Materialismo Historikoa: Kapitalismotik Komunismora

Clasificado en Inglés

Escrito el en vasco con un tamaño de 3 KB

Materialismo Historikoaren Oinarria

Historiaren ikuskera materialistaren arabera, legeen izaera ez da sinesmenen araberakoa, bizi-baldintza materialen araberakoa baizik. Gizarte bakoitzeko legeak ulertzeko, beraz, lehenengo bizi-baldintza materialak ulertu behar ditugu.

Ekonomia Politikoa eta Oinarrizko Kontzeptuak

Marxen esanetan, ekonomia politikoak langileriaren iraultza ekarriko du. Gizakiek beren existentzia sortzen dute lana eginez; beren janaria lanaren bidez lortzen dute. Lan egiteko bitartekoak (lurrak, garraiobideak, teknologia...) produkzio-indarrak dira. Lan egiteko gizakiok sortzen ditugun harremanak, berriz, produkzio-harremanak dira. Produkzio-harremanak aldatu egiten dira; adibidez, Erdi Aroan jauna eta morroiak, Aro Modernoan burgesak eta proletarioak. Zapaltzaileak eta zapalduak beti jardun izan dira elkarren aurka borrokan. Historiaren motorra klase-borroka da. Produkzio-harremanak produkzio-indarren erabilera emankorrena gauzatzeko aldatzen dira. Produkzio-indarren eta -harremanen multzoa produkzio-modua da. Indarrek harremanak baldintzatu ondoren, produkzio-harremanek baldintzatzen dute legedia nolakoa izango den. Beraz, borondatetik kanpo, errealitateak kontzientziaren edukia baldintzatzen du.

Kapitalismoa: Klaseak eta Plusbalioa

Kapitalismoan bi klase sozial bereizten dira: burgesia eta proletalgoa. Burgesak ondasunak produzitzeko indarren jabeak dira, eta proletalgoak, berriz, beren gorputzeko lan-indarra besterik ez du.

Produkzio-harreman kapitalistak

Burgesiaren ideologiak esaten duenez, pertsonak libreak dira; proletarioak, ordea, behartuta daude burgesei beren lana saltzera. Burgesak langileen lanaz jabetzen dira soldata ordainduta. Burgesak langilearen lana saltzean, ordea, langileari ordaindu diona baino gehiago kobratzen du. Burgesak bereganatzen duen hori plusbalioa da. Teknologiari eta makinei esker, burgesak produktibitatea igotzea lortuko du: lan berdinarekin produktu gehiago ekoitzi eta produktu bakoitza merkeago saldu. Beren produktibitatea handitzen ez duten burgesek porrot egingo dute. Burges horien langileak langabezian geratuko dira, eta langabe kopurua handitu ahala, jendearen soldatak jaitsiko dira.

Komunismoa: Iraultza eta Gizarte Berria

Proletalgoak, bizirik irauteko gutxieneko baldintzak lortu ahala, burgesiaren aurkako klase gisa antolatuko da. Klase-kontzientzia lortzeak iraultza bultzatuko du. Iraultza biolentziaz lortuko da, eta burgesei ondasunak kenduko zaizkie, gizarte osoa ondasun horien jabe bihurtuz. Ondorioz, ezberdintasun sozialak desagertuko dira. Erlijio-inposaketa kenduko da, ez baita egongo burgesik hori inposatzeko. Erlijioa herriaren opioa da. Klase arteko borroka desagertuko da proletalgoaren diktaduran, eta indarkeriarik gabeko gizartea bihurtuko da. Komunismoan, gizaki guztiak askeak izango dira, eta bakoitzari bere ahalmenaren arabera eskatuko zaio eta bere beharren arabera emango zaio.

Entradas relacionadas: