Motor elektrikoak: Funtzionamendua, atalak eta motak

Clasificado en Tecnología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,43 KB

Makina elektronikoak

Sorgailuak

Energia mekanikoa kontsumituta energia elektrikoa sortzen dute.

  • Dinamoak: Korronte zuzena sortzen dute.
  • Alternadoreak: Korronte alternoa sortzen dute.

Transformadoreak

Hartzen duten korronte elektrikoa tentsio eta intentsitate desberdineko korronte elektriko bihurtzen dute.

Motor elektrikoak

Energia elektrikoa kontsumituta energia mekanikoa sortzen dute.

Motak: Korronte zuzenekoak, korronte alternokoak eta unibertsalak.

Magnetismoa

Imanek eta korronte elektrikoek beren inguruan eremu magnetiko bat sortzen dute. Iman batek bi polo ditu: Ipar poloa (I) eta Hego poloa (H). Eremu magnetikoak indar-lerroen bidez adierazten dira (Ipar polotik Hego polora).

Elektromagnetismoa

Korronte elektriko batek bere inguruan eremu magnetiko bat induzitzen (sortzen) du.

Definizioak

Solenoidea: hari eroalezko haril bat.

Elektroimana: hari eroalezko haril batek inguratutako burdinazko nukleo bat.

B: Indukzio magnetikoaren intentsitatea. Teslatan (T) neurtzen da.

Tesla bateko (1 T) indukzio magnetikoaren intentsitateak metro bateko (1 m) eroale batetik anpere bateko (1 A) korronte elektrikoaren intentsitatea pasatzen denean (eroalea indar-lerroekiko elkarzut izanik), newton bateko (1 N) indarra eragiten dio eroaleari.

Motor elektrikoaren atalak

Errotorea (Motorraren atal higikorra)

Burdinazko nukleo batean kiribilkatutako hainbat harilez (haril induzituak) osatuta dago. Harilen muturrak delga izeneko kobrezko orri batzuetara soldatzen dira. Delga guztiek kolektorea osatzen dute. Eskuilak eskuila etxeetan muntatuta daude eta kolektorearekiko etengabeko kontaktuan daude haril induzituari korronte elektrikoa hornitzeko.

Estatorea (Motorraren atal finkoa)

Eremu magnetikoa sortzen du. Burdinazko nukleo batean (poloak) kiribilkatutako harilez (haril induktoreak edo eszitatzaileak) osatuta dago. Burdinazko nukleo hori motorraren karkasari lotuta dago.

Motor elektrikoaren funtzionamendua

Motorra elikatze-iturriarekin konektatzean, korronte elektrikoak haril induktoreetatik zirkulatzen du, elektroiman bat sortuz eta eremu magnetiko bat ezarriz. Korronte elektriko honek, eskuilen eta kolektorearen bidez, haril induzituetatik ere zirkulatzen du. Haril induzituetatik korronte elektriko bat pasatzen denez eta eremu magnetikoaren barruan daudenez, haril induzituetan indar-pareak sortzen dira eta harilak biraraziko dituzte. Harilekin batera errotore osoa biratuko da.

Motor elektriko motak

Serie motorraren ezaugarriak

  • Abiatzeko unean motor-pare handia du.
  • Motorraren karga txikitzen denean, xurgatutako intentsitatea murrizten da eta motorraren abiadura asko handitzen da. Motorra hutsean (kargarik gabe) badabil, abiadura handiegia eta arriskutsua hartzen du (Adibidez: zulagailua).
  • Aplikazioak: Tren-makinak, tranbiak, trolebusak.

Shunt motorraren ezaugarriak

  • Abiatzeko unean duen motor-parea serie motorrarena baino txikiagoa da.
  • Motorraren karga txikitzen denean, xurgatutako intentsitatea murrizten da, baina motorraren abiadura oso gutxi handitzen da. Motorra hutsean (kargarik gabe) badabil, abiadura ia ez da aldatzen eta ez da arriskutsua.
  • Aplikazioak: Makina-erremintak (zulagailuak...).

Compound motorraren ezaugarriak

  • Abiatzeko unean ematen duen motor-parea Shunt motorrarena baino handiagoa da, baina serie motorrarena baino txikiagoa.
  • Motorraren karga txikitzen denean, xurgatutako intentsitatea murrizten da eta motorraren abiadura oso gutxi handitzen da. Motorra hutsean (kargarik gabe) badabil, abiadura ia ez da aldatzen eta ez da arriskutsua.
  • Aplikazioak: Tren-makinak, tranbiak, trolebusak eta makina-erremintak (zulagailuak...).

Funtzionamendua kargarekin eta kargarik gabe

Funtzionamendua kargarekin

Motorrak edozein objektu arrastatzen edo zama (karga) bati eusten dionean gertatzen da. Motorraren momentu eragilea eta zamaren momentu erresistentea berdinak dira. Funtzionamendu honetan motorrak dituen magnitudeak izendatuak deitzen dira.

Funtzionamendua hutsean

Motorrak ezer arrastatzen ez duenean eta ezeri eusten ez dionean gertatzen da.

Entradas relacionadas: