen 1975eko ekainaren 5ean.
- Zein izan ziren bere obra nagusiak? Maldan behera, Harri eta herri, Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau.
- Zein dira bere poesigintzako ezaugarri nagusienak? Bere poesian garai hartako kezkak aurkezten zituen, euskara ulergarriago eta praktikoan, eta horrek gazte jendearengana hurbiltzen lagundu zion.
- Poesiaz gain, zein beste literatur genero landu zuen? Eleberri bakarra idatzi zuen: Mundu-munduan (1965). Hainbat antzerki-lan: Lau teatro arestiar; Justizia txistulari… Itzulpengintzan ere lan-saio batzuk egin zituen. Aldizkaritan argitaratutako hainbat artikulu, kantetarako sortutako hitzak ere idatzi zituen, asko Oskorri taldearekin elkarlanean eginak: Gora ta gora beti; Guk euskaraz, zuk zergatik ez.
- Zenbat urterekin hasi zen Aresti euskara ikasten? 12 urte zituela hasi zen euskara ikasten.
- Arestiren lanek nagusiki hiru iturritatik edan zuten. Zein iturritatik? Garai hartan Europan egiten zen literaturatik. Kontuan izan behar da garai hartan Espainiako estatua Francoren diktadurapean zegoela, eta horrek ez zuen laguntzen Europako lan guztien berri izaten. Literatura klasikoa. Euskal literaturaren esakune xume eta herrikoia (bertsolaritza…)
Txillardegi (1929-2012)
- Non eta noiz jaio eta hil zen Txillardegi? Donostian jaio eta Donostian hil zen (1929-09-27 / 2012-01-14).
- Zein da bere benetako izena eta zein beste ezizen izan ditu? Jose Luis Alvarez Enparanza; “Harribizkieta”, “Larresoro”, “Usako”, “Igara”.
- Zein erakunderen edota alderdiren sorreretan hartu zuen parte? Ekin erakunde abertzalea: EAJ-ren jarreraren eraginkortasun eza zela eta, sortu zuen beste gazte batzuekin batera. ETAren sortzaile (1959) eta buruzagietako bat (berak eman zion izena erakundeari): erakunde armatuak V. Asanbladan (1967) marxismo-leninismoarekin bat egin zuenean, kide izateari utzi zion. ESB (Euskal Sozialisten Biltzarra, 1977) alderdia sortu eta, gerora, Herri Batasunaren ordezkari izan zen Espainiako Senatuan.
- Zergatik da aipagarri Txillardegi euskal literaturaren alorrean? Tradiziozko eleberrigintza modernizazioaren eta berrikuntzaren bidean jarri zuelako, garai hartako Europako literaturaren ildoari jarraituz. Hau da, azken lau hamarkadetako ohiturazko eleberrigintza erabat irauli zuen eta bat egin zuen garai hartan Europan indar handia zeukan korronte filosofiko existentzialistarekin (existentzialismoa: bizitzaz eta gizabanakoaren emozio, ekintza, ardura eta pentsamenduez edo bizitzaren zentzuaz ari da; larriduraz, borrokaz eta melankoliaz beteta adierazten da bizitza).
- Aipatu bere eleberri ezagunenak: Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako, Elsa Scheelen, Haizeaz bestaldetik, Exkixu, Putzu, Labartzari agur.
- Zein izan da euskal literaturako lehenbiziko eleberri modernoa? Zein urtean argitaratua? Nolako nobela izan zen? Leturiaren egunkari ezkutua (1957). Nobela existentzialista da, korronte filosofiko existentzialistarekin bat egiten duena.
- Zer jorratzen da Leturiaren egunkari ezkutuan? Liburua transkribatutako egunkari gisa dago idatzita, eta urtebeteko denbora hartzen du: udaberritik hasi eta negura arte. Urtaroekin batera, bada, Joseba Leturia pertsonaia nagusiaren barne-gatazkak ageri dira, Miren izeneko emakumezkoarekin lotutakoak eta harreman horrek eragiten dizkionak. Hori horrela, euskal eleberrigintzako lehenengo pertsonaia gatazkatsua da Leturia, gertakariak, usteak eta pentsamoldeak lehenengo pertsonan kontatzen dituena. Horrekin batera, eleberriko lekuak ez dira jada kostaldeko herri txiki edo baserri-giro idealizatuak, baizik eta hiriak (egiazkoak nahiz egileak asmaturikoak).
- Bere bigarren nobelak zergatik izan zituen kritikak? Peru Leartzako lanean kezka existentzialista areagotu egiten da (Peru da protagonista eta nahitaez aurrera egiten duen denborak biziki kezkaturik dauka). Hori dela eta, ideologiak garrantzi handiegia hartzen duela diote hainbat adituk eta atzerakada poetikoa izan duelakoan daude.
- Zergatik ez zuten euskaltzain oso izendatu? Birritan proposatu bazuten ere, bietan gaitzetsi zen proposamena, arrazoi politikoak zirela eta (proposamena hirugarrenez egitekotan egon zirenean, Txillardegik berak eman zuen ezetza). Azkenean, 2004an ohorezko euskaltzain izendatu zuten (baina ez euskaltzain oso).
- Eleberriez gain, zein beste genero landu zituen? Saiakera landu zuen: Huntaz eta hartaz, Hizkuntza eta pentsakera… (Saiakera: gai jakin bati buruz -filosofia, kirolak, literatura…- idazleak pentsatu edo iritzi duena adierazten du). Euskara aztergai duten orotariko ikerketak burutu zituen. Horrez gain, politikaz, kulturaz eta literaturaz ere idatzi zuen hainbat aldizkaritan.