Materialismo Historikoa: Azpiegitura eta Gainegitura

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,57 KB

Materialismo historikoa: egitura ekonomikoa eta gainegitura

Materialismo historikoaren kontzeptua

Materialismo historikoa gizartearen eraketari eta garapenari buruzko azalpen zientifikoa izan nahi du. Teoria ekonomiko, historiko eta filosofikoaren bitartez, aldaketa soziala arautzen duten legeak aurkitzen saiatzen da. Bestetik, gatazka sozialak interpretatzeko eta bideratzeko metodoa aurkezten du.

Bere ezaugarri nagusia honako baieztapenean datza: edozein eraldaketa sozialen azpian oinarri ekonomikoak eta ondare materialen jabetza erak daude. Egitura sozialaren eta eraldaketaren eragilea ez dira gizabanakoen borondate indibidualak ez ideiak, eta are gutxiago Jainkoaren borondatea, baizik eta materiala dena: gizakiaren bizitza ekonomikoa eta soziala, talde sozial desberdinen premia eta interes ekonomikoak. Honi egitura ekonomikoa edo azpiegitura deitzen zaio.

Azpiegitura

Marxek azpiegiturari buruz garatu zituen tesi nagusiak honakoak dira:

  • Prozesu historikoaren faktore garrantzitsuena da eta eraldaketa eta garapen sozialak baldintzatzen ditu.
  • Beste modu batean esanda: azpiegitura aldatzen denean, gizartearen antolamendu osoa aldatzen da (harreman sozialak, botere-harremanak, erakundeak eta gainegituraren gainerako elementuak).

Azpiegitura osatzen dute:

  • Produkzio-indarrek: baliabide naturalak, baliabide teknikoak eta lan-indarra.
  • Produkzio-harremanek: produkzio-indarrekiko harremanetan pertsonen artean sortzen diren loturak (adibidez, klase sozialak).

Gainegitura

Azpiegituraren gainean, gainegitura dugu, hau da, antolamendu juridikoa eta politikoa, filosofia, erlijioa, artea, zientzia...

Marxek zioen gainegiturak ez duela historia propiorik edo independenterik, sortu duten taldeen zerbitzura baizik. Gainegituran gertatzen diren aldaketak azpiegituran gertatutakoen ondorioak besterik ez dira.

Ondorioak

Teoria honek ondorio garrantzitsuak ditu:

  • Gainegituraren elementu guztiak ulertzeko, ezinbestekoa da horren oinarrian dagoen azpiegitura ulertzea.
  • Gure pentsamendua ez da independentea edo autonomoa; lotura estua du indarrean dagoen eredu ekonomikoarekin.
  • Horren ondorioz, filosofiaren historia ez da berez definitzen; haren ulermena lortzeko, filosofiatik kanpo dauden elementuak kontuan hartu beharko dira. Teoria filosofikoak filosofo bakoitzak bizi duen gizarte-antolamenduaren (ingurune ekonomikoa, klaseen arteko borroka...) ondorioak dira.

Entradas relacionadas: