Marketingaren Oinarrizko Kontzeptuak

Enviado por Jony y clasificado en Derecho

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,79 KB

Obsoleszentzia

Obsoleszentzia merkaturatu berri diren makina, tresna edo teknologia berriekin alderatuta zaharkituak iruditu dakizkiguken baina oraindik ondo funtzionatzen duten makina, tresna zein teknologiak beste arrazoirik gabe erabiltzeari uztean datza. Hainbat izan daitezke erabiltzailea oraindik erabilgarria den makina, tresna edo teknologia bat ez erabiltzera eraman dezaketen arrazoiak:

  • Beharrezko mantenurako piezen eskasia (auto zaharren kasuan bezala).
  • Norberarena atzeratuta utz dezaketen berrikuntzen merkaturatzea (ordenagailuen sektorean gertatu ohi den moduan).
  • Erabiltzaileak erositakoaren ordezko teknologia batek merkatua monopolizatzea (Blu-ray sistemak HD-DVDarekin egin duen legez).

Hainbat fabrikatzailek euren salmentak igotzeko estrategia gisa darabilten obsoleszentziaren kontzeptua hiru modu ezberdinetan garatuta dago:

  • Obsoleszentzia planifikatua: Fabrikanteak produktua denbora epe jakin baten ostean gaizki funtzionatzen hasteko moduan diseinatzen eta fabrikatzen duenean.
  • Hautemandako obsoleszentzia: Produktua batere aldatu gabe diseinua eraldatzen denean (urtetik urtera arropa fabrikatzaileek egiten duten eran), erabiltzaileak berez ongi dauden arropak erabili ez eta berriak eros ditzan.
  • Obsoleszentzia espekulatiboa: Fabrikantearen gaitasun teknologikoak ahalbidetzen duena baino produktu txarrago bat kaleratzen denean, handik denbora batera bertsio hobeagoa kaleratu eta lehenengoaren erosleek berria ere eros dezaten (iPhone, iPad eta antzeko gailuekin egiten den moduan).

Sareak eta Sailkapena

Sarearen hainbat definizio daude:

  • Errekurtsoak konpartitzea helburu duten antolatutako eta zentralizatutako operazioen multzoa.
  • Ordenagailuen artean informazioa trukatzea ahalbidetzen duen datuen transmisio sistema.
  • Elkarren artean konektatutako ordenagailuen multzoa.

Sare ezberdinak daude, euren tamaina eta antolamendu logikoaren arabera sailkatzen direnak.

Tamainaren araberako sailkapena:

  • PAN (Personal Area Network)
  • CAN (Campus Area Network)
  • LAN (Local Area Network)
  • WAN (Wide Area Network)
  • MAN (Metropolitan Area Network)

Antolamendu logikoaren araberako sailkapena:

Antolamendu logikoaren arabera, ordenagailu orok bezero edo zerbitzari rola izan dezakete. Kontuan hartu behar da makina bat bezero zein zerbitzari izan daitekeela aldi berean.

  • Zerbitzaria: Sareko gainerako postuei informazioa zein zerbitzuak eskaintzen dizkien makina. Eskaintzen dituen zerbitzu eta informazioek zehaztuko dute zein zerbitzari mota den (artxiboena, web orriena, korreoarena, erabiltzaileena...).
  • Bezeroa: Zerbitzarien informazioa eskuratu edota bere zerbitzuak erabiltzen dituen makina.

Merchandising Digitala

Merchandise hitzak ingelesez 'merkantzia' esan nahi du, eta gehitu zaion '-ing' atzizkiak ekintza adierazten du. Merchandisinga marketingaren parte gisa hartzen da, zeinaren helburua salmenta guneko errentagarritasuna areagotzea den. Produktu edo zerbitzua egoera onenean aurkeztean datza funtsa, azken helburua kontsumitzailearengana iristea delarik. Horretarako mekanismo erakargarrienak erabiliko dira: presentazioa, posizioa, koloreak...

Merchandisingaren eginkizun nagusiak hauek dira: atentzioa deitzea, bezeroa produkturantz hurbiltzea, erosketa erraztea... Merchandising digitala, beraz, fenomeno hori sarera eramatearen emaitza izan da. Kontsumitzaileari gure produktuak Internet bidez erosten laguntzen dion zientzia bat da, modu azkar, erabilgarri, erraz eta atsegingarri batean. Interneten barruan erabil daitezkeen elementuak, adibidez: pantaila-babesleak, fondoak, ziber-postalak...

Marketing Mertzenarioa

Marketing Mertzenarioa teknologiaren erabilera ezegokia da. Zergatik? Bezero berriak lortzeko, konpetentziaren informazioa eskuratzeko edo konpetentziari komunikazioak eragotziz kalte egiteko asmoz teknologia gaizki erabiltzea da. Gehienetan, teknologia horien erabilera ezegokia, moralki onartezina izateaz gain, legez kanpokoa da. Telekomunikazioen pribatutasuna urratzen dute eta erabiltzaileen fedeaz baliatzen dira ahalik eta informazio gehien lortzeko.

Informatikaren ikuspegitik, Marketing Mertzenarioa egiteko erabiltzen diren tresna edo programa multzoek sailkapen berezi bat dute. Eskema honen bidez, birusak eta antzeko beste malware batzuk, beren fitxategi formatuen edo infektatzeko erabiltzen dituzten ohituren arabera sailkatzen dira. Hona hemen sailkapen bat:

  1. Mezu elektronikoen bidez bidalitako informazio maltzurra (Spam).
  2. Telefono mugikorretara bidalitako mezuak Triangulazioa erabiliz.
  3. Erabiltzaileak web orri jakin bat bisitatzera behartzea (bahiketa birtuala).
  4. Web orri bat bisitatu duten erabiltzaileen Interneteko jarduerak espiatzea.
  5. Programa baten erabiltzaileak espiatzea.
  6. Konpetentziaren ordenagailuetatik informazioa lapurtzeko jarraipena egitea.
  7. Beste baten makina bat erabiltzea hirugarren bati kalte egiteko.

Marketing Grisa

Marketing grisa produktuen edo zerbitzuen sortzaile edo markaren jabeek baimendu ez dituzten saltzaileek egiten duten komertzializazioa da. 'Banaketa paraleloa' ere esaten zaio, eta markari kalte handiak eragiten dizkio, inportatzaileek komertzializazio estrategia globaletatik independente jokatzen baitute.

Horrez gain, 'Marketing grisa' kontzeptua marketingaren azpiespezializazio bati ere dagokio, gutxi gorabehera 50 urtetik gorako erabiltzaileen eskaera eta beharrak asetzen dituena. Audientzia honek erosteko ahalmen handia du, eta ez da hirugarren adinekotzat hartzen.

Marketing Birala

Marketing birala edo aho-belarri efektua erabiltzaileek beraiek mezu komertzialak eta edukiak modu errazean zabaltzea eta partekatzea bilatzen duen marketing estrategia da. Horrela, kontsumitzaileak bilakatzen dira sustatzaile, eta gainera kanpaina birus bat bezala hedatzen da sarean zehar. Beraz, ulertzekoa da estrategia honen bidez aurrera eramaten den publizitate-kanpainaren kostua oso txikia izatea; batzuetan nulua da.

Gainera, komunikazio hau eraginkorragoa eta sinesgarriagoa da, zure lagun, senide edo familiako batek kontatzen dizulako eta ez ezezagun batek. Baina sinesgarritasuna ere mezuaren gardentasunaren araberakoa izango da. Interneteko publizitate-kanpaina tradizionalak krisian daude. Orduan, marketing biralak pertsonalizazioaren, interakzioaren, originaltasunaren eta gratifikazioaren bidez lortzen du mezua sare sozialetan, blogetan, mugikorretan zehar zabaltzea.

Entradas relacionadas: