Mitotik Logosera: Filosofiaren Jaiotza eta Bilakaera
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,05 KB
AZALPEN AURREARRAZIONALA: MITOA
Mitoak naturaz gaindiko izakiek (jainko-jainkosak, heroiak...) antzina egindako ekintza gogoangarrietan oinarritzen diren kontakizun sakratuak dira, gaur egungo mundua azaltzen dutenak.
Mendebaldeko kulturak oso gogoan izan ditu antzinako Greziako mitoak, eta, agian, horregatik dira ezagunenak. Baina, Greziako mitoez gain, beste kultura askotan ere antzeko kondairak izan dira. Mitoak munduko herri guztietan ageri dira; izan ere, mitoek geure buruari egiten dizkiogun galderen erantzunak ematen dituzte. Hainbat gairi buruzko azalpenak ematen dituzte mitoek; esate baterako, munduaren jatorria, bizitzaren zentzua, gizakiak nola agertu ziren Lurrean, landareen eta animalien itxura, naturaren zikloak eta heriotzaren ondorengo bizitza.
Mitoaren ezaugarriak:
- Pentsamolde Funtsgabea: Mitoak baieztapenak egitera mugatzen ziren, oinarritu gabe, inolako frogarik eman gabe. Esaten zuena izan zitekeen egia ala ez, baina ez zegoen modurik bere egiazkotasuna edo gezurrezkotasuna frogatzeko. Greziako mitoetan, adibidez, esaten zen lurrera erortzen ziren tximistak Zeusek jaurtitzen zituela haserre zegoenean, baina ez zen inolako frogarik ematen.
- Pentsamolde Antropomorfikoa: Mundua azaltzeko, lehen gizakiek beren motibazio eta bizipenak proiektatzen zituzten. Inguruneko gertaera guztiak (euria, eguraldi ona, ehiza ugaria, uzta txarra, etab.) eragiten zituzten izakiak jainkoak ziren, izatez «gizakiak bezalakoak» baina askoz ere ahaltsuagoak. Zeus, jainko guztien aita ia ahalguztiduna zen, baina haren portaera gizakienaren antzekoa zen.
- Indeterminista: Naturan gertatzen dena arbitrarioki gertatzen da. Alegia, gauzak ez dira gertatzen kausen eta legeen sistema erregular eta inpertsonal baten arabera.
- Bideratzailea: Mitoak jarraibideak ematen dizkigu gizakioi, nola jokatu behar dugun jakiteko. Besteak beste, errituak, eskakizunak, debekuak eta tabuak ezartzen dizkigu.
Ezaugarri horien ondorioz, pentsamolde mitologikoak ez zituen aztertzen gertaerak definituak eta teorien bidez elkarrekiko lotura izan dezaketen kontzeptu gisa; horren ordez, pertsonalizatu egiten zituen, sinetsirik gauza haien sortzaileak espiritu edo jainkoak zirela, gizakiak bezalako izakiak eta, hortaz, beren nortasun eta beren borondatez hornituak, baina askoz ere ahaltsuagoak.
Filosofia eta Zientzia: Antzekotasunak eta Ezberdintasunak
Esan dezakegu lehen filosofoak aldi berean lehen zientzialariak izan zirela. Ondorioz, bi jakintzek gaur egun oraindik partekatzen dituzten ezaugarri komunak dituzte: zientzia eta filosofia munduari buruzko egiak bilatzen dituzten bi jakintza arrazional eta sistematiko dira; eta biek dituzte aztergai partekatuak: errealitatea, bizitza, gizakia. Hala ere, XVI. mendetik aurrera gertatuko den iraultza zientifikoak eta zientzia modernoaren agerpenak bi jakintzaren banaketa ekarriko dute. Horren oinarria da egitate errealei buruzko hipotesiak egitea eta esperimentazioaren eta behaketaren bidez frogatzen saiatzea, egiazkoak edo faltsuak diren jakiteko. Zientziek gero eta gai zehatzagoak eta espezializatuagoak jorratzen dituzte, eta izaera bereko erantzunak bilatzen saiatzen dira. Horrek, alde batetik, zientziaren azken mendeetako garapen izugarria ekarri du. Zientziaren garapen honek filosofiaren edukiaren nolabaiteko murrizketa ere ekarri du, lehen filosofian lantzen ziren zenbait gai zientzien esku geratu baitira. Azkenik, esan dezakegu zientziak, oro har, fenomenoei erreparatzen diela, eta filosofiak, aldiz, gauzen errora jo nahi duela (erradikala da zentzu horretan), gaien mamia aztertu nahi duela. Gainera, zientziak ez bezala, filosofiak bere burua zalantzan jartzen du, bere jarduera propioaren oinarriaz kritikoki sutzen da. Baina izaera ezberdin horrek ez du esan nahi zientziak eta filosofiak gaur egun harremanik ez dutenik, baizik eta bi ezagutza-motek oraindik harreman estuak dituztela. Adibidez, filosofiaren adar batek metodologia zientifikoa eta zientziaren mugak aztertzen eta zalantzan jartzen ditu. Bestalde, filosofiak zientziek beren gogoetetarako egiten dituzten ekarpenez elikatzeko joera du. Gaur egun ezinezkoa da filosofia egitea diziplina zientifikoek egin dituzten aurkikuntzak eta ekarpenak kontuan hartu gabe.
Filosofiaren Sorrera
Mitosetik Logosera
Gizakiek beti izan dituztela gogoan munduari, bizitzari eta existentziaren zentzuari buruzko galdera garrantzitsuak, eta garai askotan mitoen bidez erantzun zaiela. XIX. mendean galdera horiei beste modu batean erantzuteko modu bat agertu zen: filosofia. Horregatik esaten da mitotik logosera igarotzea filosofiaren jatorrian dagoela, pentsamendu mitikoa pentsamendu arrazionalak ordezkatu baitzuen. Filosofiaren ezaugarria da, gainera, hasiera-hasieratik mitoen eta erlijioen azalpenetatik ihes egitea, ordura arte horiek izan baitziren jakintza-modu nagusia, eta beste era bateko azalpenak bilatzea. Mundu honetatik haratago dauden jainkoengana eta indar zoragarrietara jotzen dute unibertsoari buruzko hainbat galdera azaltzeko. Bestalde, filosofiak ez du jainkoez hitz egiten, gauzen kausak naturan bertan aurki daitezkeela uste baitu, eta ez naturaz gaindiko elementuetan. Mitoaren eta filosofiaren artean beste alde garrantzitsu bat dago. Mitoek ematen duten mundu-ikuskeraren arabera, jainko-jainkosen eta patuaren mende dago dena. Aitzitik, filosofiak, azalpen arrazionalak bakarrik aztertzen dituen heinean, naturak jarraitzen dituen legeak bilatzen ahalegintzen da. Ikuspegi arrazionaletik, errealitatea ez da kaotikoa edo kapritxoaren araberakoa; gizakiak ikertu eta ulertzeko gai diren legeak jarraitzen ditu. Laburbilduz, mitoak printzipio irrazionaletatik (naturaz gaindiko indarrak, izpirituak eta jainkoak) abiatuta azaltzen zuena filosofia arrazoiaren arabera azaltzen saiatu zen.
Filosofiaren Lehen Hastapenak
Mendebaldeko filosofia Antzinako Grezian sortu zen, Jonia eskualdean (Asia Txikia), K.a. VI. mendean. Antzinaroko filosofia K.a. VI. mendearen eta K.o. I. mendearen artekoa da eta Sokrates, Platon eta Aristoteles ditu ordezkari nagusiak. Lau aldi bereizten dira:
- Aldi Kosmologikoa (Naturaren Filosofia): Lehenengo pentsalariei, presokratikoak deitzen diegu. Presokratikoek naturaren (physis) jatorria azalduko zuen printzipio osagarria (arkhé) aurkitu nahi zuten.
- Aldi Antropologikoa (Gizakiaren Filosofia): Aldi honetan, gizakia bere buruaz hausnartzen hasi zen, kanpoko errealitateari behatzeari utzita. Sokrates izan arren etapa honen ordezkari nagusia, bera baino lehen sofistak (K.a. IV. mendea) aritu ziren gizakiari buruzko hausnarketa filosofikoetan.
- Sistema Handien Aldia (Aldi Epistemiko-Ontologikoa): Aldi honetakoak Platon eta Aristoteles ditugu. Bi filosofo horien sistemetan gai nagusi guztiak aztertzen dira: izatea, ezagutza, kosmologia edo fisika, etika, politika eta logika Aristotelesen kasuan.
- Aldi Helenistikoa (Filosofia Etikoa): Epikureismo eta Estoizismoa ditugu korronte filosofiko nagusiak (k.a. IV-III. mendeak). Filosofoek auzi etikoak zituzten aztergai eta filosofiaren helburua zoriontasuna ekar dezaketen jardueran eta bizierak formulatzean datza.
Zer da Filosofia?
Jakinduria-zaletasuna
Filosofiak dena zalantzan jarri nahi du (hor daukagu lehen definizio baten abiapuntua), eta, beraz, bere burua ere zalantzan jartzea dagokio. Abiapuntu gisa, filosofiaren jatorri etimologikora jotzen badugu, hitzaren jatorrizko esanahia aurkituko dugu: jakinduriarekiko maitasuna. Pitagorasek izen hori jarri zion, uste baitzuen filosofia ez dela egiaren jabe izatea, egiaren erakarpena sentitzea eta lortzen ahalegintzea baizik. Izan ere, jatorri horretatik harago, filosofia hitza zentzu ezberdinetan erabili da. Zentzu horretan, filosofiak hainbat pentsalarik denboran zehar sortu dituzten teoriak eta sistemak biltzen ditu. Hitzaren esanahi hori erabiltzen dugu, adibidez, norbait unibertsitatean filosofia ikasten ari dela esaten dugunean. Hala ere, filosofia hitzaren jatorrizko esanahia ez zen irakasgai edo diziplina bat, jarduera bat baizik. Jarduera bat bezala, filosofiak denoi sortzen zaizkigun galdera nagusiei erantzun arrazionalak bilatzen saiatzen da. Horrek problematizatzera eta zalantzan jartzera garamatza arrunttzat, segurutzat eta agerikotzat jotzen duguna, hots, jakituriarekiko gustua, adierazpenaren zentzu etimologikoan. Hala ere, filosofian benetan balio duena ikertzeko eta erantzun arrazionalak bilatzeko jarrera da. Horregatik filosofiak ezin digu erantzunen katalogo bat eman, geure kabuz pentsatzera behartzen gaituen etengabeko bilaketa bat baizik. Jarrera filosofikoak ziurtzat jotzen dugunaren baliozkotasuna zalantzan jartzea ere badakar.
Filosofiaren Ezaugarriak
Baina galdera bat egiten dugun bakoitzean ez gara filosofia egiten ari, galdera filosofikoak erantzun oso bereziak bilatzen dituelako. Erantzun filosofikoek arrazionalak, unibertsalak, erradikalak eta kritikoak izan nahi dute.
- Filosofiak erantzun arrazionalak bilatzen ditu.
- Filosofiak erantzun unibertsalak bilatzen ditu.
- Filosofiaren galderak erradikalak dira, gauzen funtsezko erantzunak eta zentzu sakona bilatzen saiatzen direlako.
Filosofia egiten dugunean, errealitatea nolakoa den azaltzen saiatzeaz gain, hori zergatik den azaltzen duen oinarrizko arrazoia argitzen saiatzen gara. Beste batzuek emandako erantzunak eztabaidatzea eta horrela gure pentsamendua egituratzea; horretan datza, hain zuzen ere, jarrera filosofikoa. Hala ere, lan bukaezina eta bukaezina izan arren, filosofiak ez du baliorik galtzen, gure kabuz pentsatzera behartzen gaituen etengabeko erronka baita.
Botere Politikoaren Jatorria eta Legitimazioa
Filosofia Politikoa
Filosofia politikoak zera du aztergai: batetik, gizartean bizitze hori nola antolatzen den, eta bestetik, orain arte gizartea antolatzeko izan diren moduak, bai eta orain arteko gobernu-moduak ere, egokienak izan ote diren.
Gizartea Antolatzeko Moduak
Gizartea antolatzeko moduak hainbat daude, eta gizakiok elkarrekin bizitzeak erraztu egiten digu bizirik irautea. Gizartean elkarrekin bizi izateak hizkuntza, kultura, sinesmen eta bizimoduak jabetzea ematen digu. Historian, gizartea hainbat modutan antolatu izan da, hala nola, antolaketa tribala, esklabista eta feudala. Gaur egun, gizarteak estatuetan oinarritzen dira.
Estatuaren Beharra eta Jatorria
Anarkisten esanetan, estatua aberatsek eta boteretsuek herria zapaltzeko erabiltzen duten bitartekoa da. Aldiz, estatua beharrezkoa da bi arrazoiengatik: legea betearazteko eta gizartearen ongizatea bermatzeko. Teoria kontraktualistak, estatuaren jatorria esplikatzeko erabil daitezke. Hauek XVII. mendean sortu ziren, eta, beren arabera, estatua akordio edo kontratu baten ondorioa da.
- Thomas Hobbes: Naturazko egoeran, indartsuenaren legea da nagusi.
- John Locke: Naturazko egoeran, gizakiak baditu berezko eskubideak: bizia, askatasuna eta jabetza pribatua.
- Jean-Jacques Rousseau: Naturazko egoeran, gizabanakoak libreak, berdinak eta onak dira. Gizarteak gizatxartzen ditu.
Botere Politikoaren Legitimazioa
Botere politikoaren legitimazioa gerta daiteke botereak indarrez inposatua izatea, baina indarrez inposatzea askoz eraginkorragoa da besteek onartzen eta aitorpena ematen dutenean. Max Weberren arabera, botere politikoa legitimatzeko hiru modu izan dira historian: legitimazio tradizionala, karismatikoa eta arraizional-legala.
Estatu-motak
Gizartea politikoki antolatzeko modu bezala ezagutzen den estatuak sortu ziren historiaren joanean, baina aldatuz joan dira. Aurreneko estatuak nagusiki autoritarioak ziren. Hurrengo ataleetan, estatu-modu nagusiak ikusiko ditugu.
Estatu Autoritarioa
Estatu autoritarioak boterea inolako mugarik gabe erabiltzen du. Bi estatu autoritario mota bereizten dira: estatua absolutista eta estatua totalitarioa. Faxismoa eta nazismoa estatu totalitario nabarmenak izan ziren.