Mendikate zentrala
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,45 KB
Era Tertziarioa eta Alpetar orogenia
Era Tertziarioan (68-1,7 milioi urte), Alpetar orogenia gertatu zen, eta aldaketa handiak eragin zituen Iberiar penintsulako erliebean.
a) Mendikate alpetarrak altxatu ziren, antzinako mendiguneen arteko fosa piriniotarrean eta betikoan jaikitako materialak tolestu zirenean. Mendiguneak, hain zuzen, tope gisa aritu ziren. Horrela, Pirinioak eta Mendikate Betikoak sortu ziren: lehenak, Hesperiar mendigunearen, Akitaniakoaren eta Ebrokoaren artean (azken hori hondoratu egin zen); besteak, Mendigune betiko-rifearraren eta Hesperiar mendigunearen artean.
b) Sakonune prealpetarrak eratu ziren mendikate berriekiko paralelo: Ebroko sakonunea, Pirinioekiko paralelo; eta Guadalquivirrekoa, Mendikate Betikoekiko paralelo. Hasieran, biak itsasoak hartuta egon ziren, eta, gero, sedimentuekin bete ziren.
c) Iberiar goi-lautadari Alpetar orogeniak eragin zion:
• Mendebalderantz inklinatuta egotera igaro zen. Horren ondorioz, Iberiar penintsulako ibai gehienek Ozeano Atlantikorako noranzkoa hartu zuten.
• Iberiar goi-lautadako ekialdeko eta hegoaldeko mendi-hegalak eratu ziren. Ekialdeko hegalean, itsasoak Era Sekundarioan jaikitako materialak tolestu ziren, eta Kantauriar mendikatearen ekialdeko zatia eta Iberiar sistema sortu zituzten. Iberiar goi-lautadaren hegoaldeko hegalean, Mendikate Betikoen bultzadak Sierra Morena altxatu zuen.
• Iberiar goi-lautadako zokaloa material paleozoiko zurrunez osatuta zegoen, eta hausturak eta failak izan zituen. Azken horiek egitura germanikoa eratu zuten, bloke altxatuz edo gaztetuz (horst) eta bloke hondoratuz (fosa tektonikoak edo graben) osatua. Bloke altxatuek Iberiar goi-lautadaren iparreko mendi-hegala (Galiziako mendigunea eta Kantauriar mendikateko mendebaldeko zatia) eta barneko mendikateak (Erdialdeko Sistema eta Toledoko mendiak) eratu zituzten. Bloke hondoratuek Iberiar goi-lautadaren barneko sakonuneak edo arro sedimentarioak sortu zituzten (hegoaldeko eta iparraldeko Iberiar goi-lautadak). Failek ere jarduera bolkanikoa eragin zuten eremu batzuetan (Campo de Calatrava, Olot-Ampurdan eta Gata lurmuturra).