Makinen Elementuak: Metagailuak, Balaztak, Motelgailuak eta Gidariak
Clasificado en Tecnología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,61 KB
Metagailuak
Makina batetik dabilen energia mekanikoa metatzeko modurik arruntenak bi dira:
- Energia zinetikoaren metagailuak: Mugimenduak homogeneo bihurtzeko erabiltzen dira. Mugimenduak aldian behingo irregulartasunez sor daitezke (eztanda-motorraren kasuan), edo jarduleek energia jarraitasun barik kontsumituta (prentsa edo gillotinak). Energia zinetikoa metatzen denean, kanpoaldean hagun astuna duen bolantearen forma erabiltzen da; hau da, masa kantitaterik handiena ahalik eta urrunen jartzen da. Erregimeneko abiaduran dabilenean, bolanteak metaturiko energiak aukera ematen du ez-jarraitasunek ekarpenean edo kontsumoan duten eragina moteltzeko.
- Metagailu elastikoak: Akoplamendu baten osagai elastikoak energia-kantitate txikia metatzen du gehiegizko esfortzua egiteko unean, eta gero askatu egiten du energia hori; horrela, moteldu egiten ditu ibileran egon daitezkeen kolpeak. Malguki sistemek ibilera leundu egiten dute. Elementu horiek energia elastikoa metatzen dute eta itxuragabetu egiten dira laneko esfortzuen eraginez. Metaturiko energia hori askatzean, bibrazioak sor daitezke.
Ikuspegi dinamikotik begiratuta, makina bat ezegonkorra dela esango dugu, perturbazio txikien ondorioz sorturiko bibrazioak, moteldu eta desagertu beharrean, mantendu edo gero eta handiagoak direnean. Indar bidezko itxierak, indar baten bidez (gehienetan, malgukiren batek sortuta) bi elementuren arteko kontaktua bermatzen dugunean sortzen dira.
Balaztak
Makinen organoen mugimendua murriztu edo eusteko gailuak dira. Metalezko elementu baten eta beste material bateko elementu baten arteko marruskadura-indarrak erabiltzen dituzte. Sailkapena:
- Diskodunak
- Plater konikodunak
- Danbordunak
- Zapatadunak
- Uhaladunak
Ibilgailuetan, diskodun balaztak erabiltzen dira; horietan, marruskadura diskoa igurzten duten zapata batzuetan egiten da, pintza bat itxita.
Motelgailuak
Elementu elastikoek askaturiko energia kontrolatzen dute. Hagatxo elastiko bat oreka-posiziotik banandu eta askatzen badugu, dardarka hasiko da, energia elastikoa zinetiko bihurtzearen ondorioz. Hasieratik elementu barreiatzaile bat jartzen badugu (marruskadura sortzeko), hagatxoa oszilazio oso txikiarekin edo batere oszilaziorik gabe geldituko da. Motelgailuak bibraziorik ez egoteko erabiltzen dira.
Gidariak
Mugimendu lerrozuzena, bi mugimendu paralelo edo beste edozein mugimendu bermatu nahi denean, gidariak erabiltzen dira. Lauak, prismatikoak, zilindrikoak, miru baten buztanaren itxurakoak, eta abar izan daitezke.