Materialismo historikoa: Egitura eta Klase-borroka
Enviado por Aitortxu y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,61 KB
Egitura ekonomikoa eta gainegitura
Marxek ez zuen inoiz esan munduan existitzen den guztia materia hutsa denik. Inoiz ez zuen ukatu adimena, espiritua edo kontzientziaren existentzia. Materialismo marxista ez da ukazio horretan oinarritzen, baizik eta produkzioa, zabalketa, trukea eta ondasun-kontsumoa —gizakien behar oinarrizkoenak bete behar dituztenak— gizakiek beren mentalitatea garatzeko, legeak egiteko eta gizartea gobernatzeko oinarri direla aldarrikatzean.
Gertakari historikoak erabakitzen dituztenak ez dira ez politikako pertsonaia handiak, ez espiritua, ezta jainko kristaua ere; izatez, edozein antolakuntza sozialen oinarria produkzioa da, eta horren bidez azaltzen da historia osoa.
Marxen iritziz, gainegitura —hots, ideia, sinesmen, instituzio eta arau multzoa— azpiegiturari erantsitako zerbait da. Egitura ekonomikoak iraunarazten ditu, muntaia juridiko-ideologiko-erlijiosoarekin justifikatuta.
Klaseen arteko borroka: historiaren motorra
Marxen ustez, historiaren motorra giza klaseen arteko borroka da; historia animatua errealitateko kontraesanaren presentziak determinatzen du, hots, materiak, ekonomikoa denak. Hori dela eta, kontraesan historikoak egitura ekonomikoan kokatzen dira: produkzio-bideen jabeen eta produkzio-indarren arteko harremanetan.
Historia zientifikoki ikusi beharra dago; eta, horretarako, prozesu dialektiko gisa hartu behar da ezinbestez, egitura ekonomikoan gertatzen diren kontraesanen gisa, alegia. Kontraesan horiek klase-borrokan ageri dira: produkzio-indarren eta produkzio-bideen jabeen arteko kontraesanak; harreman horiek protagonizatzen dituzten gizakien arteko kontraesanak.
Gizarte-harremanek hainbat egoeratatik igaro behar izan dute, ekoizpen-indarrek eragindako presioak direla eta:
- Esklabotzatik gremioetako feudalismora.
- Eskulangintzako lehen industriak ekarri zuen lanaren zatiketara.
- Ekoizpen industrial kapitalistan ugazaben eta langileen artean dauden harreman berrietara.
Hori guztia krisi iraultzaileen eta klase-borrokaren bidez baino ez da gertatu: historia guztia, oinarrizko zentzu materialistan, klase-borroka da.
Laburbilduz, materialismo historikoa materiaren bidez historiaz egiten den interpretazioa da, hau da, ekonomiaren bidez edo, zehatzago, ondasun materialen produkzioaren bidez egiten den ikuskera. Produkzio-sistemak giza historia osoa baldintzatzen du, eta historia, klase-borrokaren bitartez, klase gabeko geroko gizarterantz doa.