Materialen propietate mekanikoak: erresistentzia, elastikotasuna eta gehiago
Clasificado en Tecnología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,86 KB
Materialen Propietate Mekanikoak
Tentsioa eta Deformazioa
Tentsioa: Material batek deformatzeari kontrajartzen dion barne-erresistentzia da.
Deformazioa: Piezak tentsiopean jartzean jasaten duen forma edo dimentsio-aldaketa (neurri-aldaketa).
Elastikotasuna
Elastikotasuna: Materialek, deformatzen dituzten indarrek eragiteari uztean, beren hasierako forma eta dimentsioak (neurriak) berreskuratzeko duten ahalmena edo gaitasuna.
Elastikotasun-muga: Material batek, kargak eragiteari uztean hasierako forma eta neurriak galdu gabe jasan dezakeen kargarik handiena.
Elastikotasun-modulua: Elastikotasun-mugaren barruan, tentsioaren eta deformazioaren arteko zatiduraren balioa da. Elastikotasun-moduluaren arabera, materialak duen zurruntasuna zehaztu daiteke.
Erresistentzia motak
- Trakzio-erresistentzia: Materialak bera luzarazi nahi duten indarrak jasateko duen gaitasuna edo ahalmena.
- Konpresio-erresistentzia: Materialak bera laburrarazi nahi duten indarrak jasateko duen gaitasuna edo ahalmena. Metal gehienek erresistentzia ona dute trakzioan eta konpresioan. Alabaina, material hauskorrek, burdinurtuak adibidez, erresistentzia ona dute konpresioan, baina eskas samarra trakzioan.
- Makurdura-erresistentzia: Materialak bera makurrarazi edo kurbarazi nahi duten indarrak jasateko duen ahalmena edo gaitasuna.
- Bihurdura-erresistentzia: Beren buruekiko biraketak edo bihurdurak jasateko duten erresistentzia.
- Ebakidura-erresistentzia: Materialak, bere zatietako bat beste batekiko lerratzeko agertzen duen erresistentzia.
- Neke-erresistentzia: Materialak aldizkako edo txandakako indarrak jasateko duen ahalmena edo gaitasuna.
- Talka-erresistentzia (erresilientzia): Materialak bat-batean edo kolpean aplikatutako kargak jasateko duen ahalmena edo gaitasuna. Zenbat eta erresilientzia handiagoa izan materialak, orduan eta handiagoa da material hori hausteko behar den energia kopurua. Ezaugarri hau, egitura-aldaketekiko sentiberenetakoa denez, soldadurak sakonki erasana gerta daiteke.
Beste propietate batzuk
- Harikortasuna: Materiala pitzadurarik edo hausturarik sortu gabe hariak eginez deformatzeko duen gaitasuna edo ahalmena.
- Gogortasuna: Materialak beste batzuek marraka dezaten edota beste batzuek bera deformatuz sar dakizkion jartzen duen aurkako erresistentzia. Gogortasuna, piezan sargailu batek, indar edo karga jakin batek eraginda, uzten duen lorratzaren azalera edota sakontasuna neurtuta zehazten da.
- Hauskortasuna: Erresilientziaren aurkako ezaugarria da. Ezaugarri honek, materiala, oso karga txikien eraginpean, erraz hausten dela adierazten du. Soldadura desegokia egitearen ondorioz ere sor daiteke. Hauskortasunak, harikortasunaren galera osoa adierazten du.
- Zailtasuna: Erresistentziaren eta harikortasunaren arteko konbinaziotzat har daiteke. Material zaila, energia kopuru handia hausturarik izan gabe jasan dezakeena da. Elastikotasun-modulua eta harikortasuna handiak dituzten metalak, zailtasun handikoak dira.
- Xaflakortasuna: Materialak, akatsik sortu gabe, konpresio-indarren eraginez deformatua izateko duen ahalmena edo gaitasuna. Material xaflakorrak, forjatu edota ijeztu egin daitezke.
- Jariapena (fluentzia): Deformazioaren apurka-apurkako baino etengabeko gehikuntza da eta normalean tenperatura altuetan gauzatzen da materialak huts egin arte.
- Kriogeni propietateak: Materialak oso tenperatura txikietara (oso giro hotzean) tentsioen eraginpean jartzean duen portaerari dagozkionak dira.