Lurraren Kanpo Egitura eta Higadura Prozesuak
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,54 KB
LURRAREN KANPO EGITURA
Meteorizazio fisikoa (edo mekanikoa)
Harria apurtu, zatitu egiten da. Apurketa hori in situ eta geroago garraioan zehar ere gertatzen da. Meteorizazio fisikoa dakarten eragileak hauexek dira:
- Kanpoko eragileak: Euria, elurra, erreka, haizea…
- Uraren izoztea: Ura arrailduretan sartu eta izozten denean handitu egiten da bolumenez. Bolumen-handitze hori gertatzeko behar den tokia ez dagoenean gertatzen da apurketa, izotzak eragiten duen indarragatik.
- Tenperatura aldaketak: "Bero-hotz" aldaketa gogorrek ere apurketa ekar dezakete, harriak dilatatzeko eta uzkurtzeko joera baitute. Hau oso gertaera arrunta da basamortuetan.
- Inguruko tentsioak: Harriek beren inguruan daukaten oreka galtzen dutenean, desorekatu eta apurtu egin daitezke. Hauxe da, hain zuzen ere, lur-barneko harriak (presio altuak) azaleratzean (presio baxuak) gertatu ohi dena.
- Deskarga elektrikoak: Ekaitzetan, esaterako.
- Ekintza biologikoa: Animalien kasua, landare-sustraiena…
- Faktore antropikoak: Gizakien ekintzengatik eragindakoa.
Meteorizazio kimikoa
Harria ez da apurtzen, baina aldaketa kimikoa gertatzen da, erreakzioen bidez harriaren ahultzea dakarrena. Faktoreak hauexek dira:
- Oxidapena: Aireko oxigenoa harrien elementu batzuekin batzen da oxidoak emateko. Burdinarekin (Fe) gertatzen da maiz: Hematitea (Fe2O3) eta Limonita (Fe2O3·nH2O).
- Disolbapena: Konposatu batzuk erraz disolbatzen dira uretan: gatz arrunta (NaCl), igeltsua (CaSO4·2H2O), Kaltzita (CaCO3) kasu.
- Hidratapena: Urak molekulen barruan sartuta erreakzio kimikoak probokatuz.
Haizearen higadura
Haizea eragile higatzaileetariko bat da; hala ere, bere eragina ez da edonon sentitzen, oso leku konkretuetan baizik. Munduko zenbait lurralde dira haizeak jota daudenak: basamortuak. Hala ere, kasu batzuetan kostaldean ere aurki dezakegu haize-lanaren seinalea: kostaldeko dunak, esaterako. Azken hauen adibide bikaina Bizkaiko Gorlizeko dunak ditugu, eta apur bat urrunago joanda Landak (Lagan, Aizkorrin… ere badaude). Baina beste eskala batean haize-lana garrantzitsua da gure inguruko ekosistemetan, hain klima hezea izan arren. Naturan sortzen ari garen narriaduraren kausaz, haize-lana gero eta gehiago hartu behar dugu kontuan.
BASAMORTUA: etimologikoki, pertsonarik ez dagoela esan nahi du. Halere, esangura klimatiko-biologikoa ere badauka.
Haizearen higadura motak
Haizeak egiten duen higadura mekanikoa da eta mota bitakoa:
- Deflazioa: Lur-gainean diren partikula askeak altxatu eta narraz eramaten ditu.
- Karruskadura: Hartutako partikula horiek harrien kontra jo arazten ditu haizeak, harriok higatuz.
Deflazioa selektiboa da: partikularik finenak (limo-buztinak) oso ondo garraiatuko dira (suspentsioz); lodiagoak badira (hareak) haizearen energia handiaz bakarrik mugituko dira, eta kasu honetan ere ez dira normalean suspentsioz joango, lurretik saltoka edo bueltaka baizik.
Karruskadura gogorragoa gertatzen da behealdean, lurretik hurbil, goialdean baino. Azken batez, suspentsioz doazen partikularik lodienak beheko partetik abiatzen dira. Hauxe da leku batzuetan gertatzen dena, Egiptoko piramidetan, kasu.
Harri bigunen kasuan higadura bereizgarria gertatzen da, gogorrago eta ahulago diren zatien artean: albeolo-higadura (Algorta).
Lurpeko uraren higadura: Multzo karstikoa
Kareharriak erlieberik nabarmenenak ematen dituzten harri sedimentarioak dira. Erliebe "arraro" bat aurkitzen dugu kareharrizko eskualdeetan: leizeak, kobak, ageriko isurbiderik gabeko sakonune itxiak, zubiak, emari handiko iturburuak… eta beste ezaugarri miresgarri batzuk.
Kareharrietan gertatzen den erlieberik karakteristikoena erliebe karstikoa da: disoluzioz gertatutako prozesuak dira higadura nagusia. Erliebe karstikoa duen lurraldea karst deitzen dugu. Erliebe karstikoa ura sartzen uzten duen harri puru eta gogor bati dagokio. Ura sartzen ez bada, ez dago disoluziorik. Ur-sartze hau arrailduren funtzioan dago, kareharriek ez baitute pororik izaten.
Multzo karstikoa
Kareharri-ingurunea, zartatzea, zirkulatzen den ura, disoluzio-lana, higadura… hau da, kareharrietan izaten diren gertaera guztiak (fisiko zein kimikoak) eta bai kareharriak beraiek ere, multzo karstiko izenaz ezagutzen ditugu. Honelako multzo batean hiru alde bereizten ditugu:
- Elikatze-aldea: ura multzo karstikora sartzen deneko aldea.
- Kondukzio-aldea: ura multzo karstikoaren barrutik zirkulatzen deneko aldea.
- Drainatze-aldea: ura multzo karstikotik irteten deneko aldea.
Elikatze-aldeko formak
Alde honetako forma karstikoak bi motatakoak dira, nagusiki: itxiak eta irekiak. Lehenengoetan ura apurka-apurka sartzen da, eta irekian, ostera, arrapaladan.
Forma itxiak: dolinak, uvalak, poljeak…
Dolina: Forma obalatua aurkezten duen sakonunea. Normalean hondoa lurrez estalita egoten da. Lur hau kareharrien disoluzioaren ondorioz agertutako buztina (ez-purutasun moduan kareharri guztietan azaltzen dena) da eta "terra rossa" izenaz ezagutzen da. Askotan lur gorrixka hori egoki gertatzen da kultibagune lekuetan. Dolinek forma desberdinak aurkezten dituzte. Dimentsioak ere aldakorrak dira, luzera hamarkada metro batzuetatik kilometro batzuetara, eta sakonera metro gutxi batzuetatik metro askotara.
Dolinen sorrera: arraildura bi edo gehiagoren lotunean urak askoz errazago dauka sartzeko bidea. Berau izango da, beraz, disoluzio gehieneko aldea. Honelako lekuetan kokatzen dira, gehien bat, dolinak. Disolbatze-prozesu hau behin hasi ezkero, gero eta arinago gertatzen da, bai eta "terra rossa"-ren metaketa ere. "Terra rossa" honek eratzen duen kapa oso lodia denean, uraren pasoa oztopa dezake eta, beraz, urak astiroago pasatu behar du. Era honetan dolina baten prozesua geldituta gera daiteke (edo frenatua, behintzat). "Terra rossa"-ren kapa, ostera, mehea bada, edo ez badago terra rossarik, prozesuaren abiadura gero eta handiagoa izango da, eta dolina hori leize bilaka daiteke.
Forma irekiak: leizeak, kobak…
Leizea: Bertikalak izaten diren irekigune estuak. Normalean, elementu estrukturalei (failak, arraildurak…) lotuta egoten dira.
Koba: Bertikalak ez diren bestelako irekiguneak.
Bestelako formak: lapiaza edo lenarra…
Lenarra: Uraren disoluzioz kareharrien gainazalean sortutako ildaska paralelotsuak, gehienetan kanal txikien antzerakoak.
Kondukzio-aldeko formak
Ura modu desberdinetan iragazten da multzo karstikoaren barruko aldera. Halere, ur gehiena faila edota zartadura handiei lotuta dago. Barruan egonda, ura galerietatik zirkulatzen da, disoluzio-lanak aurrera doazelarik. Barneko zirkulazioa, beraz, guztiz heterogeneoa da, galeriak beraiek ere uniformeki hedatuak ez baitira. Zer esanik ez, zirkulazioa multzoaren estrukturak (arraildura-sistema) mugatzen du. Uraren kanporatzea ere berak kontrolatzen du.
Drenai-aldeko formak
Uraren kanporatzea sorgunetan (iturburuetan) gertatzen da. Sorguneok itxura ikusgarria izaten dute sarri askotan, oso uremari handia ateratzen baita hortik. Gure inguruko karstetan ere badago horrelakorik; horra hor Artetako sorgunea Urbasako karstean, non milaka litro ateratzen baitira segundoan (Iruñeko hornidurarako ur bakarra izan da orain gutxi arte).
Itsasoaren higadura. Kosten garapena.
Ozeanoetako urek lurrazalaren 72% betetzen dute. Ur horiek ez dira estatikoak, guztiz dinamikoak baizik. Dinamikotasun hori olatuek, korronteek eta mareek sortzen dute.
Itsas-dinamika
Itsas-dinamikan uren mugimendu-mota bi bereizten ditugu:
- Uren mugimendu erritmikoa, besterik ez. Beraz, hor ez dago uren aurreratzerik, ez atzeratzerik ere. Kasu hau da olatuek eta mareek eragiten duten mugimendua.
- Uren desplazamendua. Beraz, ura batetik bestera doa: korronteak.
a) Olatuak: Olatuen jatorria anitza izan daiteke: gehienetan haizean dago, baina jaurtipen bolkanikoetan, lurrikaretan… ere egon daiteke. Olatuen jokabidea ez da berdina itsas zabalean eta itsasertzean. Itsas zabalean olatuek higidura oszilatorioa dute. Energia (olatuak = uhinak) da uretan zehar aurreratzen dena, ez ura bera. Izan ere, flotatzen dagoen gorputz baten higidura ikusita, hau gora eta behera doala ikusiko dugu, gorputzaren mugimendua zirkularra izanik. Itsasertzera heltzean hondoarekin topo egin eta ur masa desorekatu egiten da, olatua "apurtuz".
Olatu sismikoak: itsas-hondoaren bat-bateko mugimenduz (lurrikarak, bolkanketa, failak…) sortzen diren olatuak. Hauen abiadura itzela izaten da (600 km/ordu) eta sakonera txikiko aldeetara heltzean "altxatu" egiten dira izugarriro (30 metrotako olatuak): tsunami esaten diegu horiei.
Olatuak kostaldera heltzean errefraktatu egiten dira eta ondorioz olatuak desbideratu egiten dira eta kosta-lerroaren forma paralelotsua hartu ere. Lurmuturretan gertatzen da higadura gogorragoa. Ondorioz, lurmuturrak atzerantz doaz, gero eta gehiago, eta garapen honen azken etapa bezala kostalerro zuzena lortuko litzateke. Hala ere, kosten garapenean, eta denbora luzea kontuan hartuta, olatuen higadura ezezik beste gertaera batzuk ere hartu behar ditugu kontuan: ozeano-mailaren gorabeherak; kontinenteen altxatze eta jaisteak; kostaldeko estruktura, litologia… Beraz, kosten garapenak ez du, normalean, azkenik izaten, eta etengabe ari da dinamismo horren menpe.
b) Mareak
Ilargiak (batez ere) eta Eguzkiak (gutxiago) eragindako erakarpen grabitatorioagatik gertatzen diren ozeano-mailaren gorabeherak esaten diegu mareak. Itsasgora batetik hurrengo itsasgorara 12 ordu eta erdi pasatzen dira, eta itsasgoratik itsasbeherara horren erdia, hots, 6 ordu eta laurden. Bestetik, mareen gehieneko intentsitatea hilabetean bitan gertatzen da, hiru astroak (Eguzkia, Lurra eta Ilargia) lerrotuak diren uneetan.
d) Itsas-korronteak
Ozeano eta itsasoetan diren ur-masen desplazamenduak. Hauen kausak desberdinak dira. Badira ozeanoetan gainazaleko korronteak esaten ditugunak, hots, azaletik mugitzen direnak. Gulf Stream da hauetariko bat. Hauen kausa munduan diren haize nagusien eraginean datza. Beraz, haize nagusien zirkulazioa eta itsas korronteena batera dator.
Itsas-higadura: faktoreak
a) Olatuak: Olatuen etengabeko jotze hori kostaldeko harriak higatuz doa; baina ez da bakarrik uraren energia lan hori egiten duena, olatuak garraiatzen dituen partikulen jotze-energia ere oso kontuan hartzekoa da.
b) Harri mota: Olatuen higadura harri motaren araberakoa ere izaten da. Izan ere, harriak oso bigunak direnean, oso arin ere izaten dira higatuak, eta, ondorioz, kostaren atzerapena ere arin gertatzen da. Harriak oso gogorrak direnean, olatuek beheko aldea higatzen dute eta, batzuetan, beheko euskarria kenduta goiko partea jausi eta bloketan apurtzen da. Harriak apurtuz eta txikituz doazen neurrian, olatuek berenganatu eta higagarri moduan erabiltzen dituzte ondorengo higaduran.
Itsas-garraioa
Itsasoa material-garraiatzailea da. Izan ere, lehorraldean gertaturiko higaduraren ondorioz, asko dira ozeanoetaraino garraiatuak izaten diren materialak. Ozeanoetarainoko garraiobideak glaziarrak, haizeak eta ibaiak izaten dira. Materialok ozeanora heldu eta metatuak izaten dira, kostaldetik hurbil edo urrun, tamainaren arabera. Baina ez dira beti bertan geratzen; izan ere, ozeanoan itsas korronte desberdinak daude, materialok hartu eta ozeanoaren barruan batetik bestera garraiatzen dituztenak.
Itsas-depositua
Itsas depositurik nabarmenena, beharbada, hondartza da: itsasoak kostaldean utzitako materialen metaketa. Materialok itsasoak garraiatuak izaten dira, beraz, hondartzako material horiek sedimentarioak izaten dira, nagusiki. Hondartza metaketa dinamikoa da. Izan ere, bertako pikorrak (hareak, harkoskorrak…) batetik bestera mugituak izaten dira, lehenago aipatu dugun hondartza-korronte horrengatik, eta, sarri askotan, haizeak ere hartzen du parte pikorren desplazamendu horretan: kostaldeko dunak.
Badira beste depositu batzuk:
- Delta: Ibai batek garraiatu dituen materialak bere bokalean pilatzen dituenean (itsasoak garraiatu ahal baino material gehiago ekartzen duenean) delta eratzen da. Marrazkian Nilo-ko delta.
- Estuarioa: Ibai-bokalean itsasoak bere gorabeherak sentiarazten dituen menpe-barrutiari esaten zaio. Barruti honetan pilatzen dira, batetik, ibaiak eta, bestetik, itsasoak garraiatzen dituzten material finak. Marrazkian Bidasoako estuarioa.
- Tonboloa: Lehorra eta inguruko irla bat batzen dituen hareabarra bat da. Donostian dago adibide bikaina, Urgull mendikoa, alegia.
Higadura glaziarra
Glaziarrak: lehorrean aurkitzen diren izotz-masa mugikorrak. Higadura glaziarrean higatzailea izotza bera da.
Glaziar baten dinamika
Gorago aipatu dugunez, elurra metatu egiten da goiko altueretan, zirkoetan, goiko elurraren pisuz behekoa izotz bihurtuz doa, azken honen portaera oso plastikoa izanik. Elurraren metaketa gertatzen deneko aldea "elikadura aldea" deitzen dugu. Mihiak garraiatutako materialak (morrenak).
Glaziarren higadura
Glaziarrek izugarrizko higadura egin dezakete. Batetik, "abrasioz", hau da, aldapaz behera abiatzean izotzak daramazkien harriek bideko materialak askatzen dituzte marruskaduraz; bestetik, alboko maldetatik harriak jausten dira, haitzetan sartutako ura izoztean zarta ditzakeenak. Horrela askatutako materialak glaziarreko toki desberdinetan batzen dira (morrenak); garrantzitsuenak dira aurreko morrenak eta saihetsekoak. Morrenak tamaina guztietako higakinen metaketak dira.
Materialen garraioa ez da kasu guztietan berdin gertatzen. Batzuetan garraioa guztiz pasiboa izaten da (izotzean nahastuta) garraiatuak izan arren eta ondorioz ez dira mekanikoki apurtzen. Beste batzuetan, ostera, garraio aktiboagoa izaten da eta higakinak mugitu egiten dira elkarren arteko talkaz apurtuz doazelarik. Hala ere, azken emaitza berdintsua izaten da.