Materialen Lotura Prozesuak: Soldadura eta Aglomerazio Teknikak
Clasificado en Tecnología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,64 KB
Energia Termokimikoaren bidezko Soldadura
Gas batzuen errekuntza-sugarrean sortzen diren zonak aprobetxatuz, bero-hornidura, oxidazioaren aurkako babesa eta lortu nahi den materialerako ekarpenak lor daitezke, sugar bakarra erabiliz. Sugar horrekin bi piezetatik hurbil dauden ertzak urtuz gero, soldadura autogenoa lortzen da. Gero, ekarpen-materiala gehitzen da lotura errazteko, eta urgarriak ere eransten dira oxidoak aldatzeko. Sugarraren bidezko soldadura konponketetarako erabiltzen da.
Energia Mekanikoaren bidezko Soldadura
Bi metalezko pieza elkarrekin ondo presionatuz, eta bata bestearen kontra marruskatuaz gero, gainazalak nabarmen berotuko dira, eta piezak elkarrekin soldatuko dira. Handiak ez diren piezak soldatzeko prozedura hau erabiltzen da: piezetako bat finkatu, eta bestea inertzia-bolante batekin birarazi egiten da. Sistemari emandako energia gainazalak berotzen eta itxuragabetzen kontsumituko da. Energia ondo zehaztuta badago, prozesua gelditu egingo da lotura berria osatu bezain laster.
Energia Erradiatzailearen bidezko Soldadura
Laser baten energia erabiliko dugu lotu nahi diren materialak urtzeko eta birkristalizatzeko. Normalean, laser bidezko soldaduran, ez da material-ekarpenik egiten; soldatu beharreko atalak berotu egiten dira, eta ondoren presioa aplikatzen zaie.
Aglomerazio bidezko Prozedurak
Produktuaren masa osoko loturak egiten dituzten prozedurak dira, pikor-egoeran dagoen material baten edo batzuetan oinarritzen direnak. Prozesuan, partikula guztiak aglomeratzaile baten bidez lotzen dira, harik eta lortu nahi den forma lortu arte. Industrian duten garrantzia kontuan hartuta, sinterizatua eta erretxina sintetikoen bidezko aglomeratuak aztertuko ditugu:
Sinterizatua
Sinterizatua izeneko prozesua honako fase hauetan antolatzen da:
- Hautsa sortu edo aukeratu
- Osagaiak nahasi
- Konprimatu eta trinkotu
- Sinterizatua edo aglomerazio termikoa egin
- Akaberako tratamendua burutu
Metalezko karburoen plakatxoak osatzeko sortu zen, eta plakatxo horiek txirbilak ateratzeko erremintetan erabiltzen dira.
Erretxina Sintetikoen bidezko Aglomeratuak
Bankadak eta euskarriak egiteko, harriak eta erretxina sintetikoa dituzten aglomeratuak erabiltzen dira. Galdaketaren ordez erabiltzen dira, dilatazio termikoaren aldetik ezaugarri hobeak dituztelako. Pikorrez osaturiko materialetan oinarritzen diren fabrikazio-prozesu guztietan bezala, prozeduraren emaitza pikorren neurrien araberakoa izango da.