Meiosia eta Mitosia: Zelula Zatiketaren Prozesuak

Clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,58 KB

Meiosia: Zelula Zatiketa Berezia

Meiosia, zelula zatiketa mota berezi bat da, zelula eukariotoetan bakarrik gertatzen dena. Zatiketa honetan, zelula diploideetatik (meiozitoetatik) zelula kume haploideak sortzen dira, eta horiek gametoak edo esporak eratuko dituzte. Meiosiak bi zatiketa nuklear ditu. Hauek dira meiosiaren faseak:

Meiosiaren I. Zatiketa

1. Profase I

Etapa luzeena da, zenbait hilabete, baita urteak ere, iraun dezake. Bi gertaera garrantzitsu gertatzen dira fase honetan: gaingurutzaketa eta birkonbinazio genetikoa. Bost etapa daude profasearen barruan:

  • Leptotenoa: Bikoiztutako kromosomak kondentsatzen hasten dira eta homologoak hurbildu egiten dira.
  • Zigotenoa: Sinapsia hasten da, hau da, kromosoma homologoak parekatu egiten dira. Pareketa hori konplexu sinaptonemikoari esker gertatzen da. Parekatutako kromosoma homologo bikoteei bibalente deritze.
  • Pakitenoa: Kromosoma arteko gaingurutzaketa gertatzen da. Horren ondorioz, birkonbinazio genetikoa gertatzen da.
  • Diplotenoa: Kromosoma homologoak bereizten hasten dira, baina loturik jarraitzen dute gaingurutzatu diren puntuetan, zeinak kiasma deritzen X itxurako irudi gisa ikusten baitira.
  • Diazinesia: Bibalenteak, kiasmetatik elkartuta, kondentsazio mailarik handienera iristen dira. Bibalente bakoitzean lau kromatida ikusten dira.

Nukleoan gaingurutzaketa eta birkonbinazio genetikoa gertatzen dira. Mintz nuklearra zatitzen da, nukleoloa desagertzen da eta ardatz mitotikoa egituratzen da. Homologoen zinetokoroak ardatzaren kontrako poloetara begira jartzen dira.

2. Metafase I

Bibalenteak ardatzaren plano ekuatorialean kokatzen dira eta plaka metafasikoa eratzen dute, kromosoma homologoen bikote guztiek osatzen dutena.

3. Anafase I

Zinetokoroak bereizi egiten dira, mikrotubulu zinetokorikoak laburtu egiten direlako. Horren ondorioz, kiasmak hausten dira eta kromosoma homologo bikoteak ardatzaren kontrako poloetara joaten dira. Kromosomak ez dira zentromerotik bereizten; horren ordez, osorik mugitzen dira ardatzaren poloetara. Kromosoma homologo birkonbinatuak bereizten dira.

4. Telofase I

Bereizitako kromosoma homologoak poloetara iristen dira eta mikrotubulu zinetokorikoak desagertu egiten dira. Mintz nuklear iragankor bat eratzen da kromosoma homologoen sorta haploide bakoitzaren inguruan. Kromosomak deskondentsatu egiten dira eta interfaseko egoera oso labur batera itzultzen dira; DNA bikoizketa ez da gertatzen. Aldi berean, zelula gehienetan zitozinesia gertatzen da. Horren ostean, zelula amak duen kromosoma kopuruaren erdia (n) duten bi zelula kume sortzen dira.

Meiosiaren II. Zatiketa

5. Profase II

Oso fase laburra da. Fase horretan, mintz nuklearra desegin egiten da eta ardatz mitotiko berri bat eratzen da I. meiosian eratu den zelula kume bakoitzean. Zelula kume bakoitzaren n kromosomak mikrotubulu zinetokorikoei lotzen zaizkie, ardatz mitotikoaren kontrako poloetan kokatzen direnak.

6. Metafase II

Kromosomak plaka metafasikoan kokatzen dira, kromatidak ardatzaren kontrako poloetarantz begira dituztela eta mikrotubulu zinetokorikoei lotuta. Kromosoma bakoitza osatzen duten bi kromatidetatik, bat parentala da eta bestea birkonbinatua.

7. Anafase II

Mikrotubulu zinetokorikoak laburtzean, kromatida senideak zentromeroetatik bereizten dira eta kontrako poloetarantz joaten dira. Zelularen polo bakoitzean kromatida bakarreko kromosoma sorta haploide bat biltzen da.

8. Telofase II

Kromatida bakarreko kromosoma sorta haploide bakoitzaren inguruan, nukleoaren bilgarriak eratzen dira; kromosoma horiek deskondentsatu egiten dira eta nukleoloak berriz agertzen dira. Aldi berean, zitozinesia gertatzen da, eta horrekin II. meiosiaren bukaeran, lau zelula haploide (n) lortzen dira.

Mitosia: Zelula Zatiketa Ekuazionala

Mitosia, zelula eukariotoetan soilik gertatzen den prozesu bat da. Mitosia zatiketa ekuazional bat da; honek esan nahi du espeziearen dotazio genetikoa eta kromosomikoa kontserbatzen dituela. Hauek dira mitosiaren faseak:

Mitosiaren Faseak

1. Profasea

Kromatina poliki kondentsatzen da eta kromosomak sortzen ditu. Kromosoma bakoitzak bi kromatida senide ditu. Kromosomak kondentsatzean, nukleoloa desagertzen da. Profasea bukatzean, ardatz mitotikoa antolatzen da.

2. Metafasea

Kromosoma metafasikoek beren kondentsazio mailarik handiena lortzen dute. Mikrotubulu zinetokorikoek zelularen plano ekuatorialean lerrokatzen dituzte kromosomak, eta horrela, plaka metafasikoa eratzen da. Kromosoma bakoitza tentsioan egoten da plaka horretan.

3. Anafasea

Parekatutako zinetokoroak bereizi egiten dira, mikrotubulu zinetokorikoak laburtu egiten direlako; horregatik, kromatida bakoitza ardatzaren polo baterantz mugitzen da. Bereizitako kromatidak banakako kromosoma bihurtzen dira. Ardatz mitotikoa luzatzen da, eta horrek handitzen du poloen arteko distantzia.

4. Telofasea

Kromosoma kume bereiziak poloetara iristen dira eta mikrotubulu zinetokorikoak desagertzen dira. Kromosoma kume sorta bakoitzaren inguruan mintz nuklearra berriz eratzen da. Kromatidak deskondentsatzen dira eta nukleoloak agertzen dira. Mitosia bukaerara iritsi da eta interfasean zuen itxura berreskuratu du.

5. Zitozinesia

Zitoplasmaren zatiketa da, eta segregazio kromosomikoaren ondoren gertatzen da. Anafasearen amaieran hasten da eta telofasean osatzen da. Zitoplasma desberdin zatitzen da animalia eta landare zeluletan.

Entradas relacionadas: