Marxen Teoria: Gizarte Komunista eta Eragin Historikoa

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,21 KB

Gizarte Komunista Marxen Ikuspegitik

Ekoizpen-modu kapitalistan, gizakia alienaturik dago, ez baita bere buruaren jabe. Langilearen lana merkatuko beste produktu bat bezalakoa da, eta bere burua saltzera behartuta dago, burgesiak finkatzen dituen baldintzetan. Sistema kapitalistaren kontraesanek sistemarekin amaituko zuten arren, Marxek uste zuen ahalik eta lasterren amaitu behar zela produkzio-sistema honekin. Horretarako urratsak zehaztu zituen Kapitala liburuan:

Komunismorako Urratsak

  • Langileak batu eta klase-kontzientzia hartzea.
  • Iraultza.
  • Proletariotzaren diktadura.
  • Komunismoa: klaserik gabeko gizartea.

Proletariotzaren Diktadura

Proletariotzaren diktadura burgesiaren produkzio-bideen jabetza pribatua suntsitzeko eta klaserik gabeko gizartera heltzeko aldi iragankorra da. Aurreko garaian burgesiak zuen boterea berreskuratzea eragotzi nahi du. Indarra erabiliz, proletariotzak estatuaren botere osoa lortuko du, produkzio-bideen jabetza langileei emanez. Langileek osatuko lukete erakunde politiko bakarra, enpresetan eta hauteskundeen bidez hautatutako ordezkariekin.

Behin Betiko Gizarte Komunista

Gizarte komunistan, norberaren garapen librea guztien garapen librearen baldintza da. Behin betiko egoera da hau, non jabetza pribatuarekin batera gizarte-klaseak desagertzen diren. Ekoizpen-modu honetan, "bakoitzak bere gaitasunaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera" printzipioa nagusitzen da. Utopia komunista da, eta lortzea ezinezkoa badirudi ere, Marxek zioen bezala, horretara hurbiltzeko ahal den guztia egiteak merezi du.


Marxismoaren Eragin Historikoa

Marxismoa historian zehar egon den pentsaera-mota eraginkorrenetakoa izan da. Marxek abian jarri zuen mugimenduak gizakien arteko menderatze- eta morrontza-harremanak gainditzea zuen helburu, eta gizarte zuzenagoa eraikitzen lagundu du. Langile-mugimenduen ondorioetako bat sindikatuen antolaketa izan da; horri esker, hitzarmen kolektiboak lortu dira. Merkatuaren erabateko askatasuna mugatu da, eta langileentzat gutxieneko lan-baldintzak eta eskubideak lortu dira.

Marxen ideien ondorioz, alderdi politiko askok haren ideiak eredutzat hartu dituzte, sarritan birmoldatuz. Marxen humanismoak beste humanismo batzuk ere inspiratu ditu, Lukács eta Bloch-enak, adibidez; haientzat, ekonomia gizartearen zerbitzurako tresna baino ez da.

Beste eragin batzuk dira Althusser-en antihumanismo teorikoa, Kapitala liburuaren ideietan oinarrituta, edo Frankfurteko Eskolaren pentsaera kritikoa.

Marxismoari Egindako Kritikak eta Onarpenak

Alde batetik, Marxen ideiak gogor kritikatu dituzte:

  • Gizakia ez da homo faber hutsa.
  • Gizarte-klaseen teoria historia interpretatzeko sinpleegia da.
  • Gaur egungo gizarte-egiturak konplexuagoak dira.

Bestalde, teoria kritikoak Marxen ideien beste alderdi batzuk onartzen ditu:

  • Teoria praxiarekin lotu behar da.
  • Alienatuta dagoen gizakiak bere esentzia berreskuratzeko beharra du.

Entradas relacionadas: