Lurraren Kanpo Dinamika: Agente Geologikoen Eragina
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,03 KB
Lurraren Kanpo Dinamika
Meteorizazioa
Meteorizazioa agente atmosferikoek eragindako prozesu multzoa da, eta harriak zatikatu eta sakabanatu egiten ditu.
- Meteorizazio mekanikoa: Dilatazioen eta uzkurduren ondorioz, ura izozteak harrietan eragindako esfortzuen ondorioz eta erortzen diren beste harri batzuekin talka egitearen ondorioz harriak zatikatzen direnean gertatzen da.
- Meteorizazio kimikoa: Harriak osatzen dituzten mineralak zenbait erreakzio kimikoren eraginez aldatzen dira, eta horren eraginez, harriak zatikatu egiten dira.
- Meteorizazio biologikoa: Izaki bizidunek eragiten dute. Izaki bizidunek harriak apur ditzakete, landareen sustraiek, batik bat; izan ere, harrien arrakaletan sartu eta presioa egiten dute, eta horren ondorioz, harriak zatikatu egiten dira.
Meteorizazioan Eragina Duten Faktoreak
- Tenperatura: Tenperatura altuek erreakzio kimikoak gertatzea eragiten dute. Tenperatura-aldaketa asko badaude -izozteak neguan eta beroa udan-, erraz gertatzen da meteorizazioa.
- Hezetasuna: Giro hezeetan -esate baterako, meteorizazio kimikoko erreakzioak gertatzen dira. Giroa hezea eta beroa denean, erreakzio kimikoak oso azkarrak dira eta meteorizazio biologikoa leku lehorretan eta hotzetan, mekanikoki zatika daitezke.
Paisaia modu naturalean modelatzen dituzten makinak dira agente geologikoak; materialak garraiatu eta jalki egiten dituzte. Agente geologiko guztiek higadura, garraioa eta sedimentazioa egiten dituzte. Zenbaitetan, agente geologikoek harrien meteorizazioaren ondorioz sortutako harri zatiak, hondar aleak edo buztin partikulak eramaten dituzte, besterik ez. Beste batzuetan, berriz, agente geologikoek harritik zuzenean erauzten dituzte materialak. Agente geologiko guztiek ez dute abiadura berean higatzen. Bi faktorek zehazten dute higadura-prozesuaren eraginkortasuna. Hona hemen faktore horiek:
- Agente geologikoaren energia.
- Harrien erresistentzia.
Garraioa
Klastoak garraiatzeko ahalmena.
- Hondoan zeharreko garraioa: Olatuek edo ur-, aire- nahiz izotz-lasterrek klastoak hondoan zehar mugiarazten dituztenean gertatzen da. Herrestan edo errotazioz eraman ditzakete.
- Esekidurako garraioa: Klastoak, agente geologikoek garraiatzen dituztenean, ez dute lurra ukitzen, edo gora eta behera egiten dute behin eta berriz.
Sedimentazioa
Agente geologiko batek garraiatzeko ahalmena galdu eta klastoak leku batean behin betiko uzten dituenean gertatzen da sedimentazioa.
Agente Geologiko Nagusiak
- Haizea.
- Glaziarrak.
- Ur biziak.
- Ibaiak.
- Lurpeko ura.
- Itsasoa.
Glaziarrak
Elurra pilatzen den lekuetatik izotza urtzen den lekuetaraino mugitzen diren izotz-masak dira glaziarrak. Izotz gutxiago pilatzen den lekuetan, mendien artean igarotzen dira glaziarrak. Glaziar alpetarrak esaten zaie glaziar horiei. Halako glaziarrak pilaketa-eremutik (zirku glaziarretik) erliebearen behe aldera lekualdatzen dira, izotzezko mihi gisa.
Ur Biziak
Ur biziak higadura- eta modelatze-ahalmen handiko agente geologikoak dira klima lehorreko lekuetan, euria barra-barra egiten duenean. Urak ildaskak sortzen ditu lurzoruan. Ildaskak gero eta sakonagoak dira eta sakanak sortzen dituzte. Malda handiko lekuetan, higadura oso handia da, eta karkabak sortzen dira; hots, tontorren eta higatu gabeko zutabeen arteko ildaska sakonak. Askotan, ildaska horiek elkartu egiten dira eta ibilgu bat osatzen dute. Orduan, erreka bat sortzen da, harrera-arroa, isurbidea eta deiekzio-konoa osatuz.
Ibaiak
Ibaiak ur-laster iraunkorrak dira drainatze-sare arro hidrografikoa osatuz. Errekek eta ur biziek haraneko albo-hormak higatzen dituzte. Horren ondorioz, haraneko hormek inklinazio bertikala galtzen dute, eta haranek V forma hartzen dute. Zenbat eta sakonagoa izan ibai baten ibilgua, orduan eta malda eta higadura-ahalmen txikiagoak izango ditu. Orduan, meandro izeneko bihurguneak egiten hasten da. Azpil erako haran bat zeharkatzen duen ibaia urez gainezkatzen denean urak haran osoa hartzen du, edo haren zati handi bat. Ibaiaren maila igotzean urez bete daitekeen lur-eremuari uholde-lautada esaten zaio. Garraio-ahalmena galtzen dutenean, ibaiek beren ibilguan bertan jalkitzen dituzte materialak, eta ur-goraldien ondoren, uholde-lautadan. Hala ere, sedimentu gehienak itsasoraino iristen dira, eta han olatuek garraiatzen dituzte. Ibai batek bokalean olatuek kendu baino azkarrago pilatzen dituenean materialak, delta bat sor daiteke.
Lurpeko Ura
Akuiferoak lurpeko uren metaketak dira; putzuen bidez ustia ditzakegu. Haitzuloak eta leizeak sortzen dira. Harriak disolbatzeak lurpean eta gainazalean utzitako aztarna multzoari modelaketa karstikoa deritzo. Horren ondorioz, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira.
Itsasoa
- Olatuak: Haizeak sortzen ditu. Olatuek itsasertz malkartsuak higatu, materialak birrindu, eta materialik txikienak garraiatu eta leku babestuetan jalkitzen dituzte.
- Itsaslasterrak: Uretako tenperatura- eta gazitasun-aldaketen ondorioz sortzen dira, edo etengabeko haizeek eraginda. Material txikiak garraiatzen dituzte zenbait kostaldetan zehar, bai eta itsas zabalerantz ere.
- Mareak: Ur-masa handien mugimenduak dira, Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitateak eraginak. Mareek olatuen jarduera-eremua handitzen dute.
Olatuek itsasertzak higatzen dituzte, eta horren ondorioz, itsaslabarrek atzera egiten dute, eta abrasio-plataforma zabalak sortzen dira.