Marxismoaren Oinarrizko Kontzeptuak: Glosarioa
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,62 KB
Marxismoaren Oinarrizko Kontzeptuen Glosarioa
Alienazioa
Gizakiak bere munduarekin dituen harremanak eta esperientzia, eta bere existentzia soziala eta historikoa adierazten ditu. Gure mundu-ikuspegien, balorazioen, ekintzen, arau moral, juridiko, ekonomiko eta abarren helburuen justifikazioa eratzeko eginkizuna du. Marxek dioenez, kapitalismoaren barruan, deformazio ideologikoa dugu, kontzientzia faltsua den ideologia, gizakian alienazioa ezkutatu eta sublimatzeko eginkizuna duena.
Azpiegitura
Marxek planteatzen duenez, historiaren une bakoitzean, osotasun soziala den produkzio-moduaren bi zatietatik bat da, hots: zati ekonomikoa, gainegitura edo egitura ideologikoa ere baldintzatzen duena. Produkzio-indarrek eta produkzio-harremanek osatzen dute azpiegitura, eta azpiegitura honek sortzen eta aldatzen du gainegitura, nahiz eta hark ere baduen eragina azpiegituran.
Burgesia
Feudalismoa suntsitu ondoren, industrializazio-prozesuan lortutako aberastasunak bereganatuz, aristokraziaren botere ekonomikoa pixkanaka ordezkatzen joan den klase soziala da. Frantziako Iraultzan botere politikoa lortu zuen, eta era horretan sistema kapitalistako mekanismo guztiak kontrolatzen ditu. Marxek dion klase-borrokan parte hartzen duen etsaietako klase soziala da. Gizarte kapitalistako klase sozial nagusia da, produkzio-bideen jabetza pribatua duena.
Marxentzat, historia klase desberdinen arteko borroka besterik ez da, eta gizarte kapitalistan burgesiaren eta proletargoaren arteko borroka ematen da.
Gainegitura
Azpiegiturak dialektikoki sorrarazten eta aldatzen duen egitura da. Alde batetik, “kontzientzia” eratzen duten ideien, burutapenen eta errepresentazioen multzoa da, eta, bestetik, egitura juridikoak, politikoak eta gizarte-erakundeen osotasuna.
Historia
Marxek dioenez, historia hainbat produkzio-moduren jarraipena da. Historia produkzio-prozesu erreala da. Gizartearen produkzio-indarrak une batean, une horretan existitzen diren produkzio-harremanekin kontrajartzen direnean, iraultza sozialaren garaia hasten da. Horrela, lasterki eta geldiro, oinarri ekonomikoaren aldaketa sortzen da, eta, ondorioz, gainegitura erraldoia ere aldatu egiten da. Osotasun sozialaren aldakuntza horiek produkzio-modu berri baten agerpena ekarriko dute, hau da, historiaren pauso aurrerakoi berri bat.
Ideologia
Oro har, gizarte batek barneko errealitatea adierazteko dituen burutapenen sistema, ideia-multzoa, beharrezkoa, zeren gizakiak beti errealitate ororen burutapena baitu. Baina faltsukeria den ideologia ere existitzen da, eta honetaz dihardu Marxek. Gizakiaren bizitza zehazten duten baldintzak eta errealitatea maskaratzeko eta sublimatzeko zabaltzen diren burutapenen multzoa da, konturatu, kritikatu eta gainditu beharrekoa.
Iraultza Soziala
Historiaren une batean existitzen diren produkzio-harremanen suntsiketa eta eraldaketa, eta ondorioz gertatzen den gainegituraren iraulketa adierazten ditu. Produkzio-indarren aldaketa gertatzen denean, produkzio-harremanen aldaketa ere egin beharra agertzen da. Hemen oztopoak sortzen badira, iraultzak proletargoak bultzatzen dituen bide gogorrak hartzen ditu aldakuntza osoa lortu arte.
Komunismoa
Ondasun komunitatean oinarritzen den antolakuntza sozio-politikoari eta beronen aldeko teoriari ematen zaion izena. Komunismoak jabetza pribatua eta klaseen arteko desberdintasuna baztertzen ditu. Marxen ustez, historiaren mugimenduak klase sozialen desagerpenerantz eta komunismoaren ezarpenerantz zuzendurik dihardu.
Materialismo Marxista
Marxen materialismoaren arabera, errealitate osoa gizakiak naturan eta naturarekin egiten duen ekintza produktiboa da. Gizakia naturarekin prozesu dialektikoaren bidez errealizatze horrek, Marxen materialismoan, historiaren dialektikari dagokiola ikustera garamatza.
Praxia
Gizakiaren praktika, giza ekintza. Gizakiak, ulermena erabiliz, ahalmen teorikoaren bitartez, ekintza eta haren bideak argituz, aurrera daraman jarduera praktikoa da. Marxek, bide honetatik arituz, filosofia, teoria ez ezik, munduaren aldakuntzarako ekintza ere badela baieztatzen du.
Produkzio-Indarrak
Gizakiek lanerako edo produkziorako dituzten ahalmenak. Gizakiek eurek dituzten esku eta buru ahalmenak, teoria zientifikoak, teknologiarako prestaketak eta produkziorako tresnak sartzen dira indar mota hauetan, besteak beste. Prozesu historikoa eratzen duten produkzio-modu desberdin bakoitzaren aldaketa indar produktiboen aldaketatik hasten da.
Produkzio-Harremanak
Produkzio-modu jakin baten barruan, produkzio-bideen jabeen eta laneko ekoizleen artean ezartzen diren harremanak. Gizartearen bi partaide mota hauen artean sortzen dira kontrajarpenak eta gatazka sozialak.
Produkzio-Moduak
Azpiegitura ekonomikoak eta gainegiturak egiten duten osotasun historiko bakoitza. Azpiegitura ekonomikoak eta gainegitura politiko-ideologikoak eratzen dute formazio sozial edo osotasun soziala.
Proletargoa
Gizarte kapitalistaren garapenarekin sortutako klase soziala da, burgesiaren aurkako klase soziala. Ez du produkzio-bideen jabetza pribaturik eta, beraz, bere lan-indarra saltzera behartuta dago bizi nahi badu. Lanaren truke soldata ordaintzen zaio, eta biziraupenerako bakarrik balio dio. Marxek dioenez, klase menderatzailea kendu eta klase gabeko gizartea ekarriko duena da: komunismoa.
Plusbalia
Kapitalistak bereganatzen duen eta langilearen lanaren fruitu den zatia, irabazia bera, metaketa kapitalistaren oinarri dena.