Marx: Klase Borroka, Kapitalismoa eta Iraultza Proletarioa
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,65 KB
Klaseen arteko borroka: Historiaren motorra
Historiaren motorra giza klaseen arteko borroka da. Historia zientifikoki ikusi beharra dago; horretarako, prozesu dialektiko gisa hartu behar da ezinbestez, egitura ekonomikoan gertatzen diren kontraesanen gisa, alegia.
Gizarte-harremanek hainbat egoeratatik igaro behar izan dute: esklabotzatik, feudalismora, kapitalismora... Hori guztia krisi iraultzaileen eta klase-borrokaren bidez baino ez da gertatu: historia guztia, oinarrizko zentzu materialistan, klase-borroka da. Aurkaritzak borrokaren bidez baino ezin dira gainditu. Borrokarik gabe ez dago aurrera egiterik. Klase-borrokaren bidez klase-gabeko gizarterako bidea egiten da.
Laburbilduz, materialismo historikoa materiaren bidez historiaz egiten den interpretazioa da. Produkzio-sistemak giza historia osoa baldintzatzen du, eta historia klase-borrokaren bitartez klase-gabeko geroko gizarterantz doa.
Iraultza: Askapenerako baldintza
Sistema kapitalistak dakarrena da langilearen bizitza sufrimenduz betea egotea. Hiru elementuk eragiten dute egoera hori:
- Makinaren agerpena
- Merkatua
- Jabego pribatua
Gaizkia ez dago makinan, ekonomiaren legeetan eta jabego pribatuan baizik. Beharrezkoa da horiek aldatzea eta gizakien zerbitzutan ipintzea.
Merkantzien balioa eta gainbalioa
Merkatua da ekonomia kapitalistaren oinarria. Marxek merkantzien balioa ikertu zuen, bi balio bereiziz:
- Erabilera-balioa
- Truke-balioa
Gainbalioa (edo plusbalioa) da langileak sortutako kapitalaren eta gastatu den kapitalaren arteko kenketaren emaitza. Marxen iritziz, ekoizkin osoak balio duena jaso beharko lukete langileek soldata modura.
Krisia eta iraultza proletarioa
Aberatsak aberatsagoak eta behartsuak behartsuagoak izango dira, klaseen arteko ezberdintasuna gero eta sakonagoa delako; eta horrek ekarriko du sistemaren krisia eta iraultza-egoera. Bestalde, krisi-egoera horrek ondorio hau dakar: proletarioak bere egoeraz kontzientzia hartzea.
Sistema kapitalistaren barne-krisia ikusita eta langileen esplotazio-kontzientzia kontuan hartuz, Marxek klase-gabeko gizartea eta alienazioak ezabatzeko ekarriko zuen iraultza proletarioa iragarri zuen. Gizakia gizarte kapitalistatik gizarte sozialistara jauzi egiteko gertu dagoela uste du Marxek, horrela bere alienazioei amaiera ipiniz. Horixe da historiaren dialektika.
Horretarako, iraultza beharrezkoa da. Iraultzak badu helburu bat: jabego pribatua amaitzea, horrek klase sozialen arteko desberdintasunak sortzen baititu.