Musika eta Hezkuntza Aktiboa Haurtzaroan
Clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,55 KB
Musikaren Garrantzia Garapenean
Gaur egungo gizartean, musika edonon eta edonoiz entzun dezakegu. Jaio baino lehenagotik eta bizitza osoan zehar, pertzepzioan, sormenean eta komunikazioan laguntzen du. Musikan, soinuak sortu eta konbinatu egiten dira, eta bertan, bakoitzaren izaera nabarmentzen da. Garrantzitsua da haurra txikitatik soinuekin estimulatzea garapen ona izan dezan. Haurra, eskaintzen zaion musika-ingurunearen arabera, bere lehen bizitza-urtean musika-erantzun desberdinak emateko gai da. Horregatik, hezkuntzak musikaren garapenean eragin handia eta argia izan dezake.
Musika Hezkuntza Sisteman
Hezkuntzaren arloan, musikari eta arteari ez zaie behar adinako garrantzia eta denbora eskaintzen. Musika-jarduera desberdinen bidez ahalmen ugari garatzen dira, hala nola:
- Memoriaren garapena
- Antolaketa
- Arreta
- Parte-hartzea
- Talde-lana
Gainera, musikaren mundua aberatsa da eta aukera asko ematen dizkie haurrei beren garapen psikomotorra, hizkuntzarena, emozionala eta kognitiboa lantzeko.
Haurra Ikaskuntzaren Erdigunean
Haurrak musika ikertzeko eta aurkitzeko prozesuaren protagonista izan behar dira. Abestiak aukeratzeko aukera eta baimena izan behar dute, betiere beren interesetatik abiatuta; horregatik, programazioan malgutasuna izatea beharrezkoa da. Hau guztia kontuan hartuta, eta etorkizunean hezitzaileak izango garenez, ikuspegi zabal eta irekia hartu behar dugu.
Metodologia Tradizionalak vs. Aktiboak
Nire esperientzian oinarrituta, eskolan (hezkuntza-eremu formalean), musika bigarren mailako irakasgaia izan da, eta irakasleek erabilitako metodoak tradizionalak izan dira sarri, ebaluatzerakoan beti emaitzan oinarrituz. Horrek motibazio falta eta irakasgaiarekiko interes txikia sortzen zuen. Hori dela eta, Joanna Gloverrek dioen moduan, eskoletan ezarri beharreko ardatzak esanguratsuak izan behar dira; hau da, jolasaren bidez musikaren garrantzia txertatzen bada, haurrek musikarekin esperimentatzeko aukerak izango dituzte. Musika sortzeko eta arakatzeko unea eta garrantzia ematea funtsezkoa da. Honek lotura handia du Carol Gillandersek bere artikuluan aipatzen duen musika-metodoen panoramarekin, bizitzarako pedagogia aktibo bihurtzen baita.
Metodologia Berritzaileak: Schafer eta Paynter
Metodologia hauen barruan aipatzekoak dira Murray Schafer eta John Paynterren metodoak.
- Murray Schafer: Munduko soinu-paisaiaren sortzailea da. Haren ustetan, haurrei inguruneko soinu guztiak arakatzeko bidea eman behar zaie, geroago musika sortzeko. Hori dela eta, musika-klaseak soinu-munduaz kontzientzia hartzeko leku egokia bihurtzen dira, eta hiru jarduera-mota garatzen dira: entzutea, analisia eta sorkuntza.
- John Paynter: Murrayk dioenarekin lotura handia du. Haren ustez, musikaren bidez esperimentatu, manipulatu eta ikertu behar da. Horregatik, musika sormenaren curriculumeko oinarria izatearen alde dago.
Ikastaroaren Ekarpena: Ikuspegi Berritua
Ikastaro honetan musika-irakasgaian landutako edukiak ez datoz bat hezkuntza tradizionalaren eduki eta metodologiekin. Horrek lagungarria izan da gaur egungo hezkuntzarako oso garrantzitsua den beste ikuspegi bat lantzeko. Ikuspegi hori lantzeko, irakasleak zenbait ariketa eta jarduera proposatu ditu, esate baterako, sormena, adierazpena, instrumentuen erabilera eta erritmoa lantzeko. Proposatzen zituen ariketak beti gure beharretan eta gaitasunetan oinarritzen ziren, eta horrek musikari buruz beste ikuspegi bat izaten lagundu digu.
Baliabide Berritzaileak: Kotidiafonoak
Azkenik, etorkizunean haurrei baliabide berriak eskaini behar dizkiegu. Lauhileko honetan baliabide berritzaile batzuk ikasteko aukera izan dugu: kotidiafonoak. Hauek egunerokotasunean erabiltzen ditugun objektu eta materialekin sortutako musika-tresnak dira. Tresna bat sortzean, esperimentazioa eta ikerketa sustatzen dira, eta horrek ikaskuntza aktiboa eta parte-hartzailea bultzatzeko aukerak ematen ditu. Judith Akoschkyren esanetan, kotidiafonoen erabilera erantzun sortzaile asko izan ditzakeen baliabide ona izan daiteke, arakatzeko, esploratzeko eta ezagutzeko modu bat baita. Beraz, modu aktibo eta parte-hartzailean trebetasunak aberasten dira, eta musikaren arlo asko lantzen dira.