Materiaren Teoria Zinetikoa eta Agregazio-Egoerak
Clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,43 KB
Materiaren Teoria Zinetikoa
Materiaren agregazio-egoeren propietateak azaldu nahian, James C. Maxwell (1831-1879) eta Ludwig E. Boltzmann (1844-1906) fisikari ospetsuek teoria zinetikoa garatu zuten. Teoria zinetikoak materiaren hiru agregazio-egoeren portaera azaltzen du:
- Materia guztia partikulaz osatuta dago.
- Materia osatzen duten partikulak etengabe mugitzen dira.
- Materia osatzen duten partikulen arteko loturak sendoak edo ahulak izan daitezke, agregazio-egoeraren arabera.
- Agregazio-egoeraren arabera, partikulak askatasun handiagoz edo txikiagoz mugituko dira. Zenbat eta arinago higitu, orduan eta altuagoa izango da substantziaren tenperatura.
Solidoak
Edozein solidotan ikusten dugun ezaugarri nagusia zurruntasuna da. Baina, zergatik da hori horrela? Substantzia baten propietateak horren barruko egituraren mende daude. Solidoak osatzen dituzten partikulak elkarri gogor lotuta daude, eta, horrela, egitura zurruna eta ordenatua eratzen dute. Solidoak gogorrak dira, eta horiek deformatzeko indarrak aplikatu behar zaizkie. Solidoak konprimaezinak dira, hau da, ia ez dira batere konprimatzen kanpoko indarrak edo presioak jasaten dituztenean, horiek oso handiak ez badira. Berezko forma eta bolumena dute. Solidoen forma eta bolumena ez dira ontziaren mende.
Likidoak
Likido bati erreparatzen badiogu, jariakorra dela ikusiko dugu; hau da, mugitu egin daiteke barruan duen hoditik edo ontzitik. Horrenbestez, likidoak eta gasak jariakinak edo fluidoak direla esaten da. Likidoak osatzen dituzten partikulen arteko loturak ez dira oso gogorrak, eta, horrela, mugitzeko nolabaiteko gaitasuna dute. Likidoek ez dute berezko formarik eta ontziaren forma hartzen dute. Hala eta guztiz ere, berezko bolumena dute (iraunkorra). Likidoak konprimaezinak dira. Likidoen bolumena ez da murrizten kanpoko indarrak edo presioak jasaten dituztenean, horiek oso handiak ez badira.
Gasak
Gasen ezaugarri nagusia berezko forma eta bolumenik ez edukitzea da; hain zuzen ere, barruan dituen ontziaren forma eta bolumena hartzen dute. Gasak osatzen dituzten partikulen arteko loturak oso ahulak dira, eta, hortaz, partikula horiek guztiz banandu daitezke batzuk besteetatik. Gasak, gainera, oso konprimagarriak dira; hau da, kanpoko presioren bat jasanez gero, euren bolumena asko murrizten da. Halaber, batzuk besteetan barreiatzen dira; esate baterako, lurrin-ontzi bat irekita uzten dugunean.