Metafisika: Errealitatea, Izatea eta Ikuskera Nagusiak
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,31 KB
Metafisika: Errealitatea eta Izatearen Azterketa
Metafisika errealitatea aztertzen duen diziplina edo jakintza da. Errealitate hori ez da zientziaren ikuspegitik ulertzen den bezala hartu behar, baizik eta zentzu zabalago eta sakonago batean.
Errealitatea
Errealitatea existitzen edo den guztia osatzen du.
Errealitatearen Zentzuak
- Zentzu murriztailea: Inguratzen gaituen eta hauteman dezakegun guztia da. Errealitatearen ikusmolde hori errealitate fisiko edo materialaren ikusmolde zientifikoarekin bat dator.
- Zentzu zabala: Existitzen dira ez bakarrik zientziak kontuan hartzen dituen izaki material eta behagarriak, baizik eta geure barruan ezagutzen ditugun errealitate subjektiboak, errealitate immaterialak edo espiritualak eta kultura-ekoizpenak. Are gehiago, gauzen esentzia bera ere errealtzat jotzen da, ikusi ezin dezakegun hori, baina errealitate materialari zentzua ematen diona.
Izatearen Azterketa
Metafisika errealitatearen azalpen bat ematen saiatzen da, non argi geratuko den izateak zer esan nahi duen, izateko moduak gorabehera.
Metafisikaren Ezaugarriak
- Zientzia partikularren aldean orokorragoa da, gainerako zientzien oinarria baita.
- Izatea izate den aldetik hartzen du kontuan.
Izatearen Erabilera: Predikatiboa eta Existentziala
- Izatea akzidente gisa (Erabilera Predikatiboa): Izan aditza era predikatiboan erabiltzen dugunean, errealitate bati ezaugarri eta nolakotasun akzidentalak ematen dizkiogu.
- Berez izatea edo substantzia izatea (Erabilera Existentziala): Berez existitzen den izate bati buruz ari gara, ez baitu, ezaugarriekin gertatzen den bezala, beste errealitate baten beharrik existitzeko.
Errealitatea eta Itxura
Errealitatea: Berez existitzen diren izaki eta gauza guztien multzoa da.
Itxura: Errealitatea hura hautematen duten subjektuei agertzen zaien modua da.
Itxuraren Ikusmoldeak
- Itxura = Ezkutatzea: Ikusmolde honen arabera, gure zentzumenek engainatu egin gaitzakete, eta benetako errealitatea ezkutatu. Ezin garenez seguru egon errealitatea gure zentzumenek agertzen diguten bezalakoa dela, itxurak zalantzan jarri behar ditugu.
- Itxura = Irudikatzea: Errealitatea bera eta agertzen zaigun modua ez datoz guztiz bat, baina horrek ez du esan nahi itxurak amarru bat direnik. Ez da funtsik gabeko irudipen bat, baizik eta, adibidez, errefrakzioaren lege optikoen eragina. Itxurak ez du errealitatea ezkutatzen, hura irudikatzeko eta bertara iristeko modu bakarra daukagu.
Ezereza
Izatea: Dagoena, existitzen dena, errealitatea da.
Ezereza (Ezer ez): Izatearen ukapena da, ez dena, existitzen ez dena edo errealitaterik ez duena.
Ezerezaren Ikusmoldeak
- Ezereza sasi-ideia bat da: Filosofo batzuen arabera, ezereza adierazirik ez duen hitz bat dugu, ezin delako imajinatu, ezta pentsatu ere. Izan ere, ezin da imajinatu ezer ez den zerbait, hura imajinatzen ari garenean zerbait egiten ari garelako, pentsatzen ari garelako eta oraindik ere zerbait geratzen delako.
- Ezereza termino logiko bat da: Ezereza nolabait badela baiezta daiteke, gutxienez aipa dezakegulako. Bide horretan, ezerezaren kontzeptua termino logiko bat bihurtzen da: existentziaren ukapena adierazteko. Ezereza edukirik gabeko egitura logikoa da, baina bada.
Metafisikaren Ikuskerak Nagusiak
- Monistak: Errealitatea, itxuraz plurala eta askotarikoa izan arren, printzipio edo elementu bakar batetik sortua dela diote.
- Pluralistak: Naturaren printzipioak askotarikoak direla diote. Hauxe da munduan ageri den pluraltasuna eta aniztasuna azaltzeko erarik sinpleena.
- Materialistak: Materian oinarritzen dute errealitateari buruzko azterketa. Uste dute errealitatea azaltzeko ez dela jo behar errealitate edo printzipio espiritualetara. Materialista gehienek ukatu egiten dute errealitate espiritualik izatea.
- Espiritualistak: Hauen ustez, printzipio materialak ez dira nahikoak errealitatea azaltzeko.