Minbiziaren Diagnostiko eta Tratamendu Prozedurak
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,2 KB
Gaixotasun neoplasikoek, Espainiako Estatuan hilkortasun tasa oso altua dute. Horregatik, oso garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra eta tratamendu eraginkorra aplikatzea. Neoplasia mota asko daude eta sailkapen desberdinak egin ohi dira: klasifikazioaren, lokalizazioaren eta histologiaren arabera; baita garapenaren, eboluzioaren eta pronostikoaren arabera ere. Dibertsitate handi honengatik diagnostiko oso ugariak egon daitezke. Diagnostiko bakoitzak bere tratamendu espezifikoa izango du, baina orokorrean hurrengo prozedurak aurkituko ditugu alta-txostenetan:
Minbiziaren Diagnostiko Prozedurak
Anamnesia eta esplorazio fisikoa egongo dira, beste gaixotasunetan bezala. Aurrekariak garrantzi berezia izango dute, bai familiarrak, baita pertsonalak ere; baita bizi-ohitura arriskutsuak ere. Ondoren, proba gehigarriak egingo dira:
- Odol analisia: alterazioak eta markatzaile tumoralak bilatzen dira.
- Irudi probak: erradiografia, tomografia konputatua, RMN, gammagrafia edo ekografia bidez.
- Inspekzioak: endoskopiak.
- Proba anatomopatologikoak: biopsiak (minbizia baieztatzen duen diagnostiko prozedura definitiboa). Biopsia, ehun-lagin bat hartu eta laborategian aztertzen da. Biopsia modu ezberdinetan hartu daiteke: kirurgia bidez, puntzio/aspirazio bidez (PAAF), besteak beste.
Minbiziaren Tratamendu Prozedurak
Minbizi motaren, graduaren eta minbiziaren estadifikazioaren arabera, tratamendu desberdinak ematen dira.
Tratamenduak helburuaren arabera
- Sendatzaileak: guztiz minbizia ezabatzen duena.
- Primarioa: minbizia gorputzetik ateratzen duena.
- Osagarria: minbizia gorputzetik atera aurretik edo ondoren geratzen diren zelula mutatuak ezabatzea edo tumorearen tamaina txikitzea bilatzen duena.
- Aringarria: sintomak arintzeko balio duena.
Tratamenduak prozedura motaren arabera
- Kirurgia: minbizia eragiten duten tumoreak edo tumore metastasikoak kentzeko erabiltzen da. Ez hori bakarrik, alboko egiturak ere kendu daitezke. Askotan erauzketa osoa ez da posible izaten, egitura kenduezinak inbaditzen dituelako, besteak beste.
- Erradioterapia: energia handiko erradiazio ionizatzailea erabiltzen du minbizi-zelulen DNAri kalte egiteko eta haren hazkundea gelditzeko. Modu lokalizatuan ematen da, tumorea dagoen eremu espezifikoan zentratuz, minbizi-zelulak suntsitzeko edo haien tamaina murrizteko helburuarekin.
- Kimioterapia: ahotik, zainetik eta ehunetan injektatzen diren farmakoak dira. Minbizi-zelulen hazkundea gelditzeko helburua dute, dela zatitzeko gaitasuna inhibituz, dela DNA suntsituz. Gorputz osoan banatzen dira minbizi-zelulei erasotzeko, baina zelula osasuntsuei ere eraso egin diezaieke.
- Immunoterapia: gorputzaren sistema immunologikoak erabiltzen du minbizi-zelulei aurre egiteko. Hori pazientearen erantzun immunea aktibatuz, indartuz edo modulatuz lortzen da, dela sistema immunologikoa estimulatzen duten sendagaiak erabiliz, dela gorputzean zelula immuneak sartuz.