Lurraren Eredu Geodinamikoa eta Plaken Tektonika
Clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,99 KB
Lurraren Eredu Geodinamikoa
Zertan oinarritzen da Lurraren eredu geodinamikoa? Eredu hau geruzak zer egoera fisikotan dauden eta zer propietate mekaniko dituzten aztertzean oinarritzen da, presioari eta tenperaturari ematen dioten erantzunaren arabera.
- Eredu geokimikoa: Geruzen konposizio kimikoan oinarritzen da.
- Eredu geodinamikoa: Geruzen egoera fisikoan oinarritzen da.
Lurraren Geruzak Eredu Geodinamikoan
- Litosfera: Geruza zurruna da. Bi mota daude: ozeanikoa eta kontinentala. Plaka litosferiko izeneko zatiz osaturik dago, eta hauek mugitu egiten dira.
- Astenosfera: Solidoa da, baina fluidoen gisa mugitzen da. 670 km-ko sakoneratik hasi eta D'' geruzaraino hedatzen den zatia da.
- D'' geruza: Planetako eremurik dinamikoenetako bat da. Kanpo-nukleotik datorren beroa metatzen du eta gandor termikoak sortzen ditu.
- Endosfera: Eredu geokimikoko nukleo osoa hartzen du. Bertako konbekzio-korronteek Lurraren eremu magnetikoa sortzen dute.
Beroaren Transmisioa eta Dinamika
Nola transmititzen da beroa endosferatik litosferaraino? D'' geruzan sortzen diren gandor termikoak gora igo eta litosferaraino iristen dira. Batzuetan, litosfera zulatzen dute, laba kanporatuz eta, horrela, barne-beroa askatuz.
Geologia Kontzeptu Garrantzitsuak
- Gradiente geotermikoa: Lurrean barneratu ahala tenperaturak gora egiteari deritzo.
- Konbekzio-korronteak: Material fluidoak berotzean sortzen diren mugimenduak dira: material beroak gorantz igotzen dira eta hotzak beherantz joaten dira.
- Isostasia: Litosfera zurrunak azpiko mantuaren gainean flotatzean mantentzen duen oreka da.
- Subsidentzia: Litosferaren gaineko pisua handitzean gertatzen den hondoratze-prozesua da (adibidez, glaziazio baten ondorioz).
- Subdukzioa: Plaka litosferiko ozeaniko bat, higidura horizontalen ondorioz, beste plaka baten azpian manturantz hondoratzen den prozesua da.
Alfred Wegener eta Kontinenteen Jitoa
Zein izen zuen Alfred Wegenerren hipotesiak? Kontinenteen jitoaren hipotesia deitu zion, eta XX. mendearen hasieran proposatu zuen. Hipotesi honen arabera, duela 300 milioi urte kontinente guztiak baturik zeuden Pangea izeneko superkontinentea osatuz. Gero, banatzen eta poliki-poliki desplazatzen hasi ziren, gaur egungo kokapena lortu arte.
Hipotesi hau indartzeko hainbat froga aurkeztu zituen:
- Froga geografikoak: Kontinenteak puzzle baten moduan ahokatzen dira.
- Froga paleoklimatikoak: Duela milioika urteko glaziarren aztarnak gaur egun oso urrun daude, kontinenteak mugitu egin direlako.
- Froga paleontologikoak: Gaur egun oso urrun dauden tokietan antzeko fosilak topatu dira, garai batean leku berean bizi zirela frogatuz.
Magnetita eta Ozeano-Hondoen Hedapena
Zer da magnetita eta zer propietate dauka? Laban sortzen den mineral bat da. Bere molekulak eremu magnetikoaren arabera orientatzen dira, propietate magnetikoak baititu.
Zertan oinarritzen da ozeano-hondoen hedapenaren hipotesia? Hedapena dortsaletan gertatzen da; izan ere, jarduera bolkanikoak eta hondoa dortsaletik pixkanaka aldentzeak lurrazal ozeaniko berria sortzen du.
Plaka Litosferikoak
Zer dira plaka litosferikoak? Litosfera osatzen duten zatiak dira (lurrazala eta mantuaren lehen 50 km-ak). Solidoak eta zurrunak dira.
Plaka motak:
- Ozeanikoak: Adibidez, Ozeano Barekoa.
- Kontinentalak: Adibidez, Irangoa edo Arabiakoa.
- Mistoak: Adibidez, Ipar Amerikakoa, Hego Amerikakoa edo Afrikakoa.